Etxabakoitzeko baratzeetako eremu publikoak Altzariak muntatzeko eta zura eraldatzeko Lantegi Eskolak egindako estalpea estreinatu du

Etxabakoitzeko baratzeetako eremu publikoak Altzariak muntatzeko eta zura eraldatzeko Lantegi Eskolak egindako estalpea estreinatu du
Gaur Herritarren Aferen Batzordeak bisitatu duen ekimen horretan, Gizarte Enplegu Babestuko hainbat lantaldek ere parte hartu dute
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Etxabakoitzeko hiri baratzeetako erabilera publikoko eremuak estalpea estreinatu du. Landaben Prestakuntza Zentroko Altzariak muntatzeko eta zura eraldatzeko Lantegi Eskolako ikasleak arduratu dira azken hilabeteetan prototipoa diseinatzeaz, piezak fabrikatzeaz eta muntaia egiteaz, Gizarte Enplegu Babestuko Obretako lantaldeak aldez aurretik jarritako hormigoizko zoru baten gainean. Datozen asteetan ingurunea berriz landareztatuko da soropilez, lorategi bat sortzeko, non mahaiak eta bankuak prest egonen baitira, piknikgune gisa

Gaur goizean Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak gunea bisitatu du eta baratzeak zein unetan dauden ikusteko aukera izan du. Nekazal eremuan honako hauek daude: urazak, azak, zerbak, tomateak, luzokerrak, eguzki-loreak, meloiak, tipulak, baratxuriak eta beste ortuari batzuk; baita landare aromatikoak ere, hala nola, albaka eta menta, eta intsektu polinizatzaileak erakartzen dituzten loreak, besteak beste, ekilore moreak, ilen kultibatuak, ziniak eta krabelin txinatarrak. Haiekin zeuden, Richar Elizalde alorreko enplegu-programen arduraduna; José Miguel Enériz Gizarte Enpleguko Obren Lantaldeko arduraduna eta Natxo Barberena, Landaben Prestakuntza Zentroko zuzendaria, bai eta lantegi eskolako hainbat ikasle eta irakasle.

Ekainean hasi ziren baratzeak landatzen eta dagoeneko hainbat produktu jaso dira, hala nola, tomateak, kuiatxoak, urazak eta piperrak. Ekoizpenaren zati bat auzoko parrokiak (Pilareko Andre Maria) banatu dio laguntzen duen Elikagai Bankuari. Zuzkidura honetarako inbertsioa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dute.

Baratze hauek eta Arantzadiko meandroan landatzeko prestatuta dauden 100 lurzati inguruko taldeak banakako emakida bidezko kudeaketa-eredua partekatzen dute. Hiriko laborantzaren bigarren eredu bat dago, ‘Baratze komunitarioena’, herritarrei, oro har, irekita dagoen sistema bat, betiere elkarte baten barnean. Eredu hori beste bost auzotan ezarrita dago: Alde Zaharrean, Donibanen, Txantrean, Mendebaldean eta Arrotxapean. Baratzeak, auzoko bizi kalitatea hobetzeaz gain, ‘Go Green Iruña’ estrategiaren parte dira, hiriak klima-aldaketaren aurka epe ertainean eta luzean garatzen edo garatuko dituen jarduketa-ildoak barne hartzen dituen proiektuarena.

Aisialdiko eta atsedena hartzeko gune bat

Etxabakoitzeko udal-baratzeen eremuan bi gune ezberdin daude: amankomuneko eremua, herritar orori zabalik, eta baratzeen gunea bera. Estalpea lehen gunean dago, Arostegi etorbidetik sarbidea duen aisialdi-eremuan. Apirilean zurarekin lotutako lantegi eskolako 15 ikasleak lanean hasi ziren alertze-egurrez egindako azpiegitura horretan, eta ur-olio ekologikoz amaitu zuten.

Aterpeak 4,50 metroko diametroa duen oinplano oktogonala eta 4,10 metroko altuera du estalkiaren erpineraino. Barnean banku jarraitua du perimetro guztian zehar eta estalkia kontratxapatuzko taulari grapatutako plaka bituminoso marroiekin egina dago. Aterpearen, bankuen eta mahaien hormigoi armatuko zoladuren zimenduak eta bankuen eta mahaien muntaia Gizarte Enplegu Babestuko Obra lantaldeak egin ditu.

Aurretik programa eta arlo ezberdinen arteko beste hainbat lankidetza egin dira. 2018an, adibidez, Iruñeko Udaleko zurgintza eta altzarigintza programako erabiltzaileek egun Pellejerías zokoan dagoen hiri-baratzeko zurezko 160 triangeluk osatzen duten domoa egin zuten, estalitako erabilera anitzeko espazio gisa.

48 baratze

Baratzeen gunera soilik pertsona eta elkarte adjudikaziodunak sar daitezke. Partikularrendako 37 baratzeen zozketa 2020ko abenduan egin zen eta Udalak 300 pertsona baino gehiago ditu erreserban erregistratuta, beraz, momentuz, ez da zerrenda irekiko. Gainera, honako elkarte hauendako 8 baratze daude: Nafarroako Astelehen Lilak, Elkarri Laguntza, ANASAPS, Etxabakoitzeko Erretiratuen Kluba-San Jose Zentroa-Pilar Gogorcena Eguneko Zentroa, Itxaropengune, AFINA, Nafarroako Pigmentu-Erretinosiaren elkartea eta Etxabakoitz Bizirik eta Etxabakoitzeko Auzo Unitateak kudeatzen dituen beste 3.

Hondakinen araudia betetzeko xedez, Udalak pertsona eta elkarte adjudikaziodunen artean Iruñeko Udaleko Gizarte Enpleguko Tapizgintza eta Jantzigintza Taldeak egindako poltsa berrerabilgarri eta garbigarriak banatuko ditu, uztak erabilera bakarreko plastikozko poltsetan jaso ez daitezen. Inongo kasutan ez dira jarriko lurzatietan elementu ez-begetalak, hala nola eguzki-oihalak, mahaiak, bankuak eta etxolak. Ezinen da eite altuko (zuhaitzak) landarerik landatu, ezta barrutira animaliekin sartu ere. Erabiltzaileek ateak giltzaz ireki eta itxi beharko dituzte horiek gurutzatzen dituzten bakoitzean.

¿Te ha sido útil esta página?