Etxabakoizko Urdánoz etxe-multzoan katuei arreta emateko eremu berezi bat dago. Bizilagunek eta Iruñeko Udalak akreditatutako eta baimendutako boluntarioek animaliak hartzeko erabiltzen duten eremua aldatu egin dute kale-katuak behar bezala artatzeko instalazio ikusgarri eta egokia sortzeko Auzoan konpromiso berezia dute animalien zaintzarekin, katuenarekin zehazki, eta eremu txiki horretan berriki zendutako Pili Sánchez bizilagunari omenaldia egiten diote, bera arduratu baitzen hainbat urtez animaliez.
Ekimena Antsoaingo El Cuervo Blanco arte-eskolarekin lankidetzan egin da, eta aurrez katuen koloniendako jateko ontzi gisa egokitutako iglu formako hiru beira edukiontzi atseginago bihurtu dira. Beira edukiontziak birziklapen-enpresa batek eman ditu, eta edukiontzi bakoitzaren egokitzapenak 1.300 euro inguru jo du.
Itxaso Razquin eskolako arduradunak hainbat proposamen egin ditu ikasleekin batera, Animaliak Hartzeko Udal Zentroak eskaturik. Guztira, 4 eta 21 urte bitarteko ehun pertsonak baino gehiagok ilustrazioak diseinatu eta bere lana eta sormena proiektuaren zerbitzura jarri dituzte katuendako gune koloretsu eta erosoak sortzeko; hala,edertasun estetikoaz gain, ingurumenarekiko errespetuaren eta animaliak zaintzearen inguruan kontzientziatzen laguntzen dute.
Eskolak eskuzabaltasunez lagundu du eta erabilitako materiala besterik ez du kobratu. Egindako lana eskertzeko, ekainean, eskolak hiri-arte festa bat antolatu zuen Antsoainen, eta proiektuan parte hartu zutenei Iruñeko Udalaren diploma bana eman zien.
Animaliak hartzeko zentroan beste bi edukiontzi daude, hiriko beste bi kolonietan jartzeko. Instalazio seguru eta egokia eskaintzeaz gain, proiektuaren beste helburu bat herritarrei koloniak hiriaren parte direla erakustea da, bai eta egunerokotasunean modu positiboan eta politean integratzea ere.
Animalien ongizaterako araudia
Animalien ongizateari buruzko araudi berriak, estatukoak zein tokikoak, ezartzen du udalek nahitaez kudeatu behar dituztela beren udal-mugarteetako kaleko katuen populazioak, bai eta animalien ongizatea eta zaintza bermatu behar dituztela ere. Araudi horri jarraikiz, kolonietako katuak Iruñeko Udalaren jabetzakoak dira. Udala arduratzen da haiek elikatzeaz, esterilizatzeaz, txertatzeaz eta desparasitatzeaz, betiere erakunde laguntzaileekin eta boluntarioekin lankidetza estuan, katu horiek elikatzeko eta zaintzeko lan gogorra egiten baitute.
Iruñean, udal-langileek 2017tik dihardute aske dauden katuekin lanean; orain 45 kolonia daude hiri osoan barna, eta kalkuluen arabera, 400 katu ingururi ematen zaie arreta.
Iruñeko Udalaren Animaliak Hartzeko Zentroan hala behar duten kolonia guztietako animaliak artatzen dira, hala CER/ HAB metodoa aplikatzeko (harrapatu + antzutu + bueltatu) nola gaixotasunen kasuan osasun-arreta emateko. Duela hiru urtetik hona harrapatutako kolonietako katu guztiek mikrotxipa dute Udalaren izenean. Zentroan dauden bitartean katuaren jarraipena egiten da lagunkoiak diren katuak detektatzeko, horiek adopzioan eman baitaitezke kalera itzuli ez daitezen.
ANIMALIAK HARTZEKO ZENTROA
Animaliak Hartzeko Zentroak bide publikoan jasotako 200 animalia hartzen ditu urtero (60 txakur eta katu, ez da beste espezierik hartzen), hainbat espezie, arraza, adin eta gaitasun dituztenak
Helbidea: Unibertsitateko errepidea, zk.g. (Iruñeko mendebaldeko ingurabidearen zubiaren ondoan).
Jendaurreko ordutegia: astelehenetik larunbatera, 12:30etik 13:30era
Harremanetarako: 948 420 996 eta zoonosis@pamplona.es