
Azaroaren 22an, ostiralarekin, eginen den Osoko Bilkura berezian eztabaidatuko da Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean euskararen erabilpena arautzen duen Ordenantza berriaren hasierako onespenari buruz. Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du 1997ko ordenantza –aurtengo ekainera arte indarrean egon zena– ia osorik berreskuratzen duen araudi berriaren testua. Bihar, asteartearekin, testua Herritarren Aferen Batzordean eztabaidatuko da, Osoko Bilkurara eraman baino lehen.
Enrique Maya Iruñeko alkateak eta María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak Ordenantzaren proiektuaren xehetasunak azaldu dituzte. Testua eta horren garapena bat datoz Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean ezarritako printzipio eta xedapenekin, baita hura garatzeko erregelamenduan –103/2017 Foru Dekretuan onetsia– jasotakoarekin ere. Testuak herritarren eskubideak bermatzen ditu, betiere eremu mistoari dagozkion baldintzekin bat, Iruña eremu horretan baitago. Erredakzioan, gaiaren inguruan Nafarroako Kontseiluak eta justizia-auzitegiek ezarritako doktrina aintzat hartu da.
Proiektuan bertan jasotzen den bezala, onetsitako dokumentuak “ez du elebitasun osoa inposatzen administrazioen arteko harremanetan, eta, ostera, hizkuntza baten edo bestearen erabilera hartzailearen nahien araberakoa izanen da; halaber, Udalari euskaraz zuzentzeko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko eskubidea bermatzen du, baina horrek ez du berekin ekarriko hizkuntza dakitenentzat bakarrik mugatutako ezin konta ahala lanpostu sortzea; orobat, Udalaren irudian elebitasuna arautzen da, modu orekatuan eta bereizketa eginez informazioaren jomugaren arabera, eta ez inolako bereizketarik egin gabe, indarreko arauak egiten duen bezala”.
Halaber, testu berriak “euskararen presentzia doitzen du publizitate-iragarkietan, guztizkoaren % 25era bitarte, erabilera-ehunekoa gaindituta baina indarreko arauak ezartzen duen % 100eko presentzia nahitaezkoa saihesturik; halaber, lanpostuak betetzean euskararen balorazioa hautazkoa izatea jasotzen du, indarreko arauak ezartzen duenaren kontrara, horretan nahitaezkoa baita, eta, azkenik, euskararen ezagutza behar duten lanpostuak egonen direla aurreikusten da, bai, baina ez oro har”.
Zazpi kapitulu, 27 artikulu eta bi xedapen gehigarri
Ordenantzaren proiektuak zazpi kapitulu ditu, 27 artikulu eta bi xedapen gehigarri. Ordenantzaren kapituluetan honako hauek deskribatzen dira: aplikazio-eremua Iruñeko Udalari eta haren menpeko erakunde autonomoei zuzenduta; administrazioen arteko harremanak; herritarren eskubideak; Udalaren kanpo-irudia; langileak eta barne-funtzionamendua, eta euskara sustatzeko ekintzak. Xedapen gehigarrietan zehazten da “ele bikoa” eta “bi hizkuntza” terminoen esanahia, eta hizkuntza-paisaia delakoa arautzen da (kale-plaken, seinaleen, kartelen eta abarren errotulazioan).
Testuak ezartzen du herritarrek “Iruñeko Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz zuzentzeko eskubidea dutela”. Euskaraz idatziz zuzentzea aukeratuz gero, “ele bitan erantzunen zaie”. Udal administrazioari ahozkoan euskaraz zuzentzea aukeratzen dutenei “hizkuntza horretan erantzunen zaie”. Administrazioen arteko harremanei dagokienez, Iruñeko Udalak beste administrazio publikoei igortzen dizkien agiri, jakinarazpen eta adierazpen administratiboak, “oro har, ele bitan idatziko dira”, baldin eta administrazio horiek eremu euskaldunean edo euskara hizkuntza ofiziala den erkidegoetan badaude. Beste edozein eremutako administrazioei, berriz, “ele bitan eginen die Iruñeko Udalak, betiere beste administrazioak gisa horretan eman badio hasiera harremanari”.
Ordenantzaren proiektu berriak adierazten du Udalaren plantilla organikoan zehaztuko dela zer lanpostutan jakin behar den euskara, eta, kasu bakoitzean zehaztuko da zeregin zehatz hori betetzeko behar den euskara-maila. Euskarazko profila ez duten lanpostuetarako Udalak egiten dituen lan-deialdietan, euskaraz jakitea “merezimendu gisa baloratzen ahalko da, eta balorazioa aukerakoa izanen da”. Euskararen balorazioa “Europako Batasuneko beste edozein hizkuntza jakiteari emanen zaiona baino % 25 handiagoa izaten ahalko da, betiere lanpostuaren ezaugarriekin bat justifikatzen bada”.
Hamabi iradokizun-agiri aldez aurretiko kontsultan
Iraileko bigarren hamabostaldian egin zen Euskararen Ordenantzaren aldaketari buruzko derrigorrezko kontsulta publikoa, aldez aurreko pausoa izan dena gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrean onetsi den araudia osatzeko. Aldez aurretiko kontsulta publiko hauek xede dute gerora eginen den araudi-aldaketak (kasu honetan, Euskararen Ordenantzarena) ukitu ditzakeen herritarren eta erakunde ordezkagarrienen iritziak jasotzea.
Iruñeko Udalak, www.pamplona.es webgunearen bidez, hamabi iradokizun-idatzi jaso zituen, eta, horietako batzuk, hainbat proposamen eta iruzkin egin zituzten ordenantzaren proiektuaren inguruan. Iradokizun horiek txosten batean jaso dira, eta zehaztu da onartuak edo baztertuak izan diren, betiere Udalaren Aholkularitza Juridikoak egindako txostenean eta ordenantza berriaren proiektuan jasotakoa oinarri hartuta.
Aldez aurretiko kontsulta honetan Euskararen Ordenantza aldatzeko beharra eta egokitasuna aipatzen ziren. Aldaketa beharrezkotzat jotzen da “ezin delako mantendu funtzio publikorako sarbidearen esparruko araubide bat non eta hori Espainiako konstituzioak aukera-berdintasunerako berme gisa ezarritako berdintasun-printzipioarekin nekez bateragarria baita”. Aldaketaren behar hori honako beste argudio honetan oinarritzen zen: “indarrean den araudia ez dator bat Iruñeko errealitate soziolinguistikoarekin, eta horixe da Euskararen Foru Legean ezarritako zonakatzearen oinarria”.
Egungo ordenantzaren hasiera bateko onespena 2019ko otsailaren 7an izan zen, eta behin betikoa, urte bereko maiatzaren 2an. Maiatzaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta ekainaren hasieran sartu zen indarrean, behin igarota legeak horretarako ezartzen dituen hamabost egunak. Aurreko ordenantza 20 urte baino gehiagoz egon zen indarrean. 1997ko irailean onetsi zen, eta bi hamarkada horietan lau aldiz aldatu zen egokitzen joateko.