Erripagañako herritarren % 92k auzoa udalerri bakar baten parte izatea nahi du eta % 77k oso edo nahiko modu positiboan baloratzen du udalerri hori Iruña izatea

Erripagañako herritarren % 92k auzoa udalerri bakar baten parte izatea nahi du eta % 77k oso edo nahiko modu positiboan baloratzen du udalerri hori Iruña izatea
Auzoari buruz duten pertzepzioari buruzko inkestan honako eskakizun hauek islatu dira: osasun-zentroa, ikastetxea eta kirol- eta kultura-instalazioak, besteak beste
Irudia
Irudia
Irudia

Erripagañak udalerri bakar baten parte izan nahi du eta hura Iruña izatea nahiago du. Bizilagunen % 92k udalerri bakar bat izatea nahi du eta ez lau, eta % 77k Iruña aukera hoberena dela uste du Hala adierazten dute Erripagañan bizi direnek auzoaren errealitateari buruz duten iritzia eta pertzepzioa ezagutzeko galdeketaren emaitzek. Iruñeko, Burlatako eta Uharteko udalek adostu zuten galdeketa egitea. 

Inkestaren datuak gaur goizean eman dira ezagutzera Kondestableko hitzaldi-aretoan egindako bilera batean, eta hiru udaletan, hiru alkatetzetan eta kontsulta gidatu duen talde teknikoan dauden indar politiko guztietako ordezkariak gonbidatu dituzte. Galdeketaren daturik garrantzitsuenak honako hauek dira: bizilagunen % 80k Erripagañan nahiko ongi (% 56) edo oso ongi (% 24) bizi dela uste du, % 16k, erdipurdi eta % 4k, gaizki edo oso gaizki. Auzokideek, nagusiki, zuzkidurak eta zerbitzuak eskatzen dituzte, hala nola osasun-zentroa, ikastetxeak eta kirol- eta kultura-instalazioak. % 86k banaketa administratiboak zerbitzu publikoen kudeaketan eragina duela uste du, eta espazio publikoaren mantentze- eta kudeaketa-lanei dagokienez, % 51k udalerriaren arabera aldeak nabaritzen ditu.

Erripagañako hiri-errealitatea ezagutzeko analisiak xede du honako hauek ezagutzea: auzoan bizi direnen azturak eta komunitate-harremanak; hiri-ingurunearekiko duten gogobetetze- eta ongizate-maila; hiriarekiko, herriarekiko edo auzoarekiko errotze-maila; eta espazio publikoaren erabilera eta horri buruz duten iritzia. Inkesta Ikerfel enpresak egin du 12.950 euroko aurrekontuarekin (BEZa kanpo). Elkarrizketatutako pertsona bakoitzari 28 galderako galdetegia egin diote. Inkesta Iruñeko, Burlatako eta Uharteko udalerrietan bizi diren Erripagañako auzokideei egin zaie. Etxean, aurrez aurre, 702 elkarrizketa egin zaizkie 15 urtetik gorakoei, Erripagañaren parte diren udalerri bakoitzeko biztanleria kopurua neurtuta.

Ez dute osasun-zentrorik, ezta ikastetxerik eta kirol- eta kultura-zuzkidurarik ere
Auzoko arazo nagusiek zerikusia dute zuzkidura, instalazio eta ekipamendu faltarekin, baita auzoa osatzen duten udalerrien banaketa administratiboarekin eta koordinazio faltarekin ere. Gauzak horrela, % 77k uste du auzoaren arazo nagusia osasun-zentrorik ez izatea dela, % 32k, ikastetxeak falta direla, % 20k, kirol-instalaziorik ez dagoela eta % 18k, kultur ekipamendurik ez dagoela. 

Biztanleen % 20k uste du administratiboki lau udalerritan banatuta egotea arazo bat dela, eta % 11rendako, administrazioari dagokionez koordinaziorik ez egotea. Hobetu beharreko beste alderdi batzuk honako hauek dira: saltokirik ez izatea (% 9), zerbitzu publikoen funtzionamendua eta estaldura (% 7), kale-garbiketa (% 6), garraioa eta loturak (% 5) eta beste udal batzuetara joan behar izatea jarduerak egitera edo zerbitzuak erabiltzera (% 4). 

Dena den, % 76k senideei, lagunei edo ezagunei nahiko edo erabat gomendatuko lieke Erripagañan bizitzea. 10en gaineko batez besteko puntuazioa 7,4 da, eta oso homogeneoa da Iruñeko, Burlatako eta Uharteko bizilagunen artean; hala ere, Gomendatze Indize Garbia positiboa da Burlatan. % 63k uste du auzoa bizitzera joan zirenean bezala dagoela, % 24k, hobeto dagoela eta % 13k, okerrera egin duela. Etorkizuneko itxaropenari dagokionez, %61ak baikorra da eta hobetuko dela uste du, %25ak berdin jarraituko duela uste du eta %12k okerrera egingo duela uste du. 

