Euria ari zuen arren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 700 haur inguruk Eskola-bizikletaldia egin dute Mugikortasunaren Asteko ekitaldien barruan

Euria ari zuen arren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 700 haur inguruk Eskola-bizikletaldia egin dute Mugikortasunaren Asteko ekitaldien barruan
Ziudadela jardueren gune nagusi bihurtu da bizikletaren erabilera bultzatu nahi duen jaiegun honetan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Euria ari zuen arren, Iruñeko 700 ikasle inguruk parte hartu dute Udalak ostiral honetarako antolatutako Eskola Bizikletaldian. Eguraldiaren eraginez, hitzorduaren egitaraua egokitu egin behar izan da, eta aurreikusita zegoena baino ordubete lehenago amaitu da. Hala eta guztiz ere, ikasleek besteak ez bezalako egun batez gozatu ahal izan dute, izan ere, gaurko protagonista bizikleta izan baita. Gizarte-hezkuntzako ekimen hori Europan egiten ari den Mugikortasunaren Astearen baitan antolatutako ekitaldien barruan kokatu behar da. Ekimen horren bidez, Udalak kontzientziatu egin nahi ditu herritarrak, oro har, eta, bereziki, eskola-adineko gazteak eta haurrak, ikastetxerako joan-etorrietan bizikleta eta garraiobide iraunkorrak erabil ditzaten.

Guztira, hamaika ikastetxek egin dute bat ekimenarekin, Lehen Hezkuntzako azken mailetako eta Bigarren Hezkuntzako lehen mailetako ikasleekin. Goizeko 09:15etik aurrera, Sanduzelai HLHIP, Claret Larraona ikastetxea, Paderborn HLHIP, Eunate BHI, Amaiur HLHIP, Liceo Monjardín ikastetxea, Calasanz Escolapios ikastetxea, Jesuitinas ikastetxea, Santa Teresa de Jesús ikastetxea, Hegoalde Ikastola, eta San Juan de la Cadena HLHIPko ikasle-taldeek, bizikletaz egin dute haien ikastetxeetatik Ziudadelara bitarteko distantzia, bertan baitzegoen ospakizunaren gune nagusia. Ibilbidearen zatirik handiena bizikleta-bideetatik eta bidegorrietatik egin dute, baina azken zatian, Armada etorbidean hain zuzen ere, zirkulazioa eten dute txirrindulariak Ziudadelara errazago sar daitezen. Goizean, bide alternatiboetatik bideratu behar izan dute zirkulazioa. Udaltzaingoa arduratu da parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeaz.

Udaltzainekin batera, Bizikume txirrindulari taldeko zazpi boluntariok eta Garraiobide Osasungarrien Elkarteko (AMTS) 15 bazkidek ere parte hartu dute ekitaldia antolatzen.

Behin Ziudadelara iritsita, ikasleek hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan dute, hala nola musika-animazioa, kirola eta bizikleten mantentze-lanetako lantegiak. Hala, harresiz inguratutako inguru horretan bereizitako guneak antolatu dira: hamaiketakoa egiteko gune bat eta jolaserako beste bat. Gainera, ikastetxe bakoitzak bizikletak aparkatzeko eta jarduerez gozatzeko gune bat izan du. Besteak beste, ikasleek crossfiteko zirkuitu bat egin ahal izan dute, dantza borroketan parte hartu eta GBox saio bat. GBoxa, karatea, capoeira eta taekwondoa oinarri dituen dantza-diziplina da. Jarduera-eremu horietan, espazioa partekatuz, bizikleten konponketa-lanak egiteko lantegi mekaniko bat, profesionalek gidatua, eta bizikletak aztertu eta balizko akatsak detektatzeko beste lantegi bat ere bazeuden. 

Horrez gain, hartutako kalte zerebrala duten pertsonak eta haien familiak artatzen dituen Hiru Hamabi elkarteak leku nabarmena izan du herritarrak lesio larriak saihesteko kaskoa eramateak duen garrantziaz kontzientziatzeko. 

Hala ere, goizeko 11:00k aldera, aurreikusitakoa baino ordubete lehenago, jarduerak bertan behera uztea erabaki dute, gero eta euri gehiago ari baitzuen. Ikastetxe batzuek Ziudadelatik atera eta haien instalazioetarako bidea hartu dute dagoeneko. 

Horrelako ekintzen bidez, Iruñeko Udalak hiriko gizarte- eta hezkuntza-sareekin lan egiten du, ingurumena zaintzeak eta bizimodu osasungarria izateak duten garrantzian sakontzeko. 

IKASTETXE PARTE-HARTZAILEAK

  • Sanduzelai HLHIP
  • Claret Larraona
  • Paderborn HLHIP
  • Eunate BHI
  • Amaiur HLHIP
  • Liceo Monjardín
  • Calasanz Eskolapios
  • Jesuitinas
  • Santa Teresa de Jesús
  • Hegoalde Ikastola
  • San Juan de la Cadena HLHIP
¿Te ha sido útil esta página?