Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi du antzerki-lantegien udal-programa esleitzea hiriko ikastetxe publikoetan zein itunduetan 2020-2021eko ikasturterako. Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailako ikasleei zuzenduta dago eta astero eskola ordutegian izanen dira. El Colectivo Nafarroako Antzerki Eskolak programa garatuko du, 97.008 euroko aurrekontuarekin.
Programa honen oinarrian jolas dramatikoa eta dramatizazioa daude, horiek ulertuta haur guztien sormen-adierazpen librea ahalbidetzera zuzendutako kontzeptu gisa, eta xede harturik hezkuntza-baliabideak ematea zenbait adierazpide integratzen dituen esperientzia baterako. Antzerkiaren hezkuntza-dimentsioa lagungarria da hezkuntzan garrantzizkoak diren zenbait gaitasun eta helburu lortzeko, esate baterako, gorputzaren, ezagutzaren eta emozioen garapenerako, eta balio zein portaerekin batera doan elkarreragin sozialerako; halaber, baliabide dramatikoak erabiltzea ikasteko jarduera osagarri eta lagungarria da, zeharka.
Horrela, asmoa da ikasleen esperientzia-esparrua oparoago bihurtzea eta haien bizitza eta harremanak hobetzea, askotariko egoeren bidez, lotsak, beldurrak eta konplexuak gaindituz, leku eta denbora jakin batean, sentikortasuna eta behatze- zein entzute-gaitasunak areagotzeko eta sormen-adierazpena garatzeko, betiere arlo honetako espezialisten laguntzarekin, haur guztiek modu integralean garatu dezaten beren nortasuna.
Iaz 1.978 ikaslek parte hartu zuten programa horretan. Kalkulatutakoaren arabera, ikasturte honetan osotara 86 ikasle talde egonen dira, horietatik 39 ikastetxe itunduetakoak eta 47 ikastetxe publikoetakoak. Ikastetxe bakoitzak hautatzen ahalko du zein mailatako ikasleek parte hartuko duten (Lehen Hezkuntzako 1. edo 5. maila). Gehienez ere 30 saio izanen dira ikasturtean zehar, eta gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez emanen dira, eskatzen dutenaren arabera.