Etxabakoitzeko Auzo-eztabaidagunea Nicasio Landa ikastetxe publikoan eginen dute ostegunean, 18:30etik 20:00etara. Auzo-eztabaidagunean izanen dira Endika Alonso auzoko zinegotzi eta Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako zinegotzia, Aitziber Campion Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi berezia eta hainbat udal-teknikari.
Eztabaidagune nagusiaz gain, Haurrendako eztabaidagunea ere eginen dute: 17:00etatik 19:00etara izanen da, haurtzaroko programaren lokalean, liburutegi publikoaren aurrean, eta eztabaidagune nagusiaren hasieran aurkeztuko dituzte haurrenean ateratako ondorioak. Haurrendako eztabaidagunean 3 eta 12 urte bitarteko haurrek parte hartzen ahal dute, eta aukera paregabea izanen dute elkartu eta auzoa hobetzeko proposamenak egiteko.
Auzo-eztabaidagune nagusia Nicasio Landa ikastetxe publikoko Haur Hezkuntzako eraikinean eginen dute, eta zuzenean ikusten ahalko da Participa Pamplona YouTubeko kanalean. Entzumen arazoak edo desgaitasunak dituztenendako irisgarria izanen da saioa: zeinu-hizkuntzako interprete bat, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa izanen dituzte. Auzo-eztabaidagunean udal-proiektu hauek izanen dituzte hizpide: Plaza On Iruñeko Boluntarioen Udal Sarea, Gaztediaren Etxea eta Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa / Komunitate Polizia; halaber, proiektu komunitarioen artean, jantoki sozialari buruzko nondik norakoak azalduko dituzte.
Auzo-eztabaidagunea Etxabakoitzeko auzotarrek eta gizarte- eta ekonomia-ehuna osatzen dutenek parte hartzeko organo irekia da; ohiko moduan, eztabaidagunearekin batera Hiri Markaren erakusketa (Pamplona=bagara-Iruña=de verdad) eta beste zenbait udal-egitasmo ikusten ahalko dira Etxabakoitzeko adinekoen lokalean (Urdanoz etxe-multzoan). Asteartean auzoko gune eta proiektuen berri jakiteko ibilaldi bat egin zuten, Ipar Etxabakoitzeko pasealekutik abiatuta.
Gaur, asteazkenarekin, auzotarrek kultur jarduera batez gozatzeko aukera izanen dute, 18:30ean: Etxabakoitz Baila taldeak sevillanak eskainiko ditu Urdanoz etxe-multzoko parkean.
Hurrengo auzo-eztabaidagunea Txantrean eginen dute. Eztabaidagunea ekainaren 12an izanen da, ostegunarekin, eta jarduera ugari antolatuko dituzte astean zehar. Herritarrek ekainaren 9ra arte (astelehena) aurkezten ahalko dituzte ekarpenak, Erabaki Iruña webgunean edo foros@pamplona.es helbide elektronikora idatzita.
ETXABAKOITZEKO AUZO-EZTABAIDAGUNEA
Maiatzak 29 – 31:
Hiri Markaren erakusketa (Pamplona=Bagara-Iruña=de verdad) eta udal-egitasmoak. Adinekoen lokalean (Urdanoz etxe-multzoa).
Maiatzak 28, asteazkena:
Kultur jarduera, 18:30ean; dantzak eta sevillanak, Etxabakoitz baila taldearen eskutik (Urdanoz etxe-multzoko parkean).
Maiatzak 29, osteguna:
Auzo-eztabaidagunea: 18:30ean. Nicasio Landa IPn (Haur Hezkuntzako eraikinean).
Haurrendako eztabaidagunea: 17:00etatik 19:00etara. Nicasio Landa IPn (haurtzaroko programaren lokalean, liburutegi publikoaren aurrean).
HURRENGO AUZO-EZTABAIDAGUNEA: TXANTREA
- Ekainak 12, osteguna. 18:30 – 20:00.
- Tokia: zehazteke.