Europako mugikortasun jasangarriaren asteak hainbat aukera uztartzen ditu berotegi-efektuko gasen isurketa murrizteko eta airearen kalitatea mantentzeko

Europako mugikortasun jasangarriaren asteak hainbat aukera uztartzen ditu berotegi-efektuko gasen isurketa murrizteko eta airearen kalitatea mantentzeko
‘Konbinatu eta mugi zaitez’ lelopean, oinez, bizikletaz zein ibilgailu elektrikoz egiteko jarduerak proposatzen ditu, irailaren 16tik 22ra (Autorik gabeko Europar Eguna)
Fitxategi
movilidad

 

Europako mugikortasunaren astearen aurtengo ardatza izanen da herritarrak garraio jasangarriko aukerak konbinatzera bultzatzea, berotegi-efektuko gas-isuriak murriztu eta hiriko airearen kalitate onari eusten laguntzeko. Irailaren 16tik 22ra –Autorik gabeko Europar Eguna azken egun horretan ospatzen da–, oinez eta bizikletaz egiteko jarduerak eskainiko dira, helduendako bizieskolak, mugikortasun elektrikoari buruzko jarduerak eta jardunaldi informatibo eta parte-hartzaileak. Asteari eta 2021-2022ko ikasturteko ‘Bizikleta eskolan’ programari amaiera emateko, bizikletaldia eginen da, 1.500 ikasle baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Horiekin batera, entitate eta kolektiboei zuzendutako jarduerak antolatu dira, horien artean trizikloak gidatzeko prestakuntza, ibilbide terapeutikoak trizikloz eta Iruñeko mugikortasun elektrikoaren Mahaia, non erabiltzaileek, industria-elkarteek, enpresek, erakundeek, teknologia-zentroek eta unibertsitateek elkarrekin eginen baitute gogoeta mugikortasun elektrikoari bultzada emateari buruz.

Oinez egiteko jardueretan eskaintza hirukoitza da, adin guztietarako eta aldez aurretik izena eman gabe. Irailaren 19an (astelehena), 18:00etatik 20:00etara, Marta Monreal harresia zaharberritzeko lanen arkitektoak harresien balioa eta sekretuak ezagutzeko ibilaldi batera gonbidatuko gaitu. Izan ere, itxita egon ohi diren ateak irekiko dira, eta pasabideetan eta jendearentzako itxita egon ohi diren lekuetan barna ibiltzeko aukera izanen da. Labrit pilotalekuko atarian emanen zaio hasiera jarduerari. Bigarren proposamena, irailaren 21ean, asteazkenarekin, 18:00etatik 20:00etara izanen da, Marina Jiménez biologo eta Ingurumeneko udal-teknikariak gidatuta. Iturramako Civivoxeko ate nagusitik abiatuko da ibilbidea, Nafarroako Unibertsitateko campuseraino joateko, non auzoko biodibertsitatea erakutsi eta mugikortasunerako zerbitzuak erakutsiko diren, hala nola BiziZ errotazioko bizikletetarako aparkaleku segurua eta oinezkoen mugikortasuna bultzatzeko jarduketak, horien artean, Nafarroako etorbideko oinezkoendako pasabide berriak eta auzoaren eta campusaren artean sortutako ibilbidea.

Oinez egiteko hirugarren proposamena irailaren 22an (osteguna) izanen da, hau ere Marina Jiménez eskutik; 18:00etan abiatuko da Nafarroako Liburutegi Nagusiko ate nagusitik, Mendebaldeako eta Nafarroako Unibertsitate-Ospitaleko lorategiko ingurumen-balioak ezagutzeko. Ibilbidean hiri-baratze bat erakutsiko da, eta baita bizikletaren erabilera erraztera bideratutako errotazioko aparkaleku seguruak eta bizikleta elektrikoendako geltokiak ere.

Bizikletaz egiteko jarduerak

Mugikortasunaren asteak bizikleta elektrikoak probatzeko gonbita luzatzen du, Ride On Pamplonaren laguntzarekin. Ostiralean izanen da hitzordua (irailak 16), arratsaldeko 17:00ak eta 20:00ak artean, Aduanako zokoko bizikleta-geltokian, eta larunbatean (irailak 17) eta igandean (irailak 18) goizeko 11:00etatik 14:00etara, Antoniutti parkeko bizikleta-geltokian. Zerbitzua erabiltzeko informazio guztia emanen da, eta aldi-baterako txartelen bidez probatzen ahalko da auzoetan instalatu diren 42 geltokietako 2tan.

