
Iruñeko Udalak Etxabakoitz KKEari eman dio atletismoko entrenamendu-moduluaren kudeaketaren administrazio-emakida, erakunde horren lurzoruetan eraiki baitziren instalazio horiek 2022an. Emakida hamar urterako izanen da, eta bost urtean behin luzatzen ahalko da, bi aldeek hala adosten badute, gehienez ere 75 urtera arte. Emakida zuzeneko adjudikazioaren bidez gauzatu da, kirol eta kultur erakundeak berak aldez aurretik eskatuta.
Instalazioa martxan jarri zenetik, Iruñeko Udalak berak bere gain hartu zuen espazioen erabilera-emakida, eta Etxabakoitz KKEak, berriz, garbiketa- eta mantentze-lanen ardura. Etxabakoitz KKEaren proposamenak lan horiei gehitu die instalazioko sarbideak administratzea, zaintzea eta kontrolatzea, bai eta espazio jakin batzuk eskura jartzea ere, hala nola komunak, aldagelak eta biltegia. Emakidaren ondorioz, emakidaduna behartuta dago espazioak erabiltzen eta ustiatzen jarraitzera eta atletismoko kirol-eskolen jarduerei eta beste jarduera fisiko batzuei instalazioa lagatzera, Udalak kirola sustatzeko dituen lehentasunen babesean.
Iruñeko Udalak sortutako defizitaren 20.000 euro bitarte jarriko ditu urtero, eta ekarpen hori urtero handituko da Nafarroako Foru Komunitateko KPIaren arabera. Lehen urte honetan, ekarpena 15.000 eurokoa izanen da, emakida apirilean hasiko baita. Emakida amaitzean, modulua Iruñeko Udalari itzuliko zaio, emakidak iraun bitartean egindako obra, handitze, instalazio eta ekipamendu guztiekin batera, kontserbazio-egoera onean eta inolako zama edo kargarik gabe.
Emakida horren jarraipena egiteko, batzorde misto bat eratuko da Iruñeko Udalaren eta Etxabakoitz KKEaren artean. Batzorde hori erakunde bakoitzeko hiru kidek osatuko dute, eta gutxienez urtean behin bilduko da. Batzorde horrek erabileren urteko egutegia onetsiko du, arautu gabeko tarifa batzuk ezarriko ditu eta ustiapen-kontuak onetsiko ditu, baita erabilera-memoria eta entrenamendu-moduluaren eta emakidaren beraren zerbitzuaren garapen egokian eragina izaten ahal duen beste edozein inguruabar ere.
Kirol-eskolendako eta beste jarduera fisiko batzuetarako atletismo-instalazioa
Estalitako entrenamendu-modulua 2022ko ekainean estreinatu zen. Pistak 75 x 22,50 metroko tamaina du eta gainazal sintetiko batekin zolaberritu zen, energia gehiago xurgatzeko, oinean presio txikiagoa egiteko eta trakzio ezin hobea izateko. Instalazioak honako hauek barne hartzen ditu: lasterketarako zuzengunea, hasierako irteera-eremuarekin (2-3 m) eta galgatze-eremuarekin (12-16 m); jauzi-korridore bikoitza, bata luzerakoa eta bestea hirukoitzekoa, erortzeko zuloarekin; pertika-jauziko korridorea, erortzeko espazioarekin; gorako jauzia, 18 metrotik gorako bulkada hartzeko korridorearekin erortzeko gunearekin, eta pisua jaurtitzeko zati bat.
Guztira, moduluak estalitako eta argiztatutako 1.687,50 metro karratuko azalera erabilgarria du, hala atletismoko kirol-eskolendako eta beste jarduera fisiko batzuk egiteko, nola errendimendu handiko entrenamenduak egiteko. Instalazioa egiteko obrek 659.053 euroko inbertsioa jo zuten. Truke-espediente baten izapidetzeari esker, Iruñeko Udalak instalazioetan zegoen erabili gabeko egitura metaliko bat erosteko, egokitzeko eta entrenamendu-modulua eraikitzeko beharrezko lanak egiteko aukera izan zuen, bai eta hirigintza-lurzatia erregistroan erregularizatzeko ere. Moduluak sartzeko kontrol-sistema autonomo bat du Urdánoz etxe-multzoko hiri-igogogailuaren ondoko oinezkoendako pasealekuan.