
Iruñeko Udalak eta Karrikiri elkarteak euskararen eta sorkuntza literarioaren inguruko lau jarduera antolatu dituzte elkarlanean. Zehazki, bost libururen aurkezpena eginen dute, eta horietako bi olerkienak dira. Datorren ostegunean hasi eta maiatzaren 14ra arte iraunen du zikloak, eta arratsaldez eginen dituzte aurkezpenak, Karrikiri elkartean (Xabier kalea 4, Alde Zaharra). Sarrera librea izanen da, leku guztiak bete arte.
Ostegunean Irakurketaren aldeko manifestua aurkeztuko dute, 19:30ean. Irene Vallejok idatzi du liburua, eta Fernando Reyk itzuli. Itzultzailea ekitaldian egonen da, Uxue Razquin aurkezlearekin batera. Irakurketa eta literatura izanen dituzte hizpide, eta irakurzaletasuna gai nagusi. Aukera bikaina izanen da euskarazko literatura bultzatzeko eta eztabaida aberasgarriak entzuteko.
Bigarren aurkezpena apirilaren 29an izanen da, 19:30ean: Egile berriendako literatur lehiaketa 2024 aurkeztuko dute, Egile berriendako literatur lehiaketan saritutako lanen bilduma. Saria eskuratu duten egileek parte hartuko dute, eta beren lanei buruz hitz eginen dute. Uxue Reyk gidatuko du saioa. Parada paregabea izanen da belaunaldi berrien sormen literarioa ezagutarazteko.
Hirugarren saioan poesia izanen da protagonista, maiatzaren 13an, 19:00etan. Pamielak argitaratutako bi poema-liburu aurkeztuko dituzte: Iker Aranberri Sarasuaren Apurkinak eta Oihane Zuberoa Garmendiaren Baden Verboten. Biek ala biek egilearen ikuspegi propioa azaleratzen dute, hausnarketa poetikoen eta irudi indartsuen bidez, eta ondo zaindutako hizkera darabilte biek, egunerokotasunaren eta norberaren baitako munduaren artean dantzan. Liburuak aurkezteaz gain, bi egileek solasaldi bat eginen dute gaur egungo poesiaren inguruan.
Azkenik, maiatzaren 14an (asteartea), 19:00etan, Miren Agur Meabek bere azken lana aurkeztuko du: Amorante frantsesa. Miren Agur Meabek pisu handia du euskal literaturan, eta Txalapartak argitaratu dio azken eleberria. Istorio pertsonal bat da, sakona benetan, eta maitasuna, identitatea eta emakumearen begirada korapilatu egiten dira. Egilea saioan izanen da, eta helburua da testua sortzeko prozesuaz, gai nagusiez eta literatur estiloez hausnartzea: aukera bikaina literaturaz gozatzeko.
2025EKO UDABERRIKO JARDUERAK
• Irakurketaren aldeko manifestua liburuaren aurkezpena
o Data eta ordua: apirilak 24, osteguna, 19:30
o Tokia: Karrikiri Elkartea (Xabier kalea 4)
o Parte-hartzaileak: Fernando Rey (itzultzailea) eta Uxue Razquin (aurkezlea)
• Egile berriendako lehiaketa 2024 liburuaren aurkezpena
o Data eta ordua: apirilak 29, asteartea, 19.30
o Tokia: Karrikiri Elkartea (Xabier kalea 4)
o Parte-hartzaileak: Aurten saria eskuratu dutenak eta Uxue Rey (aurkezlea)
• Bi olerki-libururen aurkezpena: Apurkinak eta Baden Verboten
o Data eta ordua: maiatzak 13, astelehena, 19:30
o Tokia: Karrikiri Elkartea (Xabier kalea 4)
o Parte-hartzaileak: Iker Aranberri Sarasua eta Oihane Zuberoa Garmendia
o Argitaletxea: Pamiela
• Amorante frantsesa liburuaren aurkezpena
o Data eta ordua: maiatzak 14, asteartea, 19.00
o Tokia: Karrikiri Elkartea (Xabier kalea 4)
o Parte-hartzailea: Miren Agur Meabe
o Argitaletxea: Txalaparta