Astearen amaierak zinemako hiru gau ekarriko ditu Buztintxuriko, Arrotxapeko eta Milagrosako parkeetara. Hiru agertokietarako, uda honetan izango dituzten bi saioetako lehena izango da. Proposamenak ordenagailuz egindako bi film, familientzat, eta fantasia-film bat izango dira, hurrenez hurren. Zinema-gauak zikloko proiekzio guztiak bezala, filmak 22:00etan hasiko dira, atari zabalean, eta sarrera librea da.
Asteazkenean, abuztuak 7, Buztintxuriko pasealekuan, Coco (2017, AEB, 106 min) proiektatuko da, Pixar faktoriako filma, giroan, bilbean, pertsonaiengan zein soinu-bandan (La llorona) Mexikoko ohiturak eta ikonografia islatzen dituena, Hildakoen Egun ospetsuaz bezainbatean. Cocok Miguel Rivera du hizpide, 12 urteko mexikarra: kantari ospetsu bihurtzea du amets –familia aurka duelarik–, bere idolo Ernesto de la Cruzen gisan. Aintzatespen hauek jaso zituen filmak, esaterako, 11 Annie sari, bi Oscar, BAFTA bat eta Urrezko Globo bat.
Ostegunean, abuztuak 8, Iruñeko Udalak Arrotxapera eramango du proiektagailua. Bertan Paddington 2 (2017, Erresuma Batua, 104 min) filma proiektatuko da, peluxezko hartz ospetsuaren bigarren emanaldia, eta euskaraz izango da. Paddingtonek Lucy izebari oparia egin nahi dio, 100 urte beteko baititu. Baina guztia nahasiz joango da... Zerrenda osatzen duten benetako aktore batzuk dira Hugh Grant, film barregarrietan agertu ohi dena, eta Sally Hawkings.
Azken horrek protagonista izaten jarraituko du ondoko egunean, Guillermo del Tororen La forma del agua (2018, AEB, 123 min)filma ikusgai egongo baita. Film horretan egindako antzezpenari esker, hainbat sari jaso zituen Hawkings-ek. Horixe izango da, hain zuzen, ostiralerako, abuztuak 9, proposamen zinematografikoa Milagrosako Felisa Munárriz plazan. Filmaren bilbea ezohiko maitasun-istorioa da, gerra hotzeko Iparramerikan, 60ko hamarkadan. El laberinto del Fauno filmeko zuzendariaren unibertso ikonografiko bereziaren adibide on bat da filma. Filmak lau Oscar, bi Urrezko Globo, Veneziako Zinema-jaialdiko Urrezko Lehoia eta hiru BAFTA sari irabazi zituen, besteak beste.
2019KO ZINEMA-GAUAK. DATOZEN SAIOAK
- Abuztuak 7, asteazkena
Coco (2017, AEB, 106 min)
Buztintxuriko pasealekua
- Abuztuak 8, osteguna
Paddington 2 (2017, Erresuma Batua, 104 min) Euskaraz
Maiteminduen parkea
- Abuztuak 9, ostirala
La forma del agua (2018, AEB, 123 min)
Felisa Munárriz plaza