
Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua esleitzea onetsi du Mendillorriko El Lago eta Mendigoiti ikastetxe publikoetako estalkiak berritzeko lanen lehen faserako. Lehen fase horretan El Lago IPko estalkia berrituko dute, eta 329.109,79 euroko aurrekontua izanen dute horretarako. Aurreikuspenen arabera, udan eginen dituzte lanak, hurrengo ikasturtea hasten denerako amaitu ahal izateko. Aurreragoko faseetan Mendigoiti IPko estalkia ere berrituko dute: El Lago ikastetxearen ondoan dago, eraikin berean.
Iragan otsailean arazoak izan ziren El Lago ikastetxeko estalkian: urte hasierako eguraldi txarraren ondorioz, kalteak izan ziren bigarren solairuan, bai ikasgeletan eta bai korridoreetan. Aldi baterako irtenbide gisa, oihal iragazgaitza jarri zuten teilatu-hodi osoan, urik sartu ez zedin eraikinera. Uda honetan, berriz, estalkiko xafla osoa kenduko dute, trenkadak mantenduta.
Estalkiari eusten dioten uhalak kendu eta handiagoak jarriko dituzte, teilatu-hodi garaiagoa jarri ahal izateko, eta teilatuko erremateak, teilatu-hodiak eta inguruko karel babesgarriak kenduko dituzte. Gaur egun dagoen xafla soilaren ordez, 80 mm-ko profil nerbioduneko xafla bat jarriko dute, estalkia hobeto isolatu eta eraikinaren energia-efizientzia hobetzeko. 2.000 mm-ko teilatu-hodi berri bat jarriko dute, hustubidera gutxienez % 1eko malda duela.
2000. urtean eraiki zuten bi ikastetxeak hartzen dituen eraikina, eta hiru bat urte dira itoginekin arazoak dituztela. Udaleko teknikariek idatzi dute proiektua. Eraikinaren 1.330 m2 hartuko dituzte lanek, eremu horretan baitaude arazoak.