
Iruñeko Udalak 1,6 milioi euro inbertituko ditu aurten Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa eta gizarte-bazterketa arintzeko bestelako ostatu-baliabide batzuk kudeatzeko. Iruñeko Udalak 205 tokira bitarte ditu Trinitariosko aterpetxean eta udal-etxebizitza eta partekatutako pisuetan, bai eta hoteletarako eta ostatuetarako txartelen programa bat ere, bizitoki-bazterkeria egoeran dauden pertsonendako.
Txema Mauleón Echeverría Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkariak eta Rubén Unanua Ruiz Gizarte Ekintzako zuzendariak dauden baliabideak xehatu dituzte: 155 toki finkatu dituzte egonkor Trinitariosen eta udal-etxebizitzetan, Iruñeko Udalak 2023an zituenen halako hiru. Toki horiek 165 izatera iritsiko dira hotz-boladan, eta beste 40 gehituko zaizkie aipatutako 205etara heldu eta larrialdi klimatologikoei aurre egiteko, hala nola uholdeak, elurteak eta pertsonen osasuna arriskuan jartzen duten tenperaturak.
Tokiko Gobernu Batzarrak urte amaieran onetsi zuen etxerik gabeko pertsonak artatzeko udal-zerbitzuaren eta/edo kanpoko ostatu baliabideen kudeaketarako kontratua: 1.591.863,91 euroko aurrekontua du, 2026ko otsailaren 16tik abenduaren 31ra bitarte. Hiru lotetan banatuta, kontratuak xede du arreta-premiak asetzea, batez ere bizitoki-bazterkeria eta gizarte-bazterketa egoeran dauden kolektiboen arazoei dagokienez; Arazo horiei erantzuna eman eta gizarteratzeko beharrezko prozesuak ezartzeko hainbat bide daude: harrera egitea, ostatu ematea, arreta espezializatua, kalean arreta ematea, baita beste egoitza-baliabide batzuk ere.
Kontratua bi urtez luzatzen ahalko da eta programa guztiak irabazi-asmorik gabeko gizarte-entitateek kudeatuko dituzte. Aurreko ereduan tokien % 50 pertsona ibiltariei zuzenduta zegoen, oraingoan berriz, arreta goiztiarreko eta egonaldi ertain eta luzeko programa berrien aldeko apustua egin dute, benetako gizarte-inklusioa lortzeko egokiagoak baitira. Oraingoan lekuen % 90 programa horietara zuzenduko dira. Giza baliabideak ere gehitu egin dira: Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroan bost profesional gehiago daude, eta Etxe Bat programan, etxerik gabeko pertsonei laguntzeko eta arreta emateko egitasmoan, hamalau profesional (bat bera ere ez zegoen).
Arreta emateko kontzeptu berri honen xedeak etxebizitzarako eta enplegurako sarbidea eta erabateko autonomia ditu jarduketako lehentasunezko ardatz. Toki egonkorren bi herenek baino gehiagok (155etik 105) lehentasuna ematen diote etxebizitza partekatutako ereduari, aterpetxeak baino gizarteratze hobea erakusten baitu. Horretarako, 30 udal-etxebizitza birgaitu eta balioetsi dituzte. Ostatuetarako eta hoteletarako txartelen kudeaketa lehiaketa publikora atera dira lehenengoz, Kontuen Ganberaren gomendioei jarraikiz. Aurreikuspenen arabera, 7.000 ostatu-gau bitarte estaliko dira. Kontratatutako zerbitzu horiei beste jarduketa batzuk gehituko zaizkie, besteak beste, jantoki sozialean lekuak gehitzea, prestakuntza- eta enplegu-programak indartzea eta Arantzadin eginen den lanerako ikastegia. Horri guztiari amaiera emateko, dagoeneko adjudikatuta dagoen Etxegabetasunari arreta emateko Plan Integrala eginen da.
Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa, lagun-egitea eta ostatuetarako txartelak
Adjudikatutako kontratuaren 1. lotea Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Trinitariosko Zentroaren kudeaketari dagokio, eta hoteletan eta ostatuetan ostatu emateko programak, kaleko laguntza eta hotz- eta bero-boladetako kanpainak ere barne hartzen ditu. Kontratua Consulting Asistencial Sociosanitario SL enpresari adjudikatu zaio, 1.316.942,40 euroan. Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa hirian aldi baterako edo modu iraunkorrean dauden eta bizitokirik ez duten eta hori eskuratzeko baliabide ekonomikorik eta/edo tresna pertsonalik ez dituzten pertsonei aldi baterako harrera ematera zuzenduta dago. Iruñean bizi direnen zein pertsona ibiltarien artean norbanako batek gizarte-bazterketako egoera bizi eta eskuarki etxerik gabe gelditzen da, eta egoera hori hautematen denetan abiatzen da zerbitzua. 50 toki ditu, eta 58ra handitzen ahal dira.
