Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa pilotaleku batean inspiratuta egonen da, eta bolumen moldakor bakarra eta harresiarekiko irekia dagoen plaza bat eratuko duten bi pareta izanen ditu

Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa pilotaleku batean inspiratuta egonen da, eta bolumen moldakor bakarra eta harresiarekiko irekia dagoen plaza bat eratuko duten bi pareta izanen ditu
O Arquitectura SLP enpresaren ‘Pareten Mintzoa’ da 2024ko ideia-lehiaketaren irabazlea eta kontratazio-mahaiaren balorazio onena lortu duena, parte hartzeko prozesuko ekarpenak txertatu ondoren
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

‘L’ itxurako eraikin bat izanen da, sinbolikoki pilotaleku bat iradokitzen dituen bi pareta izanen ditu eta bolumen bakarrean eginen da, sotoaz eta beheko eta lehenengo solairuez osatuta. Harresirantz irekitako plaza bat izanen du, topagune eta egonleku gisa, eta Labrit eta Jito Alai pilotalekuekin elkarrizketan egonen da. Hurrengo Tokiko Gobernu Batzarrean O Arquitectura SLP enpresaren 'Pareten Mintzoa' lanari zuzkidura horren diseinua adjudikatzea proposatuko da. Zuzkidura zezen-plazaren atzeko orubean eraikiko da, Hemingway pasealekuak, Aralar kaleak eta Juan Moya Bernedo pasealekuak zedarritutako gunean.

Joseba Asiron Saez alkateak, Borja Izagirre Larrañaga Hiri Bizigarri eta Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Maialen Ariz Sarasketa Proiektuetako eta Mugikortasuneko zuzendariak proposamenaren xehetasunak azaldu dituzte. Proposamen horrek epaimahai teknikoaren puntuazio onena jaso zuen iazko azaroan, bai eta parte hartzeko prozesuaren ostean ere, orduan aurreproiektuen eguneraketan txertatu behar izan dituzten iradokizunak eta ekarpenak egin baitziren. Tokiko Gobernu Batzarrak adjudikazioa onesten duenean, O Arquitectura SLP enpresak lau hilabeteko epea izanen du behin betiko proiektua idazteko. Ondoren, lizitazio-prozesua abiatuko da eta horren ondoriozko adjudikazioa, eta epeak betetzekotan, 2026ko azken hiruhilekoan lanak hasi beharko dira.

Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa kirol horrek eta barne hartzen dituen askotariko diziplinek historian zehar izan duten garrantzia ikusarazteko gunea da, pilotazaleen topagunea, bai eta ekimen berriak sortzeko gunea ere. Interpretazio Zentroak erakusketa-gune bat eta ikerketarako, prestakuntzarako eta jarduerak garatzeko guneak izanen ditu. Iruña Euskal Pilotaren Munduko Hiriburua proiektuaren barruan dago, eta xede du Iruña Pilotaren Munduko Hiriburu izendatzea; hiri, kultura eta kirol mailetako ekimena da, eta kasu honetan gure lurraldean pilotaren kultura goraipatzen du.

'Pareten Mintzoa' proposamenak puntuaziorik altuena lortu du proposamen teknikoaren barruan, 74 puntu, hain zuzen. Hainbat alderdi baloratu dira, hala nola proposamen arkitektonikoa, zentroaren programa eta funtzionamendua eta eremuaren hiri-berroneratzea. Pereda Pérez Arquitectos SCP, Íñigo Beguiristain Repáraz eta Jokin Lecumberri Larrearen ‘Plaza eta horma’ proposamenak epaimahai teknikoaren 63 puntu lortu zituen; OM Arq SLP enpresaren ‘Entremuros’ proiektuak, 62 puntu; Jesús Leache Resanoren eta Fernando Tabuenca Gonzálezen ‘Trinketeka’ proiektuak, 58 puntu; eta Moest Soc. Microcooperativa Profesional enpresaren eta Tadeo Ciaurriz Tabernaren ‘Hangar’ proposamenak, 55 puntu.

Proiektuaren deskribapena
Epaimahaiaren ustez, proiektuak asmatu du eraikina lurzatian jarrita, Aralar kalearen aurreko aldea eta Hemingwayren pasealekua finkatuta eta aurretik zeuden ia berdegune guztiak kontserbatzea ahalbidetzen duen plaza handi bat sortuta. Eraikinaren eskala edo garaiera eta bolumetria, oro har, lursailaren neurrikoak dira, eta ongi integratuta daude. Adituen iritziz, kokapenaren berezitasunekin bat dator, eta eraikin sotil eta soila definitzen du. Eraikinak hartzen dituen garaiera eta proportzioa egokiak dira, bai eta harresiaren mugarekiko duen distantzia ere.

