Hasi da familiendako jardueren azken astea Ezpeletaren jauregian, hiriko Alde Zaharrean. Gaur arratsaldean AK kolektiboak –Kaligramak eta Art Cinco– jolas librean burbugrafiarekin esperimentatzeko ‘Burbuila-unibertsoa’ zirkuitura hurbiltzea proposatuko die 5 urtetik gorako haurrei. Ingurua tamaina eta kolore guztietako burbuilaz beteko da, eta 18:30ean burbugrafiari buruzko berariazko lantegi bat eginen da. Sarrera librea da, baina jardueran zehar haurrek heldu batek lagunduta egon beharko dute.
Eta abuztuaren 23an, asteartearekin, proposamena kale-arteak izanen dira. Burgoseko Tiritirantes konpainiak, 19:00etan eta sarrera librearekin, zirkua, magia eta umorearen arteko sinbiosi bat taularatuko du ahozko tradizioaren bi pertsonaiaren bidez: Birly eta Birloque. Biek Paraíso hotelean lan egiten dute, garai hobeagoak bizi izan zituen establezimenduan. Akrobaziek, malabarismoek eta monozikloek lagunduko dute doako ikuskizun hori; 60 minutu iraunen du, gutxi gorabehera, eta haurrei zuzenduta dago. Zirku eta antzerkiko Tiritirantes konpainiak 2004an ekin zion bere ibilbideari, eta haur eta gazteendako zirku-eskola bat du.
Azkenik, asteazkenean, hilak 24, zikloaren azken hitzordua izanen da, ORT taldeak eskainiko duen ‘Música de lo insólito’ kontzertuarekin; hirukoteak bere burua “orquesta reusónica” gisa izendatzen du, berrerabiltze-kontzeptuan inspiratzen den hitza. Ikuskizuna bidaia bat da: musikan barna, tradizionalenetik hasi eta jazza arte, eta hainbat historiatan barna, aztarna ekologikoa murrizten laguntzeko xedez. Kontzertu horrek, zehazki, itsas ekosistema du ardatz. Taldekideak ezohiko objektuekin lan egiten eskarmentu handia duten hiru musikari dira, haiek sortutako instrumentuekin egindako kontzertu batean biltzen direnak.
Agertokian honako hauek egonen dira: Rocco Papìa, konpositore, instrumentista eta abeslaria; Xavi Lozano, irrati eta telebistako musika-hezkuntzako programetan kolaboratzaile izateagatik ezaguna, eta Antonio Sánchez Barranco, Silvia Pérez-Cruz, Maria del Mar Bonet eta Miguel Poveda artistekin aritu den perkusionista. Topaketa paregabea eta ezberdina da, eta entzuleak sentsibilizatu nahi ditu musikan hondar-objektu eta -materialak sormenez berrerabiliz.
Iruñeko Udalak Civivox sarearen bidez abuztuaren 2tik 24ra egindako ziklo honetan, honako hiru ardatz dituzten ikuskizunak programatu dira: kale-arteak, familiendako musika-topaketak eta lantegi eta jolasendako guneak. Lau astetan zehar familiei zuzendutako doako 15 proposamen egiten ari dira, hala nola ikuskizunak, lantegiak eta instalazioak.