Iruñeko Udalak 45 hiri-baratze jarriko ditu martxan Etxabakoitzen, urtea amaitu baino lehenago, eta bihartik aurrera egiten ahalko da horiek erabiltzeko eskaera. Horietako 37 modu partikularrean erabiltzen ahalko dituzte Iruñeko bizilagunek, eta gainerako 8ak gizarte jarduketako edo lanerako prestakuntza-jarduerak zein ingurumen interesekoak egiten dituzten programak dituzten elkarteentzako. Dotazio berri hau gaur egun orube bat dagoen lekuan egonen da, auzoko parrokiaren aurrean.
Baratze berriek 47 eta 85 metro bitarte izanen dituzte, eta denek izanen dute zuzeneko sarrera barrutiko barne-bideetatik, eta oinezko sarbidea eta irteera Aróstegui etorbidetik, Pilarreko Andre Mariaren elizaren aurrean dagoen eremuan. Sarrera nagusiaren ondoan, egoteko leku bat jarriko da, bankuekin, eta bertan dagoen zuhaiztia probestuko da. Perimetroa sare-hesi batez babestuko da, eta horren gainean jarriko da itxitura begetala. Kokapen horrek erabiltzaile guztien funtzionamendu egokia erraztuko du, eta pribatutasuna emanen dio erabilera indibidualari. Ureztatze-kanalizazioak lur azpikoak izanen dira lursailaren eremuaren baitan, eta ur-horniduraren sarera konektatuko dira, hegoaldeko muturreko kalean dagoen 150 mm-ko hoditerian.
Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onetsitako esleipen honen zenbatekoa 83.491,72 eurokoa da, BEZa barne, eta egiteko epea 70 egunekoa; hortaz, dotazio berria erabilgarri izanen da urtea amaitu baino lehen. Lanak Adaxka Lorezaintza S.L. enpresak eginen ditu.
Baratzeen erabilera, eskatzaileen arteko zozketa bidez
37 baratze horietako bat erabili nahi duten partikularrek Iruñean erroldatuta egon beharko dute, eta Udalarekin zorrik ez izan. Bi lursail-tamainaren artean aukeratzen ahalko dute, 47 eta 60 metro koadro bitartekoak edo 61 eta 85 metro koadro bitartekoak. Baratzeak 40 euroko kostua izanen du, urtean, tamaina txikikoen kasuan, eta urtean 60 euro, handien kasuan. Baratzeen esleipena izena eman eta ezarritako betekizunak betetzen dituztenen arteko zozketa bidez eginen da.
Elkarteei zuzendutako zortzi baratzeak barrutiaren hasieran egonen dira, gainerakoetatik bereizita, eta hautaketa aurkeztutako memorian bakoitzak erdietsitako puntuazioaren arabera eginen da. Lagapena hartu nahi duten elkarteek Herritarren Erakundeen Udal-erroldan izena emana eduki beharko dute, helbide soziala Iruñean izan beharko dute, eta irabazi asmorik gabekoak izan. Horretaz gain, gizarte-jarduketako programak izan beharko dituzte, edo lanerako prestakuntza-jarduerak zein ingurumen interesekoak egin.
Baratze berriak erabiltzeko eskabideak bihartik aurrera egiten ahalko dira, eta datozen 30 egunetan, egoitza elektronikoaren edo edozein udal-erregistroren bitartez.
Baratze berriak: bizilagunen eskaerari egindako erantzuna
Dotazio berri hau martxan jartzeko prozesua Etxabakoitzeko auzo-elkartearen eskari batekin abiatu zen; bertan, Iruñeko Udalaren Agenda 21 Zerbitzuari helarazi zioten interesa zutela auzoko parrokiaren ondoan zegoen lursail bat aprobetxatzeko, zeinean, auzotarrek diotenez, 80ko hamarkadan txitxirioak landatzen baitziren. Orduan, Udalak lurzoruaren kalitateari buruzko ikerketa bat eskatu zion Nafarroako Unibertsitate Publikoari, zeinaren bidez ezagutuko baitzen, baita ere, eremu horretan elementu kutsatzailerik ote zegoen.
NUPeko teknikarien oniritziak auzo-elkartearen eta Udalaren arteko lankidetza estua ekarri zuen, eta hori hiru urtez luzatu da, proiektua martxan jarri den arte. Komunitate Poliziaren lantaldearen laguntza ere izan da, denbora honetan guztian lotura lana egin baitu auzotarrekin eta auzoko elkarteekin, harremanak erraztuz eta pertsona gehiagotara iristeko aukera zabalduz. Ideia hau aurrera eramateak eta baratze-multzoa martxan jartzeak Etxabakoitz auzoa Iruñeko gainerako auzoetara hurbiltzea ekarriko du, auzoari jarduera emanen dio eta hiriaren beste urrats bat izanen da baratze ekologikoen alorrean.
Etxabakoitzeko baratze berriak martxan jartzea ‘Go Green Iruña’ estrategiaren parte bat da, hiriak klima-aldaketaren kontra borrokatzeko egiten dituen jarduketa guztiak barne hartzen dituen estrategia. Lan-ildo horretan, gainera, datorren hamarkadarako jarduketa-ildo berriak zehaztuko dira, eta baloratuko dira horiek betetzeko beharrezko baliabideak zein jarraipen eta kontrolerako adierazle eta bitartekoak.