Ezpeletaren jauregiak umorea eta akrobaziak proposatzen ditu La Sincroren, The Corleones’s Banden bertsioen, La Raspa zirku-lantegiaren eta Demode Quarteten euskarazko ipuin musikalaren eskutik

Ezpeletaren jauregiak umorea eta akrobaziak proposatzen ditu La Sincroren, The Corleones’s Banden bertsioen, La Raspa zirku-lantegiaren eta Demode Quarteten euskarazko ipuin musikalaren eskutik
Gunea atari zabaleko jardueren agertoki bihurtu da abuztuan, hogei proposamen baino gehiago eskainiz

Ezpeletaren jauregian aurrera doaz aste honetan udako arratsaldeetarako kultur proposamenak, zikloetan antolatuta, edukien arabera: astelehen musikalak; asteartean, kaleko arteak; asteazkenean, familia guztiarendako musika, eta ostegunean, lantegiak eta eskulanak. Horrela, gunea atari zabaleko jardueren agertoki gisara finkatu da, abuztuko ilunabarrez eta gauez gozatzeko hogei proposamen baino gehiagoren bidez.

Esate baterako, aste honetan, astelehenean, hainbat artistaren abestien bertsioak entzuten ahalko dira The Corleone’s Banden eskutik; asteartean, La Sincro konpainiaren ‘Ohlimpiadas’ lana ikusten ahalko da, non dantza, akrobaziak eta umorea batu baitituzte; asteazkenean, Demode Quarteten ‘Porrutata, ez porru ez patata’ ipuin musikalaren Iruñeko estreinaldira bertaratzen ahalko gara, eta ostegunean, trapeziora eta oreka-kableetara igo, malabareak eta diaboloaren teknika ikasi edo trikimako gainean ibiltzen ahalko gara La Raspa zirku-lantegian.

Jarduera guztiak doan izanen dira, eta sarrera librea izanen da leku guztiak bete arte, ostegunetako haurrendako eta familiendako lantegiak izan ezik; horietan, aldez aurretik izena eman behar da Civivox sarean, 010 edo 948420100 telefonoetan edo www.pamplonaescultura.es webgunean. Lantegien edukia astero aldatzen da.

Egungo osasun egoeraren gaineko arauak kontuan hartuta, derrigorrezkoa da maskara erabiltzea. Barrutiko ateak 45 minutu lehenago irekiko dira. Gomendagarria da bertan egotea jarduera hasi baino ordu erdi bat lehenago, gunera era ordenatuan sartzeko.

Blues eta rock abestiak eta garbiketa egitea olinpiadak balira bezala

‘Bertsionatuz’ zikloak astelehenean emanen dio hasiera asteari, 20:00etatik aurrera, The Corleone’s Band taldearen emanaldiaz. Taldea Janis Joplin, Joe Cocker, Creedence Clearwater Revival, Dire Straits eta abarren rock bertsioak egiten hasi zen. Ondoren, saxofoi bat, tronpeta bat eta tronboi bat gehitu zitzaizkion taldeari, hura eta haren esentzia osatuz. Hortik aurrera, errepertorioan abesti “blues-rockeroagoak” sartu zituzten, hala nola Aretha Franklinen, Tina Turnerren eta Blues Brothersenak, edo ACDCren, Queenen eta, are, Michael Jacksonenak ere.

Asteartean, emanaldia 19:00etan hasiko da. Kaleko arteen txanda izanen da, eta La Sincro konpainiak ‘Ohlimpiadas’ lana taularatuko du. Lanak bi garbitzaileren istorioa kontatzen du: eguneroko errutinaz aspertuta, ametsen mundu batean sartzen dira, non beren lanaldia txapelketa olinpikoa balitz bezala telebistan ematen baita. Mundu absurdoa eta zentzugabea, Julia Lunaren off ahotsaren bidez kontatua, zeina esatari ezaguna baita TVEko munduko igeriketa txapelketan eta Joko Olinpikoetan. Egoerak bizi-bizi bilakatzen dira, hainbat teknika uztartzeari esker, hala nola dantza, akrobazia-porteak, eta, noski, umorea.

Ipuin musikala abeslariekin eta instrumentuekin zuzenean, eta proiekzioekin

Asteazkenean, 19:00etan ere, Demodé Quartetek ‘Porrutata, ez porru ez patata’ lanaren euskarazko bertsioa estreinatuko du Iruñean, ‘Musika familiartean arnastuz’ zikloan. Ipuin musikal honetan, Jolik, Santik eta Ikerrek zuzenean kontatu eta abestuko dute Porrutataren istorioa; tuberkulu bitxi hori ez da ez porru ez patata, eta, horregatik, baratze gehienaren diskriminazioa pairatzen du.

Bere istorioa kontatzeko, beren ahotsak eta instrumentuak erabiliko dituzte, eta baita proiekzio-pantaila bat ere, non marrazki orijinal batzuek, abeslarien ahotsaren bitartez, ilustratuko baitituzte txorimalo zahar eta xarmant batek kontatutako ipuin hunkigarri horren abestiak eta eszenak.

Trapeziora eta oreka-kablera igotzea, malabareak ikastea, trikimako gainean ibiltzea...

Beste aste batez, ostegunetan haurrendako eta familiendako lantegiak izanen dira. Oraingoan, lantegiak ‘Family friendly’ du izenburua, La Raspa zirkuaren eskutik. Proposamena ideia jakin batetik abiatzen da: familiartean jolasteak aukera ematen die txikiei zein helduei elkar ezagutzeko eta familia-loturak indartzeko, balioak eta jokamoldeak erakutsiz. Zirkua arte-diziplina perfektutzat jotzen du jolasaren bidez parte hartzen dutenek, balioak lantzeaz gain, jarduera fisikoa, ariketa, oreka eta psikomotrizitatea sustatu ditzaten.

Zirku-lantegian, aukeran, trapeziora igo, oreka-kablearen gainean ibili, mazoekin eta pilotekin malabareak egiten ikasi, diaboloarekin praktikatu, trikimako gainean ibili eta puzzleekin jolasean aritu daiteke. Eta amaitzeko, zirkuko ikuskizun bat taularatuko da, publiko zein artista gisa disfrutatzeko. 18:30etik 20.30era izanen da, aldez aurretik izena emanda 010 telefonoan, Civivox sarean eta www.pamplonaescultura.es webgunean.

Ezpeletaren jauregia. Kultur programazioa. Abuztuak 2 – 25

  • BERTSIONATUZ. KONTZERTUAK. Astelehena, 20:00
    • Abuztuak 16. THE CORLEONE´S BAND
    • Abuztuak 23. CORRECAMINOS ROCK&ROLL BAND
  • KALEKO ARTEAK. Asteartea, 19:00
    • Abuztuak 17. OHLIMPIADAS (LA SINCRO)
    • Abuztuak 24. CHEF NATURE (MARKELIÑE)
  • MUSIKA FAMILIARTEAN. Asteazkena, 19:00
    • Abuztuak 18. PORRUTATA-DEMODE QUARTET (EUSKARAZ)
    • Abuztuak 25. MUSAS Y FUSAS.
  • HAURRENDAKO ETA FAMILIENDAKO LANTEGIAK ETA JOLASAK. Osteguna, 18:30
    • Abuztuak 19. FAMILY FRIENDLY (zirku-lantegia) (LA RASPA)
¿Te ha sido útil esta página?