 

Aurtengo edizioan ere eskainiko da bizikleten doako azterketa, Ciclos Martínen laguntzarekin. Irailaren 17 eta 18ko asteburuan, goizeko 11:00etatik 14:00etara, karpa bat jarriko da Gazteluko plazan, Karlos III.aren etorbidearen hasieran, transmisioak, balaztak edo gurpilak doitzeko. Bizikletak puntuan jarrita, ziklo-sarean ibiltzeko aukera egonen da AMTS elkartearen eskutik: larunbatean (irailak 17), 10:00etatik 12:30era, hiriaren iparraldean eginen da ibilaldia, Alde Zahar, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Buztintxurin barna; eta igandean (irailak 18), ordu berean, hegoaldean, Zabalgune, Donibane, Mendebaldea, Iturrama eta Lezkairuko Zalduan barna. Ibilaldi gidatu horiek Gazteluko plazan hasi eta amaituko dira eta mugikortasun aktiboa, segurua eta jasangarria sustatzea dute xede. Aurrez izena ematea gomendatzen da, helbide honetan: movilidad@pamplona.es

 

Bizieskolak aurten formatu berria izanen du: saioak elkarren segidako lau egunetan egin ordez, talde bakoitzak asteko egun batean (astelehenean eta asteartean) hartuko ditu eskolak, lau astetan zehar, irailaren 19tik urriaren 11ra bitarte. Irailaren 13an irekiko da izena emateko epea, 010ean (948 420 100 zenbakian, Iruñeaz kanpotik deituz gero) Helduendako prestakuntza horrek hiru maila izanen ditu: hastapenekoa, trebakuntzakoa eta zirkulaziokoa, haurtzaroan trebetasun hori bereganatzeko aukerarik izan eta ez ikasi nahi dutenentzat, gogoratu eta trebetasuna hobetu nahi dutenentzat, eta trebe izanik ere, trafikoko baldintza errealetan zirkulatzeko konfiantza hartu nahi dutenentzat.

 

Mugikortasun elektrikoari buruzko jarduerak

Ibilgailu elektrikoa ezagutu eta nola kargatzen den jakiteko, VILALTA Green Energy udal-kargaguneen enpresa adjudikaziodunak, interesa duen jende orori arreta egin eta zalantzak argituko dizkio, larunbatean (irailak 17), 11:00etatik 14:00etara, Premin de Iruña pasealekuan, Barañaingo etorbidearen ondoan. Gainera, Iruñerriko Mankomunitateak eta Iruñeko Udalak haien flotako ibilgailu elektriko batzuk erakutsiko dituzte. Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkarteak (IEEE-AUVE) bere topaketetako bat eginen du; era horretan, erakusketara doazenek ibilgailu elektrikoen erabileran izan duten esperientzia ezagutzen ahalko dute.

 

Jardunaldi informatiboak eta parte-hartzaileak

Mugikortasunaren aste honetako beste aukeretako bat ardunaldi informatiboak dira, horien bidez Iruñeko Udalaren bi proiektu bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Lehena, hiriko Isurketa Baxuko Eremuaren proiektua da, airearen kalitatearen, zarataren eta bestelako ingurumen-faktore batzuen bidez zehazten ari dena. Datu horiei esker, Iruñeak klima-aldaketari eta airearen kalitateari dagokionez Europako eta estatuko araudira egokitzeko jarraituko duen estrategia ezartzen ahalko da,  Udal-arduradunek eta proiektuaren erredakzio-taldeak irailaren 20an, asteartearekin, azalduko dituzte gako nagusiak, 18:30etik 20:00etara, Kondestable Civivoxeko hitzaldi-aretoan. Aurrez izena ematea gomendatzen da, helbide honetan: proyectobajasemisiones@pamplona.es.

Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoa da bigarren proiektua; dibertsitate funtzionala duten edo adinagatik edo desgaitasun fisiko, sentsorial edo intelektuala dutelako ingurunearekin elkarrekintzan aritzeko edozein motatako zailtasuna duten pertsonen kolektibo guztien gizarteratzea bermatu nahi da honen bidez. Plana aurkezteaz gainera, udal-arduradunek eta proiektuaren erredakzio-taldeak diagnostikora bideratutako parte-hartze dinamika bat garatuko dute bertaratzen direnekin. Irailaren 21ean izanen da, asteazkenarekin, 10:00etatik 13:00etara, Kondestable Civivoxean. Aurrekoan bezala, aurrez izena ematea gomendatzen da e-mail honetan: planaccesibilidad@pamplona.es

 

Autorik gabeko Europar Eguna, irailaren 22an

Eskolen bizikletaldia parte-hartzerik handieneko jardueretako bat da; irailaren 22an izanen da, ostegunarekin, eta asteari eta 2021-2022ko ikasturteko ‘Bizikleta eskolan’ programari amaiera emanen dio. Goizeko 09:00etatik 13:30era bitarte, Iruñeko zenbait ikastetxetako mila eta bostehun eskola-ume baino gehiago taldeetan ibiliko dira ibilbide ezberdinak eginez Ziudadelara iristeko, eta bertan topaketa bat eginen dute, berriz ere ikasgeletara itzuli aurretik. Aurtengo edizioak Conor Bikesen laguntza izanen du (hiru lantegi jarriko ditu ibilbideetan), eta irakasleen, “Bizikumeak – Mujeres en bici” elkarteko eta “AMTS – Garraiobide Osasungarrien Elkarteko” adituen laguntza, Udaltzaingoarenaz gain, txirrindularien zutabeak gidatzeko.

