Iruñeko Udalak eta ETAren Terrorismoaren Nafarroako Biktimen Elkarteak (ANVITE) gaur goizean gogora ekarri eta omendu dituzte Francisco Berlanga Robles, Mª Cruz Yoldi Orradre, Antonio Conejo Salguero, Fidel Lázaro Aparicio eta Manuel López González, ETAk hirian egindako atentatuetan erailak. Oroitzapen hori, aurreko astean beste lau biktimekin egin bezala, erailak izan ziren tokietan plaka bana jarrita gauzatu da.
Martxoaren 1ean bezala, eta Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin batera, gaur Enrique Maya Iruñeko alkateak eta José Ignacio Toca ANVITEko lehendakariak parte hartu dute hiriko lau puntutan, non 1978tik1983ra bitarte bost pertsona hil zituzten, egindako ekitaldi instituzionaletan. Ekimen hau Udalak eta ANVITEk ETAren biktimen memoria duintzeko aurreko urteko irailean sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Honako hauek ere bertaratu dira ekitaldira: Javier Remírez Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, José Luis Arasti Gobernuaren ordezkaria Nafarroan, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Iruñeko Udaleko Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai udal-taldeen ordezkariak.
Halaber, bertaratu dira, baita ere, Francisco Germán Martínez Nafarroako komandante militarra, José María Borja Nafarroako Polizia Nazionalaren buru nagusia, Javier Goya Iruñeko udaltzainburua eta Guardia Zibilaren izenean Antonio José Barbero teniente koronela. Gizarte zibilaren eta elkarteen ordezkariak ere izan dira, hala nola Terrorismoaren Biktimen Elkartea (AVT), Vecinos de Paz, Libertad Ya edo COVITErenak.
Oroimen-leku bakoitzean gauzatu diren ekitaldien egitura antzekoa izan da: agintariek, senideek edo biktimen senideen ordezkariek parte-hartze laburrak egin dituzte eta ondoren plakak estalgabetu dira, non hildakoaren izena eta testu hau agertzen baitira: “ETA talde terroristak eraila (atentatua izan zen egunean). Egia, memoria, duintasuna eta justizia”. Jarraian, bisitatu diren lau tokietan, lore-eskaintza bat egin da biktimen omenez, eta minutu bateko isilunea egin da haiek gogoratzeko.
Oroimen- eta omenaldi-lekuak
Lehenengo ekitaldia Gaztelu Plazako 26. zenbakian izan da, non 1979ko urtarrilaren 2an Francisco Berlanga Robles Polizia Nazionaleko lehergailu-teknikaria hil zen, etxe-agentzia baten ondoan poltsa batean jarritako bonba batek eraila. Francisco Javier semea eta José María Berlanga Robles anaia etorri dira omenaldira. Semeak plakaren erreplika bat jaso du eta hitz batzuk esan ditu aitaren oroimenez.
Bertatik, segizio instituzionala Nafarroako Gorteen kaleko 5. zenbakira joan da. Bertan, 1987ko urriaren 17an Mª Cruz Yoldi Orradre hil zen, aseguru-etxe baten bulegoen parean jarritako bonba batek eztanda egin ondoren. María Cruzek egunkariak banatzen lan egiten zuen eta bertatik igaro zen Kale Nagusiko bere etxetik atera ondoren. María Cruz Eguíluz alaba eta beste senide batzuk etorri dira ekitaldira. Ana Isabel Ortigosak, familiaren izenean, hitz batzuk zuzendu dizkie bertaratuei.
Ibilbidearen hirugarren puntua Sarasate pasealekuan egon da, Postetxearen inguruetan. Antonio Conejo Salguero eta Fidel Lázaro Aparicio guardia zibilei omenaldia egin eta haien oroimenezko plakak estalgabetu dituzte. Biak berbertatik tiro eginda erail zituzten 1983ko maiatzaren 25ean postetxean zaintza-lanak egiten zituzten bitartean. Antonio José Barbero Guardia Zibileko koronelak hitz labur batzuk eskaini dizkie familien izenean.
Azkenik, azken bisitak Taconera kalera eraman ditu bertaratuak, geltokiko aldapa zaharrera, non 1978ko maiatzaren 9an bonba batek eztanda egin zuen Guardia Zibilaren kamioneta bat handik igarotzen zenean eta Manuel López González erail zuen. Vicente Pigueiras Nafarroan AVTren ordezkari eta guardia zibilak - esker oneko hitz labur batzuk esan ditu familiaren izenean.