Eskualdeko hiri-garraioko lau geltoki berritu dira hilabete batean, erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko

Eskualdeko hiri-garraioko lau geltoki berritu dira hilabete batean, erabiltzaileen irisgarritasuna hobetzeko
Urte osoan zehar, Udalak hogei bat geltokitan egin ditu jarduketak edo egiteko asmoa du, hainbat ekintzaren barruan
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Iruñeko Udalak lau autobus-geltokitan hobetu du dagoeneko irisgarritasuna; izan ere, joan den irailean, Tokiko Gobernu Batzarrak 144.830,97 euro bideratzea onetsi zuenean, hamaika geralekutan jarduteko konpromisoa hartu zuen. Hirigintza Gerentziako Kontseiluak eta Hirigintza Batzordeak Gipuzkoa etorbidean, Santa Engrazia zubiaren ondoan dagoen geltoki aurreratua bisitatu dute gaur goizean. 

Puntu zehatz horretan egin diren obren bidez, Gipuzkoa etorbidearen eskuinaldean dagoen eskualdeko hiri-garraioaren geltokia aurreratu da, hiriaren irteerako noranzkoan. Orain arte geltokia espaloian atzeraemandako geraleku modura konfiguratuta zegoen. Lan horien bidez, galtzadarekin lerrokatutako geltokia gaitu da. Horretarako, egungo zintarria eraitsi da eta beste ertz-erreten bat eta zintarria eraiki dira, geralekuko nasa zolatu da, eta orain, 20 metroko luzera du geltokiak. Lanak amaitu ondoren, lehendik zegoen markesina lekualdatu da errepidera hurbiltzeko, eta berriro ezarri da seinaleztapen bertikala. 

Obra hori behar-beharrezkoa zen pertsonen irisgarritasuna hobetzeko; izan ere, lehengo geralekuaren luzerak eragotzi egiten zuen hiri-autobusa espaloiarekin lerrokatzea. Horren ondorioz, tarteko eta atzeko ateak zintarritik urrun geratzen ziren, eta erabiltzaileek galtzadatik igo eta jaitsi behar izaten zuten.

Eskualdeko hiri-garraioko hamaika geltokiak eraberritzeko lanak irailaren erdialdean hasi ziren. Santa Engrazia zubiaren ondoko geltokiaz gain, obrak amaituta daude jada Barañain etorbideko 52. zenbakiaren pareko geltokian (Planetarioaren aurrean), eta Sanduzelaiko etorbidean, 17. zenbakiaren pareko geltokian bat, auzoko futbol-zelaiaren ondoan, eta beste bat 69. zenbakiaren parean, Labayen Doktorearen kalearekiko bidegurutzearen ondoan. Aurreikuspenen arabera, aste honetan bertan amaituko dituzte Iratxeko Monasterioaren kaleko 34. zenbakiaren ondoan egiten ari diren obrak. 

Azken geltoki aurreratu hori amaitutakoan, San Roke kaleko lanei ekinen zaie, Nafarroako Auzitegiaren aurrean. Kasu honetan, parez pare dauden bi geraleku moldatuko dira. Aurreikuspena da gainerako jarduketak elkarren segidan egitea, lan guztiak abenduaren erdialdean amaitu arte. Honako hauek dira geltokiak: Navarro Villoslada kaleko sarreraren aurrean dauden Zaragozako etorbideko bi geltokiak; Adela Bazo kalean eta Joan Paulo II.aren kalean parez pare dauden bi geltokiak; eta Aróstegui etorbideko geltokia, Elortz ibaiaren gaineko zubian. Gaur egun geltokiak geraleku gisa konfiguratuta daude, eta autobusak espaloiarekiko paralelo gelditzea eragozten dutenez, hurbiltzeko maniobrak egin behar izaten dituzte.

Hogei bat geltoki aurreratu 2024. urtean zehar
Hamaika geltoki aurreratu horiei Udalak 2024an berritu dituen, edo berritzekoak dituen beste horrenbeste gehitu behar zaizkie. Helburua da urtea amaitzean eskualdeko hiri-garraioko 20 geraleku irisgarriago egitea herritarrentzat.

Jarduketa horien artean daude, adibidez, Abejeras kalean irisgarritasuna hobetzea, 12. zenbakiaren parean, edo Fuente del Hierro kaleko 30. zenbakiko geltokia eraberritzea, hura bide berdeagoa izan dadin eginen diren jarduketen barruan. Baita Eskualdeko Ibilerraztasuna eta Garraioa Hobetzeko Planaren barruan eraberritutako beste bost geltoki ere. Kasu honetan, autobus-geltokiak eraberritzeko lanak honako kale hauetan eginen dira: Iturrama auzoan, Iturrama kalean, 11. zenbakiaren parean, eta Eneko Aritza kalean, 20 zenbakiaren parean; Arrosadian Queiles Errekaren kaleko 9. zenbakian; eta Donibanen, Baiona etorbidean, bat Irurita Apezpikuaren plazaren ondoan eta bestea 5. zenbakiaren parean.

Horri guztiari erantsi behar zaio, Pio XII.aren hiribidean bi autobus-geltoki geltoki aurreratu bihurtzea, Pio XII.aren etorbideko igarobide jasangarriaren obren barruan. Pio XII.aren etorbidearen eta Iturrama kalearen arteko elkargunean daude biak. 

Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoaren barruko jarduketak
Sanduzelain, Etxabakoitzen, Donibanen, Ermitagañan, Arrosadian eta Lezkairun eskualdeko hiri-autobusen geltoki horiek berritzea Iruñeko 2023-2026 urteetarako Irisgarritasun Integraleko Plan Estrategikoan aurreikusitako jarduketen barruan sartzen da. Plan horren helburua da Irisgarritasun Unibertsalari buruzko 12/2018 Foru Legea eta estatuko gainerako arauak betetzea, zeinek, besteak beste, galtzadarekin lerrokatutako geltoki aurreratuak eta ukimenezko zoladura aurreikusten baitituzte. 

Hamaika geltokietako obrak Urbanismo Táctico Pamplona ABEEri esleitu zitzaizkion (Lacunza Hermanos SL eta Goyo Señalizaciones SL), Mugikortasuna eta Jasangarritasuna Hobetzeko Obren Esparru-akordioaren barruan. Horietan guztietan, geltokiak  aurreratuko dira, hiri-autobusa zirkulazio-erreian bertan gera dadin bidaiariak igo eta jaisten diren bitartean. Baliabide horrek autobus-lineen merkataritza-abiadura hobetuko du, eta, ondorioz, zerbitzuaren kalitatea. Gainera, atzeraemandako nasetan araua urratuz gelditzen diren ibilgailuen efektua ezabatuko du, baita jokaera horrek hiri-autobusek ibilbide egokia egiteko eragiten dituen eragozpenak ere.

¿Te ha sido útil esta página?