Etxebizitza-arazoak dituzten 65 urtetik gorako 151 lagun bizi dira egun Iruñeko Udalaren apartamentuetan

Etxebizitza-arazoak dituzten 65 urtetik gorako 151 lagun bizi dira egun Iruñeko Udalaren apartamentuetan
Herritarren Aferen Batzordeak eta alkateak Arrotxapean dauden apartamentuetako batzuk bisitatu dituzte
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

 

 

Iruñeko Udalak egun 65 urtetik gorako 151 pertsonen eskura ditu udal-apartamentuak, etxebizitzarik ez duten edo beren kabuz baliatu daitezkeen baina beraien etxebizitzan jarraitzeko zailtasun larriak dituztenei bideratutako baliabide bat. Baliabide hori, duela 35 urte eskaintzen da hiriburuan, eta laguntza- eta gainbegiratze-lanak egiten ahal dituzten langileak sartzea aurreikusten da orain. Nola kudeatzen den bertatik bertara egiaztatzeko, Herritarren Aferen Batzordeko kideek, Enrique Maya alkatearekin batera, Arrotxapean dauden apartamentu horietako batzuk bisitatu dituzte.

Adinekoendako udal-apartamentuak ostatua emateko bizitegi-zerbitzu arina dira, oztopo arkitektonikorik gabea. Bakarka edo bikoteka erabil daitezke, eta komuneko gutxieneko zerbitzu batzuk dituzte eskuragarri, nahi duenak erabil ditzan. Udal-baliabide horren helburua da pertsonek beraien etxebizitzaren antzeko ingurunea mantendu dezaten laguntzea, eta beren bizi-kalitatea hobetzea bermatzea, beren beharrei egokitutako oinarrizko ekipamendua duen etxebizitza emanda. Era berean, gizarte-ingurunean jarduerak garatzearen alde eginez, beren kasa bizitzen jarraitzea bultzatu nahi da, eta pertsonak isolatzea edo txarrera egin dezatela saihestu; izan ere, etxebizitzako urritasunek halakoak eragiten dituzte pertsonengan.

Egun 151 lagun bizi dira apartamentuetan, horietatik 127 bakarrik eta 24 bikotekidearekin. Guztietatik, 55 gizonak dira eta 96, emakumeak. Berta bizi direnen batez besteko adina 77,65 urtekoa da, eta apartamentu horietan batez beste ia zortzi urte bizi dira. Egun, udal-baliabide horren 28 erabiltzailek Iruñeko Udaleko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren babesa jasotzen dute. Horietatik, 13k zuzeneko laguntza jasotzen dute, 7 elikadura-zerbitzuaren erabiltzaile dira eta beste 8, bi zerbitzuen erabiltzaile.

Laguntza langile berri bat zerbitzua hobetzeko

Ematen diren zerbitzuak osatzeko, Udalak aurreikusten du apartamentu babestuetara familia-langile bat gehitzea, ikuskapen- eta laguntza-eginkizunak bete ditzan. Horrela, bertan bizi direnek eguneroko laguntza izateko aukera izanen dute jarraipena behar duten egoeratan, hala nola, ospitaleko alta jaso ondoren edo gaixondoan egon behar dutenean, edo, beste egoera batzuetan ere, laguntza psikosoziala ematen dien langile batengana jo dezakete. Era berean, bertan bizi denari modu negatiboan eragin diezaioketen familia-egoerak antzematen lagunduko luke, bitartekaritza-irtenbideak edo maizterren arteko beste gatazka-egoera batzuk ebazten saiatze aldera. Egoera horien aurrean, informazioa biltzen ahalko luke, antolatzeko, bitartekaritza egiteko edo egoki iritzitako neurriak ezartzeko.

Familia-langile hori ere etxebizitza-blokeko bizilagunen erreferente gisa planteatzen da, apartamentuaren barne-funtzionamenduari dagozkion kudeaketa-lan txikiak egiteko orduan. Halaber, bizilagunak aldi baterako etxean ez dauden uneetan abisuak jasotzea zentralizatzeko balioko luke, baita errekurtsoa arautzen duen ordenantzan jasotako irregulartasunak hautemateko kontrol-tresna gisa ere.

