
Iruñeko Udalak, beste urte batez, bat egin du Europako Mugikortasun Astearekin: irailaren 5etik 24ra bitarte jarduera-programa zabala eskainiko da ‘Mugikortasuna pertsona guztiendako’ lelopean. Hauek dira aurtengo edizioko proposamenak, besteak beste: trizikloendako eta bizikletendako prestakuntza-saioak, bizikleten doako azterketa eta doikuntza eta adinekoendako ibilaldi terapeutikoak trizikloz. Programa osatzeko, Bizifest eginen da, musikaz lagundutako aisiazko ibilaldi kolektiboa: hiriko kaleetan barna ibiliko da irailaren 12an, larunbatarekin. Informazio guztia pamplona.es/eu/mugikortasunastea webgunean kontsultatzen ahal da.
Europako Mugikortasun Asteak joan-etorriak egiteko mugikortasun-bitarteko desberdinak konbinatzeko aukera azpimarratu nahi du aurten. Aukeratutako leloaren bidez, herritarrak berariazko joan-etorri bakoitzari hoberen egokitzen zaion garraioa erabiltzera animatu nahi dira, eta, aldi berean, berotegi-efektuko gasen isuriak murrizteko eta hiriko airearen kalitatea hobetzeko norberaren ekarpenaren eta erantzukizunaren inguruko hausnarketa bultzatu nahi da herritarrengan.
Jarduera-programa
Programa irailaren 5ean (larunbata) abiatuko da, Juslarrocha Civivoxean eginen den trizikloan gidatzen ikasteko prestakuntza-saio batekin. Jarduera 10:00etatik 14:00etara eginen da eta Iruñeko Bizikletaz Adinik Ez programarekin lankidetzan antolatu da. Interesa dutenek movilidad@pamplona.es helbide elektronikora idatzita ematen ahal dute izena. Saio horri esker, trebatutako langileak egonen dira beste jardueretako bat egiteko, trizikloan eginen diren ibilaldi terapeutikoak, alegia. Irailaren 14an (astelehena) hasiko dira, eta hiru aste iraunen dute. Jarduera gure hiriko adinekoen egoitzen eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei laguntzeko elkarteen partaidetzarekin antolatu da, eta boluntarioen laguntza ere izanen du.
Prestakuntza-jarduerak osatzeko Bizieskola helduendako programa tradizionala eginen da. Aurtengo edizioan, berritasun gisa, ‘Hirian barna mugitzea’ maila aurkeztuko da, bizikletan ibili ohi diren eta hiriko bizikleta-sareari ahalik eta etekin handiena atera nahi dioten pertsonei zuzenduta. Bizieskolaren prestakuntza-eskaintza Hastapena (bizikletan ibiltzen ikasteko) eta Trebakuntza (bizikleta gainean gaitasunak hobetzeko) mailekin osatzen da. Lantegiak irailaren 14tik 24ra bitarte eginen dira, eta astero bi saio eskainiko dira maila bakoitzeko, Ingurumen Hezkuntzako Museoan. Programan izena emateko epea irailaren 4tik 10era egonen da irekita, 010 (948420100) telefonoaren bidez.
Aurretik, irailaren 12an, larunbata, ‘Bizifest’ gurpilen gaineko musika-jaialdia eginen da: bizikleta eta musika uztartzen dituen aisia-ibilbidea 15:00etan abiatuko da Basotxotik eta kaleko hainbat kaletan barna ibiliko da. Edizio berri honetan, ‘Bizifest’ jaialdiak mugimenduan dagoen bizikletazaleen jai kultural eta komunitario gisa duen izaera indartuko du ibilbide kolektibo baten bidez, musikaz, soinudun trizikloez eta askotariko azpiegitura ibiltariez lagunduta. Aurtengo edizioan dimentsio inklusiboa eta soziala bereziki indartuko da, Partaide elkarteak, Desgaitasun fisikoa duten pertsonen elkarteak eta Bizikletaz Adinik ez taldeak parte hartuko baitute, eta azken horrek bere trizikloarekin bat eginen du Aspaceko pertsonekin batera. Aldi berean, jaialdiak mugikortasun sortzaileko laborategi gisa hazten jarraitzen du, gurpil gaineko gailu berriak txertatuz, hala nola bizikletak konpontzeko lantegi mugikorrak, hondakinak biltzeko trizikloak eta funtzio komunitarioetara egokitutako beste ibilgailu batzuk, besteak beste, ‘Soinu-triziklo komunitarioa’. Horrek guztiak hiri mugikor txiki bihurtzen du ibilbidea, eta mugitzeko, elkar zaintzeko eta espazio publikoa partekatzeko beste modu batzuk entseatzen ditu.
Europako Mugikortasun Astearen programa osatzeko, bizikleten doako azterketa- eta doikuntza-zerbitzua eskainiko da Ciclos Martínekin lankidetzan, irailaren 19an eta 20an (larunbata eta igandea), 11:00etatik 14:00ra, eta beren ibilgailua prest jarri nahi duen pertsona orori zuzenduta dago.
EUROPAKO MUGIKORTASUN ASTEA. IRAILAK 5 – 24
• Irailak 5, larunbata. 10:00 – 14:00:
o Trizikloak gidatzeko prestakuntza. Juslarrocha Civivoxa
Izen-emateak: movilidad@pamplona.es
• Irailak 27, larunbata, 15:00etatik aurrera:
o Bizifest 2026. Musika-jaialdia gurpilen gainean. Basotxoa
• Irailaren 14tik (astelehena) 24ra (osteguna) bitarte (lau saio):
o Bizieskola helduendako. Ingurumen Hezkuntzako Museoa
Izen-emateak: 010 (948420100). Epea: irailak 4 – 10
• Irailak 14, astelehena (hiru asteko iraupena):
o Ibilaldi terapeutikoak trizikloz (hiri osoan barna)
• Irailak 19 eta 20 (larunbata eta igandea). 11:00 – 14:00:
o Bizikleten doako azterketa eta doikuntza. Ciclos Martín. Gazteluko plaza