Heldu den astean Udalaren zinema-emanaldiak azken txanpan sartuko dira, Zinema-gauak zikloko lau filmen emanaldiekin. Alde Zaharrean, Txantrean, Iturraman eta Milagrosan izanen dira hitzorduak. Ostegunean, proiektorea itzaltzen denean, 22 izanen dira uztailaren 30etik aurrera herritarrei eskainitako filmak.
Gauero, astelehenetik ostiralera, film luze ezberdin bat, hainbat genero biltzen dituen eta kasurik gehienetan familiendako, haurrendako eta gazteendako pentsatutako diseinua duen ikuskizun-sail baten barruan. Egunetik egunera aldatu egin ohi da proiekzioen lekua, baina ordua beti bera izaten da, gaueko 22:00etan, behin ilunduta. Udako aisialdiko programa hau –Civivox sarearen bidez gauzatzen dena–, 1997an jarri zen abian, hasieran bederatzi zinema-saiorekin; urte hauetan zehar, proposamenak aldatzen joan dira, bai hedadurari eta kokapenari dagokienez, bai gaiei dagokienez, gaur egun duen garrantzia hartzera iritsi arte.
Irati’ (Espainia, 2022, 111’); ‘Ruby: Aventuras de una kraken adolescente (AEB, 2023, 90’); Como Dios manda (Espainia. 2023, 99’) eta ¡Vaya vacaciones! (Espainia, 2023. 90 '), izanen dira heldu den asteko astelehenean, asteartean, asteazkenean eta ostegunean, hurrenez hurren, programan proiektatuko diren azken lau filmak.
Lehen filma, Irati, euskaraz proiektatuko da, filmatu zen hizkuntzan, abuztuaren 26an, astelehenarekin, San Frantzisko plazan. Datorren asteko lauetatik komedia bat ez den bakarra da. Fantasiazko film epiko bat da, eta VIII. mendeko Erdi Aroko eszenatoki batean kokatzen da. Mitologiak pisu handia hartzen duen film bat da, halaber. Europan zehar kristautasuna hedatzen ari da, sinesmen paganoak desagertzen diren bitartean. Karlomagnoren armadak Pirinioak zeharkatzean egindako erasoaren aurrean, ibarreko buruzagiak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati, baina itun orok du bere prezioa. Paul Urkijo Alijok hartu zuen Araba Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa eta Huescako hainbat lekutan filmatu zen eta soinu-banda indartsua duen film hori zuzentzeko ardura. 5 Goya saritarako izendatua, filmak Publikoaren saria eta Efektu berezi onenen saria eskuratu zituen Sitgesen 2022ko Kataluniako 55. Nazioarteko Zinema Jaialdian.
Hiru komedia-gau
Ruby: Aventuras de una kraken adolescente (AEB, 2023, 90’) animaziozko komedia fantastikoa da. Ruby Gillman neska goxo eta pixka bat baldarrak 16 urte ditu eta Oceanside High institutuko ikaskideekin ongi moldatu nahi du. Uretan sartzeko debekua urratzen duenean, Rubyk deskubritzen du Kraken herriko erregin gerlari handien oinordeko dela eta bere patua amona zorrotzaren tronua hartzea dela, Zazpi Itsasoetako Erregina Gerlariarena, hain zuzen ere. Adin guztietako ikusleendako film hori abuztuaren 27an, asteartearekin, proiektatuko da Txantreako Arriurdiñeta plazan.
Abuztuaren 28an, asteazkenarekin, Iturramako bulebarrean piztuko da Udalaren proiektorea 7 urtetik gorakoendako Como Dios manda (Espainia, 2023, 99) filma emateko. Leo Harlem eta María Morales dira protagonistak, Paz Jimenezen zuzendaritzapean. Ogasun Ministerioko funtzionario zorrotz bat, bizitzak ordena naturala, hierarkikoa eta mugiezina duela uste duena, Berdintasun Ministeriora joanen da. Bertan, haren estereotipo guztiak goitik behera eroriko dira.
Azkenik, 2024ko zikloari amaiera emateko, Zinema-gauak zikloa Milagrosako Alfredo Floristan plazan izanen da Víctor García Leónen ¡Vaya vacaciones! filmarekin (Espainia, 2023, 90 '). Tito Valverdek, Gracia Olayok eta Toni Acostak, besteak beste, aitona-amona zaintzaileen eta ardurapean dituzten biloben arteko liskar bat antzezten dute; izan ere, tarteko katebegiak, seme-alabek, gezurra esan dute beren seme-alabekin gelditu ordez Balira oporretara joateko.
2024KO ZINEMA-GAUAK ZIKLOKO AZKEN FILMAK
- Abuztuak 26, astelehena
- Irati (Espainia, 2022, 111’) Euskaraz
- 16 urtetik gorakoendako
- San Frantzisko plaza. Alde Zaharra
- Irati (Espainia, 2022, 111’) Euskaraz
- Abuztuak 27, asteartea
- Ruby: Aventuras de una kraken adolescente (AEB, 2023, 90’)
- Adin guztietako ikusleendako.
- Arriurdiñeta plaza. Txantrea
- Ruby: Aventuras de una kraken adolescente (AEB, 2023, 90’)
- Abuztuak 28, asteazkena
- Como Dios manda (Espainia, 2023, 99’)
- 7 urtetik gorakoendako
- Iturramako bulebarra
- Como Dios manda (Espainia, 2023, 99’)
- Abuztuak 29, osteguna
- ¡Vaya vacaciones! (Espainia, 2023, 90’)
- 7 urtetik gorakoendako
- Alfredo Floristán plaza Milagrosa
- ¡Vaya vacaciones! (Espainia, 2023, 90’)