Nerea Lekuona artistak, urtarrilaren 9ra bitarte, Ziudadelako Mistoen eraikinean ‘Desataduras’ lana aurkeztuko du, erakusketa garaikide bat, bai tekniketan bai eta edukietan ere. Lekuonak, artearen ikuspegitik, Trantsizioaren iruditeria deseraiki nahi du, zeina, gertakari historikoetatik haratago, XX. mendeko 70eko hamarkadaz geroztik pentsamendu politiko eta soziala egituratu duten esaldi eta sinbolo, adierazle eta esanahi batzuen hautaketa baten bidez irudikatu baitu. Lekuonaren proposamena da artea erabiltzea ustez jada "ongi lotuta" zegoena askatzeko: ezarpen sinbolikoko edo ‘transitokraziako’ erregimen horren irazkia argitzeko.
Erakusketa gaur goizean aurkeztu dute egileak berak eta Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak. Lekuonak aurten VEGAP eta Eusko Jaurlaritzaren ekoizpenerako bekak jaso ditu. Gaur egun, Zas Kultur Espazioaren –Gasteizko arte garaikideari eskainitako gune independentea– edukien kudeaketan eta programazioan laguntzen du, bai eta nabarmentzen ari diren Euskadiko eta Nafarroako artisten urteroko 'Inmersiones' kongresuan ere.
Erabat jabetuta kontakizuna (historikoa, soziala...) desio- zein gatazka-objektu bilakatu dela, azken finean, memoria borroka espazio bat dela, sortzailea bere arma artistikoez baliatzen da diskurtsoa neutralizatzeko, hura bere esaldietako, ikonoetako, argazkietako bakoitzera murriztuz... ikuslea mezu bakoitzarekin banaka aurrez aurre jarri arte. Gogoeta-zatiketa horrek artea erabiltzea ahalbidetzen du, diskurtso ofizialetik kanpo geratzeagatik esploratu gabeko beste zentzu batzuk errealitatean hautemateko. Horrela, unibertso sinbolikoa kontzeptu txikiagoetara, eta horrenbestez, aztergarriagoetara murriztuz, begiratzen duenari zati bakoitza bere osotasunean ulertzeko ahalmena eman nahi dio.
Erakusketak "esku hartutako kartografia" multzo bat planteatzen du, bere barnealdetik eztanda egiten duen penintsulako mapa batekin eta Arabako Artxiboan trantsizioari buruz egindako azterlan bat oinarri duten irudikapen geo-politiko ezberdinekin. Halaber, arreta jartzen du eta irudikatzen du ‘Demokrazia’ eta ‘Diktadura’ bezalako kontzeptuak aldi berean existitu izana, bai denboran bai bisualki. Instalazio ezberdinen, askotariko formatuen eta hainbat adierazpen-baliabideren bidez, egileak orduan hasiberria zen emozioen marketinaren/marketin politikoaren adierazpenak irudikatzea (eta askatzea) du xede, horiek neutralizatze aldera. ‘Kalea nirea da’ gisako esaldiak edo ‘Zin egin dezaket eta hala egiten dut’ oso ezagunaren itxaropenak.
‘Desataduras’ erakusketa Mistoen eraikinean bisitatzen ahalko da honako ordutegi honetan: asteartetik larunbatera 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.
Nerea Lekuona: artista eta kudeatzailea
Nerea Lekuonak (Gazteiz, 1976) diseinuan, zineman eta bideoan prestakuntza jaso du, eta ikastaroak eta lantegiak egin ditu hainbat artistarekin batera, hala nola Esther Ferrer, Isidoro Valcárcel Medina, Daniel Canogar, Miguel Trillo eta Luis de las Alasekin. Kultur kudeaketan interesa du, eta 2008tik 2011ra bitarte Gasteizko Amarika Proiektuan parte hartu zuen, Arabako Foru Aldundiaren erakusketa-guneak modu alternatiboan kudeatzeko esperientzian. Egun, hori bera egiten du Zas Kultur Espazioaren –arte garaikideari buruzko Gasteizeko gune independentea– edukiekin eta programazioarekin.
2016an, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-museoaren ‘Praxis’ programan gonbidatua izan zen. Urte berean ‘Procesos’ erakusketan parte hartu zuen Dados Negros Holografia eta Arte Zentroan. Bi urte beranduago Artiumek kudeatutako ‘Itineracciones’ deialdiaren barruan hautatua izan zen, ‘Bajo el agua’ landa esku-hartzearekin, zeinetan Ullibarri-Ganboako urtegiko uraren azpian desagertutako herrien memoria lantzen baitzuen. Halaber, "APEIRON: euskal bideoartearen Erakustaldian" parte hartu zuen beste hainbat artista euskaldunekin batera, eta baita "Artbanchel 2018" jaialdian (Madril) ere, ‘In June we trust’ espazioan egindako esku-hartze batekin. Egun, nabarmentzen ari diren Euskadiko eta Nafarroako artisten urteroko "Inmersiones" kongresuarekin lankidetzan ari da.
Jaso dituen sari eta beken artean nabarmentzekoak dira Montehermoso Kultura gunearen "Plusmarca Euskadi" (2014) eta Bitamine Faktoriaren EAS-RIO beka, zeinarekin Capaceteko (Rio de Janeiro) artisten egoitzara bidaiatu baitzuen 2018an. 2021ean VEGAP beka jaso du eta Eusko Jaurlaritzak ekoizpenerako ematen duen beste bat.