Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du hiriko zirkulazioa erregulatzeko instalazioen laguntza teknikoa, kontserbazioa, zein konpontze- eta muntatze-lanetarako kontratua esleitzea. Kontratua Kapsch Traficcom Arce Sistemas SAUri esleitu zaio, urtean 938.680 euroren truke, eta urtebeteko hiru luzapen egiteko aukerarekin.
Aurrekontua honela xehakatu da: 538.680 euro ohiko kontserbazio- eta konpontze-lanetarako eta ustiapenerako; gehienez ere 150.000 euro zirkulazioa erregulatzeko instalazioetan hondatu edo hirugarrenek kaltetutako materiala konpondu eta ordezkatzeko gastuetarako, eta 250.000 euro gehienez ere urtero egin behar izaten diren zirkulazio-instalazio berriek eragindako gastuei aurre egiteko. Apirilaren 1ean emanen zaio hasiera kontratuari. Hori horrela, lehengo kopuruei lehen hiru hilabeteei dagokien murrizketa aplikatuko zaie, aldi horretan kontratua ez baita indarrean egon. Gaur egun, kontratu honi dagokionez 2020 urterako erabilgarri dagoen aurrekontua 50.000 eurokoa besterik ez da.
Kontratuak semaforo berriak eta zirkulazioa kontrolatzeko instalazioak barne hartzen ditu, honako elementu hauek besteak beste: CCTV kamerak, zinemometroak, aparkalekuak eta haien okupazioa seinaleztatzeko sistemak, zutoin barneragarriak, hardware eta software aplikazioak, zirkulazio-neurgailuak, semaforoen zentralizazio-aretoko ekipamenduak, trafikoko CCTVra konektaturiko kamerak, eta hiriko lurralde-esparruan zirkulazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko sistemen funtzionamendua optimizatzeko ikerketa eta garapen oro. Iruñeak 240 CCTV kamera ditu, zutoin barneragarriak dituzten bost eremu, hamaika zinemometro-kabina, bederatzi radar-estazio mugikor, aparkalekuak seinaleztatzeko hogeita hamar bat seinale argidun, semaforo-instalazioak kontrolatzeko 190 nodo eta erregulagailu, eta 1.000 semaforo baino gehiago.