Apartamentuetarako sarbidea, Udalaren gizarte-zerbitzuen bidez

Udal-apartamentu batean sartzeko, nork bere auzo-unitatean egin behar du sartzeko eskaera. Iruñeko Udalaren baliabide hori hala norbanakoei nola familia-unitateei (bikoteak, anai-arrebak edo bizikidetza-unitatea osatzen duten beste batzuk) bideratuta dago. Aurkeztutako agiriak Gizarte Zerbitzuetako Alorreko teknikariek baloratzen dituzte, udal-apartamentuak arautzen dituen legedian ezarritako irizpideak kontuan hartuta. Iruñean erroldatuta daramaten denbora, gizarte-, familia- zein bizikidetza-inguruabarrak, egoera ekonomikoa, etxebizitzaren egoera eta adina aintzat hartzen dira. Lortutako puntuen arabera itxaron-zerrendan lekua esleitzen da, zeina egun 118 pertsonak osatzen baitute. Apartamentu bat libre gelditzen denean adjudikazio-prozesua hasten da. Adjudikazioa norberari egiten zaio, eta eguneroko bizitzako jarduera ezberdinak bere kabuz egiteko gai den bitartean mantentzen da.

Udalak bere gain hartzen ditu argi-, ur- eta berokuntza-gastuak, bai eta mantentze-lanak, eremu komunen garbiketa edo komunitate gastuak ere. Erabiltzaile bakoitzak bere ahalmen ekonomikoaren arabera kalkulatzen den tasa bat ordaintzen du. Tasa horiek Iruñeko Udalaren 3. Ordenantzan jasota daude, eta banakako apartamentu bakoitzeko 43,50 eta 345 euro artekoak dira, eta bi pertsonak erabiltzen duten banakako apartamentuen kasuan 375 euro jo dezakete. Apartamentu bikoitzek hileko 43,50 eta 450 euro bitarteko kostua dute. 2021eko apartamentu bakoitzeko batez besteko ordainketa-tasa hileko 146,39 eurokoa da, bizilagunen batez besteko pentsioa hileko 766,56 eurokoa izanik.

35 urteko ibilbidea duen Udalaren bizileku-baliabide bat

Iruñeko Udalak adinekoendako lehen apartamentu-taldea 1986an jarri zuen abian, Donibane auzoan. ‘Txoko-Berri’ izeneko multzoak 36 etxebizitza ditu. 2001ean eta bizileku-baliabide horren beharra kontuan hartuta, beste apartamentu-eraikin bat sortu zen Arrotxapean, 32 etxebizitzarekin. Eskaintza 2005eko azaroan zabaldu zen, Iturraman 42 apartamentu gehitzen zituen bizileku berri bat inauguratzearekin batera. Hiru urte beranduago, 2008an, 9 gehitu ziren Alde Zaharrean. Azkenik, 2021ean, Milagrosan eraikin berri bat abiatu zen, 25 etxebizitza gehiago ekartzen dituena.

Apartamentu guztiak zerbitzu irisgarriak dituzten eremuetan kokatuz joan dira, esaterako, garraio publikoa, osasun-etxeak, saltokiak edo aisialdirako guneak, gizarte-harremanak errazak izan daitezen eta eguneroko jarduerak beren kabuz egiten jarrai dezaten. Guztira, Udalak egun zerbitzu horretara bideratutako 144 apartamentu ditu, horietatik lau okupatu gabe daude, esleitzeke; beste hainbeste zaharberritze-prozesuan daude; eta 21etan hobekuntzaren bat egiten ari dira barnealdean. Beste bat Udaleko Gizarte Zerbitzuen Alorrak landu behar dituen premiazko kasuetarako erreserbatuta dago.

¿Te ha sido útil esta página?