
Stardust proiektu europarra, parte hartzen duten hirietan energia-eraginkortasuna handitzera eta bizi-kalitatea hobetzera bideratuta dago eta 2024an amaituko da. Iruñean, Baluarte Auditoriumean, eginen da, asteazkenean eta ostegunean, amaierako hitzaldia eta bertan 20, 6 milioi euroko aurrekontua –18 milioi Europako dirulaguntzetatik datoz– izan duen ekimenaren ondorio nagusiak azalduko dira. Joseba Asiron Iruñeko alkateak asteazkenean, 09:00etan, ekitaldiaren irekieran parte hartuko du, Baluarten. Bertan izanen dira proiektuko kideen ordezkariak ere.
Proiektua 2017ko irailean abiatu zen eta energiaren, eraikinen eta mugikortasun elektriko eta jasangarriaren esparruan irtenbide berritzaileak garatu eta ezartzean datza, soluzio teknologiko aurreratuak erabiliz. Horretarako, Iruña, Tampere (Finlandia) eta Trento (Italia) hainbat ekimen martxan jartzeko hiri-gidari izendatu ziren, ondoren, hiri-sateliteen sare batek errepika zitzan, besteak beste,a nola Cluj-Napocak (Errumania), Derryk (Ipar Irlanda) eta Kozanik (Grezia).
Proiektua CENER Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak koordinatzen du eta 9 herrialdetako 30 kide ditu. CENERez gain, proiektuaren Nafarroako kideak honako hauek dira: Iruñeko Udala, Nafarroako Gobernua, NASUVINSA, Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zabala Innovation Consulting, SICE eta BeePlanet enpresak.
Iruñean eginen den amaierako biltzarrean Europa osoko 120 profesional bilduko dira, hala proiektuko kideak nola Europako beste hiri batzuetako ordezkariak, esaterako, Amsterdam, Trondheim, Viena, Lyon eta Brno, bai eta unibertsitateetakoak ere, Concordia Universityko ordezkari bat (Montreal) eta Tokioko Unibertsitateko ordezkari bat barne.
Ekitaldiaren lehenengo jardunaldian Stardust proiektuko kide diren hirien, teknologia-zentroen eta enpresen ordezkariek arlo ezberdinetako lorpen nagusiak erakutsiko dituzte. Halaber, ikasitako irakaspenak –teknikoak, ekonomikoak eta sozialak– eztabaidatuko dira. Ondoren Iruñean ezarritako eta proiektuak partzialki diruz lagundutako erakusketa-pilotuetako batzuk bisitatuko dira.
Iruñean gauzatutako proiektuak
Iruñean Stardust proiektuaren bitartez partzialki diruz lagundutako hainbat jarduketa egin dira. Iruñeko Udalak 920.534 euro jaso ditu hainbat proiektu garatzeko. Adibidez, egurrezko plug&play estalki fotovoltaiko bat instalatu da Udaltzaingoaren eraikinean (Iratxeko Monasterioaren k.). Instalazio hori Animsako datu-prozesaketako zentroan dagoen bero-berreskuratzaile batekin eta mirkrosare elektriko batekin batera doa. Azken horrek produkzio fotovoltaikoa, sortutako energia bigarren bizitzako bateria berritzaile batzuetan biltegiratzea eta ibilgailu elektrikoendako bi norabideko kargagailu batzuk kudeatzen ditu.
Horrez gain, Iruñeko bizikleta elektriko publikoak kudeatzeko sistema abian jarri da, eta villavesen 9. linea elektrifikatu da, eta kargatzeko bi pantografo instalatu dira RENFEren tren-geltokian eta NUPen. Proiektu europar horri esker, Txantreako barrutiko bero-ekoizpenerako zentraleko energia kudeatzeko sistema bat sortu da, besteak beste.
Bigarren jardunaldia ostegunean izanen da,beste proiektu batzuetako ordezkariei emanen die lekukoa eta hiri-deskarbonizazioan eta hirien klima-neutraltasuneko adituek parte hartuko dute. Beren esperientziak hainbat ikuspegitatik partekatuko dituzte From R & D projects to climate neutrality of cities mintegian. Programa osoa webgune honetan kontsultatzen ahal da.