Eraikinak jasangarritasunaren aldeko apustua egiten du: itxura trinkoa du, baita eguzki-energia biltzeko sistema estalkian, aerotermia zoru bero-emaile bidezko berokuntzarekin, mantentze-lan gutxi behar duten tokiko materialak eta inertzia-termiko handiko inguratzaile termikoa. Urbanizazioa egiterakoan ehundura eta formatu desberdinak dituzten zoladurak erabiltzeari esker, guneen konpresioa errazten da. Eraikinaren barruko aldean, eskailera-multzoen, igogailuen eta arrapalen antolaketari esker, pertsona guztiek eraikinaz gozatzeko aukera dute baldintza berberetan. Halaber, harresiaren aztarna arkeologikoak sotoan integratu dira, erakusketa-aretoak antolatzen lagunduta. 

Hormigoiz eraikitzea planteatzen da, sotoan dagoen habe eta zutabez osatutako portikoen egitura baten gainean ezarritako egiturazko euste-hormen sistema bat barne hartuta sestra gaineko solairuetan. Hormigoiz eginen dira, halaber, goiko solairuko estaldura bertikalaketa sotoko euste-hormak. Proposatutako materialak egokitzat jotzen dira, pilotalekuen arkitektura masiboekin elkarrizketan ari baita, eta, berriz ere, eraikinaren, bere edukiaren eta gertu dituen Labrit eta Jito Alai pilotalekuen arteko elkarrizketa hori sortzen baita. Barruko antolaketa beirazko kutxen bidez egitea planteatu dute, hormigoiaren astuntasunaren kontraste gisa.

Eraikinaren banaketa sotoan, beheko solairuan eta lehenengo solairuan
Epaimahaiak baloratu moduan, aurkeztutako proiektuak modu egokian txertatu du espazioak antolatzeko programa berria, zeina egindako parte hartzeko prozesuaren ondoren sortu baita. Beheko solairuko bi sarbideak mantendu dira, parez pare, bata Aralar kaletik sartzeko eta bestea plaza-pilotalekutik, lurzatiaren zeharkako iragazkortasuna sustatuta. Interpretazio-zentroa sotoan dago, eta erabilera anitzekoa da gune hori, aukera ematen baitu aldi baterako erakusketak egin eta beharrezko guneak modu egokian barne hartzeko. Halaber, artxiboak solairu horretan daude.

Beheko solairuan, berriz, administrazio-gune erkidea dago, interpretazio-, ikerketa- eta prestakuntza-zentrora sartzeko gunearekiko irekia. Administrazio- eta kontrol-gunearen ondoan denda dago. Bere horretan mantendu da sotora sartzeko arrapala-erakusketa-eremua.  Arrapalarekiko parez pare, igogailua eta eskailerak daude, solairuetako bakoitzera joateko. Igogailu-karga-jasogailura kanpoaldetik zuzenean sartzen ahal da, aukera emanez erakusketa-eremura eta artxibo nagusira sartzeko. Jatetxeen eremua beheko solairuan dago eta barrualdetik eta kanpoaldetik sartzen ahal da eremu horretara; halaber, egoteko gune bat irekiko da, hormigoizko banku jarraitu batez eta berdeguneez inguratuta, eta gune horrek modu estrategikoan lotzen ditu Labrit eta Jito Alai pilotalekuak eta Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroaren eraikin berria.

Lehenengo solairuan, bulegoetara sartzeko gainerako eraikinarekiko independenteak diren sarbideak egonen dira. Pleguan eskatu moduan, batzar-gela bi aretotan banatzen ahal da Balorazio positiboa jaso dute areto horretan ikusten ahal diren Labrit eta Jito Alai pilotalekuetako bistek. Kanpoaldeko gunea topagune gisa baliatzen da, eta bertan askotariko jarduerak egiten ahal dira, hala nola pilota-jokoak, kontzertuak eta herri-ekitaldiak. Oro har, erabilera anitzeko eraikin irisgarria da, eta haren banaketa oso argia, erraza eta intuitiboa da. 

Hiria berroneratzeko proposamena
‘Pareten Mintzoa’ proposamenak eraikinak barne hartzen duen hiri-espazioaren kontzeptua, diseinua eta materialtasuna bateratu nahi ditu. Hemingway pasealekuaren inguruan berdegune bat sortzea sustatzen du, zuhaitzen lerrokadurarekin bat eginez, eta berdegune hori Joan Labritekoa aldapako trafikoarekiko koltxoi bisual eta akustikoa da. Formatuak aurreikusitako erabileretara egokitze aldera, formatu eta testura desberdineko zoladurak baliatzen dira hainbat eremutan: esaterako, galtzada-harria egonlekuetan eta hormigoizko baldosak eraikinen sarreretarako ibilbideetan eta hiriko ibilbide nagusietan. 

