
Sarasate pasealekuari eta Iruñeko sorginei buruzko historia jorratuko dituzte euskarazko hiru ibilaldi gidatutan: Udalak eta Nafar Ateneoak antolatu dituzte, ekaineko lehenengo hiru asteazkenetan. Bi entitateak elkarlanean ari dira euskarazko kultur programa martxan jartzeko: besteak beste, hitzaldiak, musika-emanaldiak, errezitaldiak eta ikus-entzunezkoen emanaldiak antolatu dituzte. Ibilaldi gidatuak doakoak dira, eta aurrez izena eman beharko da euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita.
Sarasate pasealekuari buruzko bisita ekainaren 4an eta 11n eginen dute, asteazkenarekin. Egungo pasealekuan barna ibiliko dira: behinola lokazti bat izan zen eremu hori, eta San Nikolas burguko harresiko lubanarroa estaltzen zuen. XVI. mendean harresi berri bat eraiki zuten, eta ondorioz, lubakia estali zuten, eta Alde Zaharraren muga bihurtu. 1853tik aurrera ofizialki Valentzia kalea jarri zioten izena, baina urte batzuk lehenagotik zetorren izen hori: antza denez, Prudencio Valencia eskribauaren omenez jarri zioten izen hori.
Udalak 1903an kale hori bulebar izatea ukatu zuen arren, pasealeku izan zedila onartu, eta gunearen izena aldatu zuen: Pablo Sarasate jarri zion izena, musikari eta konpositore iruindarraren omenez. Gunearen beste aldeko muga gaur egungo parlamentua zen, baina beste eraikin bat zegoen garai hartan. Gamazada ere garai horretan gertatu zen, eta gertakari historiko horren isla da pasealekuko Foruen monumentua. Jabier Mangadok gidatuko ditu bisitak, eta 17:00etan hasiko dira, Foruen Monumentutik abiatuta.
Iruñeko ibilaldi gidatuen programari amaiera emateko, sorginei buruzko bisita bat antolatu dute ekainaren 18rako, asteazkenarekin. Irati Zurbano Zuazo arituko da gidari-lanetan: historialaria da, eta Zugarramurdiko Sorginen Museoarekin elkarlanean ari da; Aro Modernoan gertatu ziren sorginen ehizaldien bereizgarri diren salaketak, epaiketak, erreketak, torturak, erbestealdiak, pobrezia eta marjinazioa izanen ditu hizpide; nafarrek gertakari horiek nola bizi izan zituzten azalduko du, eta ehizaldiaren lekuko izan ziren Iruñeko lekuetan barna ibiliko da. Ibilaldia 17:00etan hasiko da, eta Taconerako San Nikolas portaletik irtengo dira.
EUSKARAZKO IBILALDI GIDATUAK
Ekainaren 4an (asteazkena), 17:00etan. Foruen Monumentutik abiatuta
o Sarasate pasealekuaren historiari buruzko I. ibilaldia. Gidaria: Jabier Mangado
o Izen-ematea, doan, euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita
Ekainaren 11n (asteazkena), 17:00etan. Foruen Monumentutik abiatuta
o Sarasate pasealekuaren historiari buruzko II. ibilaldia. Gidaria: Jabier Mangado
o Izen-ematea, doan, euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita
Ekainaren 18an (asteazkena), 17:00etan. Taconerako San Nikolas portaletik abiatuta
o Sorginen historia. Gidaria: Irati Zurbano Zuazu
o Izen-ematea, doan, euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita