Pilota eztabaidaren ardatz izanen da Iruñean, azaroaren 12an, Euskal Pilotaren Nazioarteko lehen Biltzarraren karietara. Hitzordua Labrit pilotalekuan izanen da, eta bertan aukera egonen da nazioarteko eta hainbat jakintza-esparrutako ahotsekin pilotaren etorkizunari buruz solas egiteko. Biltzarra sei eztabaida-mahairen inguruan egituratuko da. Mahaietako bakoitza esparru jakin bati lotuta egonen da, betiere pilota ardatz hartuta. Hala, alderdi hauei helduko zaie: osasuna eta pilotaren inguruko teknologia, hezkuntza, tradizioa, emakumeek kirol horretan izan duten presentzia eta komunikabideek euskal pilota herritarren artean hedatu eta ezagutzera ematerakoan duten eginkizuna.
Joseba Asiron Saez Iruñeko alkateak eta Andrea Lusarreta Monreal Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariak eskaini dituzte biltzarrari buruzko azken datuak. Biltzarrera joateko interesa dutenek Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarreko webgunearen bidez eman beharko dute izena. Sarrera doan da.
Biltzarra goizeko 09:00etan hasiko da eta arratsaldeko 17:00ak arte iraunen du; pilotarekin modu batean edo bestean zerikusia duten hamarnaka pertsona bilduko dira Labrit pilotalekuan. Lehenengo hitzordua Osasuna, teknika eta teknologia pilotan izeneko mahai-ingurua izanen da. Raquel Micó Sanchezek moderatuko du, eta honako hauek parte hartuko dute: Egoitz Carrión prestatzaile fisiko eta kirol-entrenatzaileak, Mikel Izquierdo Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun eta Navarrabiomed-eko E-FIT taldeko ikertzaile nagusiak eta Oscar Insausti pilotari ohi eta Espainiako Euskal Pilota Federazioko kirol-zuzendariak. Askotariko gaiak jorratuko dituzte, hala nola errendimendua osasunaren eta kirolaren ikuspegitik, kirolarien prestakuntza fisiko eta psikologikoa eta berrikuntzak materialetan, tresnetan eta ekipamenduan.
Ondoren, euskal pilota hezkuntza-sisteman txertatzea, pilotaren hezkuntza-balioak eta txikienak pilotan aritzea izanen dituzte hizpide Hezkuntza, pilotaren etorkizuna mahai-inguruan, Santiago Lesmes-en gidaritzapean. Honako hauek parte hartuko dute solasaldian: Evelin Murgui Euskal Ikasketetan doktore eta Comission Xareko eta Frantziako Euskal Pilota Federazioko kideak; Oidui Usabiaga Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziadun eta Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntza Zientzietako doktoreak; eta Yannick Hernández Bordeaux Montaigne Unibertsitateko Hezkuntza eta Prestakuntza Zientzietako irakasleak.
Goizari amaiera emateko, Zuzeneko jolasak, tradizioak eta ondare immateriala mahai-ingurua eginen da: pilotak duen ondare-balioa eta zuzeneko jolasen garrantzia eta pilotak espazio publikoetan eta hirigintzan duen eragina aztertuko dira. Àngel Morua arkitekto, hirigile eta Pueblako (Mexiko) Anáhuac Unibertsitateko Arkitektura eta Diseinu Eskolako hiri-berrikuntzako eta kultur ondareko proiektuei lotutako profesionalak parte hartuko du mahai-inguru horretan, baita Pilota Jokoen Nazioarteko Federazioko ordezkari batek ere. Gaizka Arangurenek moderatuko du mahai-ingurua.
Emakumeak pilotan eta komunikabideak
Bazkariaren eta pilota-partida baten ondoren, arratsaldez ere mahai-inguruak eginen dira, Emakumeak pilotan izenekoarekin hasita. Topaketa horretan, gai hauek landuko dira: emakumeek euskal pilotan duten egoera eta kirol horretan eta oinarriko kirolean izan duten rolaren bilakaera. Olatz Gonzálezek moderatuko du mahai-ingurua, eta honako hauek parte hartuko dute: Andrea Lusarreta Monreal Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariak, Chus Lopez Espainiako Federazioko lehendakariorde eta Mujer y Pelota programaren arduradunak eta Emakume pilotariak: izaera, bizipen eta sentipenak tesiari esker Euskal Herriko Unibertsitatean doktorea den Uxue Fernándezek.
Emakume horiek guztiak pilotaren inguruan aritu ostean, kirol horren hedapenean komunikabideek betetzen duten eginkizun garrantzitsua jorratuko da. Komunikabideak eta pilota-jokoak mahaiak pilotaren pertzepzio soziala eta komunikabideetan duen presentzia izanen ditu ardatz. Javier Laquidainek, Elena Azpeitiak eta Luis Guineak, hirurak pilotan kazetari adituak, iritziak partekatuko dituzte Mikel Idoate pilotari ohi eta kirol-esatariarekin, Javier Saralegik moderatuta.
Seigarren eta azken mahaiak Moldeak hausten dituzten istorioak du izenburu, eta José María Echeverría pilotari ohi, entrenatzaile eta ikerlari nafarrari emanen dio hitza.
Biltzarrari amaiera emateko, aurreskuaren inguruko performance sinfoniko bat estreinatuko da. Suakai konpainiak sortua, lanak aurreskua birsortzen du taldearen interpretazio neomusikalaren eskutik, etorkizunera begira iragana omenduta. Hamar bat musikarik parte hartuko dute eta instrumentu klasikoak, tradizionalak eta dantza barne hartuko dituzte.
Pintxo pilotazaleen lehiaketa gastronomikoa
Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarrarekin batera, azaroaren 6tik 15era bitarte, lehiaketa gastronomiko bat eginen da Iruñean: ostalaritza-establezimenduek eskuekin jaten ahal diren pilota itxurako pintxoak eskainiko dituzte. Lehiaketak Pilota zure esku izena du eta hainbat kategoria izanen ditu, hala nola pintxo klasikoa eta pintxo sortzaileak.
Gainera, biltzarra egin aurreko egunetan bidaia-agenteen talde batek eta kazetari-talde batek Iruña bisitatuko dute hiriak Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua izatearen inguruan egindako apustua ezagutzeko. Madrildik, Bartzelonatik eta Frantziatik etorriko dira. Haiei guztiei euskal pilotak hiriburuan duen historiari buruzko bisitak, pilota-partidak eta ibilbide gastronomiko bat barne hartuko dituen programa bat eskainiko zaie.
IRUHBI proiektua
Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarra IRUHBI ekimenaren barruan dago: mugaz gaindiko proiektu europarra da, eta Iruñeko Udalak, Biarritzeko Udalak, Uharteko Udalak, Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzak, Iparraldeko Pilota Batzordeak eta Biarritz Atlhetic Club-ek osatzen dute.
Ekimenak 3.602.895,50 euroko aurrekontua du, eta horietatik 624.325,77 euro Iruñeko Udalak jartzen ditu: EGEF funtsek finantzatu dute hein batean (%65), POCTEFA 2021-2027 Europako programaren bitartez. IRUHBI Pilota izeneko ekimenak euskal pilotaren ondarea balioan jarri nahi du kulturaren, kirolaren eta turismoaren ikuspegitik, mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza indartuta. Biltzarraren antolaketak 135.000 euroko kostua du guztira, eta horien % 65 EGEF funtsekin finantzatu da.