 

Europako Mugikortasun Astea. Irailak 16 – 22

  • Oinez egiteko jarduerak
    • Oinez ibili eta ezagutu gure harresien balioa eta gordeta dituzten sekretuak. Irailak 19, astelehena: 18:00 – 20:00: Labrit pilotalekuko ataritik abiatuko da.
    • Oinez ibili eta ezagutu Iturramako eta Nafarroako Unibertsitateko Campusaren ingurumen-balioak. Irailak 21, asteazkena. 18:00 – 20:00. Iturramako Civivoxetik abiatuko da
    • Oinez ibili eta ezagutu Mendebaldeako eta Nafarroako Unibertsitate-Ospitaleko ingurumen-balioak. Irailak 22, osteguna. 18:00 – 20:00. Nafarroako Liburutegi Nagusiko ate nagusitik abiatuko da.
  • Bizikletaz egiteko jarduerak
    • Ausartu zaitez bizikleta elektrikoaren zerbitzua probatzera Laguntzailea: Ride On Pamplona. Irailak 16, ostirala. 17:00 – 20:00. Aduanako zokoko bizikleta-geltokia. Irailak 17 (larunbata) eta 18 (igandea). 11:00 – 14:00. Antoniutti parkeko bizikleta-geltokia
    • Aztertu eta doitu zure bizikleta doan. Laguntzailea: Ciclos Martin. Irailak 17 (larunbata) eta 18 (igandea). 11:00 – 14:00. Gazteluko plazan (Karlos III.aren etorbidearen hasieran).
    • Ibili ziklo-sarean AMTS elkartearekin. Irailak 17 (larunbata). 10:00 – 12:30. Alde Zaharra, Txantrea, Arrotxapea, Sanduzelai eta Buztintxuri. Irailak 18 (igandea), 10:00 – 12:30. Alde Zaharra, Zabalgunea, Donibane, Mendebaldea, Iturrama eta Lezkairuko Zaldua.
    • Bizieskola helduentzat Lau astez, taldearen arabera, astelehenean edo asteartean, irailaren 19tik urriaren 11ra arte. Izen-emateak, irailaren 13tik aurrera, 010ean (948 420 100 zenbakian, Iruñeaz kanpotik deituz gero)
  • Mugikortasun elektrikoari buruzko jarduerak
    • Ezagutu ibilgailu elektrikoak eta ikasi nola kargatzen diren. Laguntzaileak: Ibilgailu Elektrikoen Erabiltzaileen Elkartea (IEEE-AUVE) – VILALTA Green Energy – Iruñerriko Mankomunitatea Irailak 17 (larunbata): 12:00 – 14:00. Premin de Iruña pasealekua, Barañaingo etorbidearen eta ibilgailu elektrikoendako kargagunearen ondoan.
  • Jardunaldi informatiboak eta parte-hartzaileak
    • Iruñeko Isurketa Baxuko Eremuaren proiektua. Irailak 20, asteartea. 18:30 – 20:00 Kondestable Civivoxa. Hitzaldi-aretoa
    • Iruñeko Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoa Irailak 21, asteazkena. 10:00 – 13:00. Kondestable Civivoxa. Hitzaldi-aretoa
  • Autorik gabeko Europar Eguna Eskola-bizikletaldia Irailak 22, osteguna. 09:00 – 13.30. Ibilbide ezberdinek bat eginen dute Ziudadelan
  • Entitate eta taldeei zuzendutako jarduerak
    • Trizikloak gidatzeko prestakuntza, Corellako Biciclistas elkartearen laguntzarekin eta ‘Bizikleta adin guztientzat’ programaren barruan egin dituzten “yayacletas” direlakoekin.
    • Ibilbide terapeutikoak trizikloz Gure hiriko adinekoen egoitzen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei laguntzeko elkarteen partaidetzarekin antolatu dira, eta prestakuntza jaso duten boluntarioen laguntza izanen dute.
    • Mugikortasun elektrikoaren Mahaia. Lan-jardunaldia erabiltzaile, industria-elkarte, enpresa, erakunde, teknologia-zentro eta unibertsitateen artean.
¿Te ha sido útil esta página?