Auzotarrek iritzi desberdinak dituzte, zein udalerritakoak izan eta horren arabera
Inkesta egin duten herritarren % 91ak uste du Erripagañak ez dituela beharrezko zerbitzu publikoak ematen. Inkestaren atal hori zerbitzu publikoekin eta administrazio-kudeaketarekin dago lotuta, eta bertan emandako erantzunek mahaigaineratzen dute aurrez auzoan hautemandako arazoen ildoari jarraitzen diotela. Herritarren % 75ak osasun-zentro baten falta sumatzen du; % 35ak, kiroldegi edo kirol-zentro batena (igerilekua eta gimnasioa); % 31k, ikastetxearena; % 31k, kulturarekin lotutako eraikinena (civivoxa, kulturaren etxea, kultur zentroa eta zentro zibikoa); % 13k, liburutegi batena; eta % 13k, saltoki eta dendena. 

Gainera, herritarren % 68aren iritziz, abian jarri diren zerbitzu eta ekipamenduen kopurua ez dator bat Erripagañak urtez urte izaten duen biztanleria-igoerarekin; % 14a, berriz, nahiko edo guztiz pozik dago zerbitzu eta ekipamenduen funtzionamenduarekin. % 76k uste du ez daudela behar adina zerbitzu eta ekipamendu; % 16k uste du orokorrean nahiko ongi daudela, eta % 8a, berriz, pozik dago egun daudenekin. 

Hauxe da inkestak islatzen duen beste alderdi bat: auzoko zein gunetan bizi eta horren arabera, aldeak daude espazio publikoaren mantentze-lanei dagokienez. % 51k uste du aldea dagoela, % 48k, berriz, ez. Burlatako eta Uharteko eremuan inkestatutako herritarren erdiak baino gehiagok uste du aldeak daudela, eta Iruñean inkestatutakoen erdiak baino gehiagok uste du ez dagoela alderik. Herritarren % 38k aldeak hauteman ditu berdeguneen, parkeen eta lorategien mantentze-lanei dagokienez, % 33k, Eguberrietako argi eta apaingarriei dagokienez; % 27k, kaleen garbiketari dagokionez; % 11k, espaloien, kaleen eta gune komunen egoerari dagokionez; eta % 9k, polizia egoteari eta gaueko argiei dagokienez. 

Auzo-identitatea eta errotze-sentimendua
Erripagañan, kontsumo- eta aisialdi-ohitura jakin batzuk sortu dira herritarrek auzoan antzeman dituzten gabeziak arintzeko. Herritarren % 59k Eguesibarren du medikua edo osasun-zentroa; % 36k Iruñean egiten ditu kirol-jarduerak; % 64k Iruñeko kultur jardueretan hartzen du parte; eta % 34k Iruñera joan behar du ikastetxeekin eta hezkuntzarekin lotutako gaiak jorratzeko. % 79k Iruña hautatzen du arropa eta gailu teknologikoak erosteko; % 55ak, jatetxetan bazkaldu eta afaltzeko; eta % 57k, lagunekin eta ezagunekin elkartzeko. Dena den, ekintza batzuk Erripagañan egiten dira oro har. Herritarren % 62k Erripagañan egiten ditu eguneroko erosketak; % 65 auzoko berdegune eta parkeetan barna ibiltzen da eta % 36 auzoko haur-parkeetara joaten da.

Inkestak, halaber, Erripagañako biztanleek auzoko gizarte-kohesioari eta auzo-identitateari buruz duten iritzia jasotzen du. % 51ak aitortu du ez duela lagun-talderik Erripagañan, eta % 58k adierazi du ez duela lagun berririk egin auzoan. % 63k ez du komunitate-jardueretan parte hartzen, eta % 91, berriz, ez da auzoko ezein elkarteko kide. Dena den, % 57k uste du auzoak berezko duen nortasuna sortzen ari dela. 

Errotze-sentimenduari dagokionez, hauxe erantzun dute non bizi diren galdetu zaienean: auzotarren % 73k erantzun du Erripagañan bizi dela, % 20k Iruñean bizi dela erantzun du; % 5ak, Burlatan eta % 2k, Uharten. Auzoaren parte izatearen sentimenduari dagokionez, % 63 iruindarrak sentitzen dira; % 19, burlatarrak; % 6, eguesibartarrak eta % 2, uhartearrak. Inkestatutakoen % 9 ez da udalerri horietako bakar batekoa sentitzen, eta % 1ak ez daki edo ez du erantzun.

¿Te ha sido útil esta página?