Epaimahaiak begi onez baloratu du berdeguneak eta eremu zolatuak banatzeko banku jarraitu bat jartzeko proposamena, horri esker egonlekuak eta bilguneak sortzen baitira jarduketa-eremu guztian. Hala ere, adierazten da bankuak punturen batean eten beharko direla, berdeguneetako mantentze-lanak errazteko xedez. Plaza eta aldi berean pilotaleku den gune bat sortzeari esker, lurzatiak toki gehiago du libre eta gunearen kanpoaldea erabili dadila sustatzen da, eraikinarekiko eta haren inguruarekiko arreta gehiago jarrita. Proposamenak, halaber, Atxilotze Zentroen Oroimenerako Zentroarekiko errespetua erakusten du, haren inguruan toki librea uzten baitu eta gehiago nabarmentzen baita pilotaleku goratutako sarbidean egoteari esker. 

Era berean, inguruarekiko koherentea da berdegune bat sortu eta zezen-plazaren atzealdeko hormaren ondoan zuhaitzen lerrokadura jartzea. Proposamenaren barruan, aipagarria da eraikinak lurzatian duen eragin txikia, eta horri esker, orain dauden ia berdegune guztiak kontserbatzen ahal dira.

200 ekarpen inguru parte hartzeko prozesuan
Orain dela ia urtebete, 2024ko azaroan, ideia-lehiaketaren epaimahai teknikoak aurkeztu ziren 37 proposamenetatik bost hautatu zituen Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa diseinatzeko. Hauek dira hautatutako proposamenak: ‘Pareten Mintzoa’, O Arquitectura SLPrena; ‘Plaza eta horma’, Pereda Pérez Arquitectos SCP, Íñigo Beguiristain Repáraz eta Jokin Lecumberri Larrearena; ‘Hangar’, Moest Soc. Microcooperativa Profesional eta Tadeo Ruiz Tabernarena; ‘Entremuros’ OM Arq SLP sozietatearena, eta ‘Trinketeka’ Jesús Leache Resano eta Fernando Tabuenca Gonzálezena.

Hautaketa egiteko irizpide hauek hartu ziren aintzat: arkitekturarekin lotutakoak, jarduketa-eremuarekin bat egitearekin lotutakoak, ingurumen-kalitatearekin lotutakoak, eraikuntza-kalitatearekin lotutakoak eta edukia eta jarduerak antolatzearekin lotutakoak. Orduan parte hartzeko prozesu bat jarri zen abian, eta jarduera hauek egin ziren: proposamenak aurkezteko jardunaldi bat; proposamenei buruzko informazio-panelez osatutako erakusketa bat Kondestablen; eta bi lantegi, bata interpretazio-zentroa zertarako erabiliko zen erabakitzeko eta bestea proposamen arkitektonikoak aztertzeko. Halaber, online postontzi bat ireki zen ekarpenak egiteko.

Guztira, 200 ekarpen eta iritzi jaso ziren bost proposamenen inguruan, eta guztiak idazketa-taldeei helarazi zitzaizkien, proiektuetan beharrezko aldaketak eta egokitzapenak egiteko. ‘Pareten Mintzoa’ proposamenari dagokionez, indargune gisa baloratu zituzten erakustaldiak egiteko egokia zen pilotaleku batean oinarritutako diseinua eta plaza eta aldi berean pilotaleku den erakinaren barrualdetik kanpora begiratzeko beirate bat izatea. Nabarmentzen zuten, halaber, eraikinaren tamainak ez zuela hiri-espazioa inbaditzen, eta, hori gutxi balitz, ingurura egokitzen zela eta kanpoaldean berdeguneak jartzea proposatzen zuela.

Proposamenei egindako ekarpen zehatzez gain,parte hartzeko prozesuak Udalaren hausnarketa bultzatu zuen ideia-lehiaketan aurreikusitako erabileren inguruan. Horren ondorioz, hautatutako taldeei exijitu zitzaien erakusketak egiteko eremua handitzeko eta moldagarritasuna erakustea prozesuaren bitartean iradoki ziren arte plastikoen erakusketak, ikus-entzunezkoen proiekzioak, material soinudunak eta hezkuntza- eta pertzepzio-jarduerak egiteko. 

Horrez gain, jatetxeen eremu bat sortzea eskatu zen, baita kanpoaldea topagune eta zentroarekin lotutako edo lotu gabeko jarduerak –kontzertuak, kaleko antzerkiak , haurren txokoak etab.– egiteko gune bihurtzeko. Azkenik, hausnartu egin zen ezaugarri horietako zentro batean behar diren irisgarritasun- eta inklusibitate-baldintzei buruz. Epaimahaiaren arabera, ‘Paretan mintzo’ proposamenak behar horiek guztiak bateratu ditu, proiektuaren funtsa kontserbatuta eta lurzatian ezartzeko estrategia aintzat hartuta; hain zuzen ere, horregatik guztiagatik lehen saria lortu zuen lehiaketaren lehen fasean.

¿Te ha sido útil esta página?