
Iruñeko Udalak beste epe bat ireki du euskara ikasteko dirulaguntzak emateko deialdian. Urriaren 1era arte eskaerak aurkezten ahal dira B modalitaterako, zeinak uda honetan eta irailaren 30era arte egindako ikastaroak barne hartzen baititu. B modalitateak 8.000 euroko aurrekontua du.
Deialdiak xede du herritarren parte-hartzea sustatzea euskara ikasteko eta hobetzeko ikastaroetan. A modalitateak 2024ko urritik 2025eko ekainera egindako ikastaroak barne hartzen ditu eta aurkezteko epea udaren hasieran amaitu zen. Bi modalitateetan hainbat motatako ikastaroak onartuko dira: ikastaro estentsiboak, ikastaro trinkoak, barnetegiak, online ikastaroak eta tutoretzapeko autoikaskuntza-ikastaroak. Dirulaguntza jaso ahal izateko ikastaroak honako hauek antolatu beharko dituzte: Administrazioaren menpeko euskararen irakaskuntzarako zentroek (Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi publikoa), helduek euskara ikasteko zentro pribatu homologatuek eta unibertsitateek.
Laguntza eskatu ahal izateko, 16 urtetik gorakoa izan behar da, edo 2025ean 16 urte bete behar dira, eta bai ikastaroa hastean, bai ikastaroak iraun bitartean Iruñean erroldatuta egon behar da. Baldintza hori betetzen ez bada diruz lagundutako ikastaro osoa egiten den bitartean, laguntzaren zenbatekoa murriztu eginen da Iruñean erroldatuta egon ez den denboraren proportzioan. Gainera, gutxienez ikastaroko ikastorduen % 75era joan behar da. Online ikastaroetan egindako orduen irizpide proportzionala kontuan hartuko da, ikastaroaren mailaren arabera.
Gehienezko dirulaguntza eta diruz laguntzen ahal diren gastuak
Dirulaguntza, gehienez ere, egindako gastuaren % 80 izanen da. Dirulaguntzak ezin izanen ditu 500 euro gainditu egindako ikastaro bakoitzeko, hiru ikastaro eginez gero gehieneko muga 1.400 eurokoa izanen da, eta, hiru baino gehiago egitekotan, muga 4.000 eurokoa izanen da. Eskaerak eskabidearen edo PDF formatuko eskabidearen (telematikoki egitekotan) bidez egin beharko dira, Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak ezartzen dituen beste edozeinetan.
Zehazki, deialdi honen ondorioetarako, honako gastu hauek diruz laguntzen ahalko dira: ikastaroaren matrikularen zenbatekoa eta barnetegi batean eginiko egonaldiaren zenbatekoa. Honako gastu hauek ez dira inoiz ere diruz lagunduko: azterketa-tasak, liburuak eta beste edozein material didaktiko, ez eta ikastegira egindako joan-etorriek eragindako gastuak ere.