Hoteletan, ostatuetan eta bestelako aterperako irtenbideetan ostatu emateko zerbitzua bizitoki-bazterketa eta gizarte-larrialdiko egoeran dauden norbanakoei eta/edo familiei zuzenduta dago. Gehieneko egonaldia 3 egunekoa izanen da (elkarren segidan edo ez). Salbuespenez, egonaldia denbora mugatu batez luzatzen ahalko da etxebizitza-baliabide egonkor baterako sarbidea bermatzen bada, betiere Gizarte Ekintzako alorreko profesionalen balorazioa jaso eta gero.
Kalean lagun egiteko zerbitzua Iruñean bizi diren, gizarte-bazterketa egoera latzean dauden eta gizarte-arreta zirkuituetara modu autonomoan jotzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago. Prebentzio- eta hezkuntza-izaera du, eta banan-banako gizarteratze-ibilbideetan lagun-egiteko eta planifikatzeko programa bat da. Azkenik, hotzari eta bero-boladei aurre egiteko kanpainek beharrezkoak diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak koordinatzea dute xede, eguraldi txarraren ondoriozko egoerei aurre egiteko, eta, modu horretan, Iruñean errotuta dagoen eta etxerik ez duen inor ostatuko, mantenuko, norberaren garbiketa eta higieneko eta garbitegiko oinarrizko zerbitzuak jaso gabe geratu ez dadin.
Etxebizitza partekatuetan laguntza ematea eta bestelako ostatu-baliabide batzuk
2. lotea ‘Partekatutako etxebizitzetan eta/edo Etxerik gabeko pertsonak artatzeko zentroaz kanpoko bestelako ostatu-baliabideetan laguntza emateko programak’ osatzen du, eta norbanakoei eta/edo adingaberik ez dituzten bikoteei zuzenduta dago. Helburua da esku-hartzearen xede diren herritarren premia eta eskariei egokitutako intentsitate handiko laguntza ematea eta haien gizarteratzea eta bizi-baldintzak hobetzeko dinamikak sortzea. Koine Aequalitas fundazioak eginen du lan hori, 251.870,541 euroko aurrekontuarekin.
Prebentzio-, sustapen- eta hezkuntza-izaera duen zerbitzua da, banakako gizarteratze-ibilbideetan laguntzeko eta planifikatzeko, eta artatutako pertsonen harreman pertsonalak eta sozialak hobetzeko jarduketak barne hartuko ditu. Esku hartzeko bi modalitate daude. Alde batetik, laguntza ematea eta esku-hartzea egitea programan bizileku-baliabide bat lehen aldiz eskuratzen duten pertsonei, hiru profiletan bereizita: bizitoki-bazterkeria egoeran ibilbide luzea duten pertsonak, familia-laguntzarik ez duten eta bizitoki-bazterkeria egoeran dauden pertsonak eta askotariko kontingentziarik eta kalean ibilbide luzerik gabeko 30 urtetik gora duten pertsonak. Bestalde, udal-etxebizitzetan bizi diren pertsonei (modu independentean edo partekatuan), bakarrik bizi diren pertsonei edo adingaberik ez duten bikoteei laguntzen zaie eta haiekin batera esku-hartzeak gauzatzen dira.
Helburu hori lortzeko, Udalak egoki irizten dionean, etxebizitza bat egokituko du, haren funtzionamendua bermatzeko beharrezkoak diren altzari, oinarrizko tresneria eta ekipamenduz hornituta. Arau orokor gisa, profil tradizionala duten pertsonen kasuan, programa horretako egonaldiak ez ditu bi urte baino gehiago iraunen, intentsitate-maila desberdinak kontuan hartuta (harreran, etxebizitzan laguntzean eta autonomiarako bidean laguntzean). Bizitoki-bazterkeria egoeran dauden eta familiaren laguntzarik jasotzen ez duten gazteen kasuan edo 30 urtetik gorakoak diren eta askotariko kontingentziarik ez dutenen kasuan, programako egonaldia ez da hamabi hilabetetik gorakoa izanen, intentsitate-maila horiek berak ere kontuan hartuta.
Larrialdi-egoerak
3. lotea Gurutze Gorriari adjudikatu zaio 23.051,10 euroan eta larrialdi-humanitarioen kudeaketa barne hartzen du. Besteak beste, tenperatura altu edo baxuen, osasun-arriskuen eta uholdeen ondoriozko krisi humanitarioko egoeren aurrean erantzun azkar, seguru eta eraginkorra bermatu nahi da, hirian bizi diren eta kale-egoeran dauden biztanleei berehalako arreta emateko espazio eraginkor hornitua eskainiz. 40 leku gehiago gaituko dira mota horietako larrialdiek eragiten dituzten beharrak asetzeko.
Pertsona horiei aldi baterako aterpetxea eta babesa eman nahi zaie, zaurgarrienetan arreta berezia jarrita (kale-egoeran dauden edo gizarte-zailtasunak dituzten emakumeak, adinekoak, osasun-arazoak dituzten pertsonak...), Osasun Ministerioak edo beste erakunde batzuek kalean lo egiteak pertsonen bizitza arriskuan jarri dezakeela adierazten dutenetan. Era berean, pertsonen osasunarekiko larriki kaltegarriak diren egoera klimatikoetan oinarrizko hornidurak banatzeko talde bat sortzea planteatu da.