Erripagaña, Beloso eta Bidezarreko auzo-eztabaidagunearekin amaituko dute Udalaren eta hiriko auzo bakoitzeko herritarren arteko topaketen zikloa, ostegunean. 18:30ean izanen da, Elorri ikastetxean, Etxalatz Jaurerriaren kalean. Hor izanen dira Maider Beloki Unzu auzoko zinegotzi eta Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzia, Aitziber Campión Ganboa Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi berezia eta hainbat udal-teknikari.
Belosoko, Bidezarreko eta Erripagañako herritarren interesen berri jakiteko baliatuko dute eztabaidagunea. Gainera, auzotarren eskariak entzuteaz gain, Iruñeko Udalak herritar guztiei eskaintzen dizkien zerbitzuak ezagutaraziko ditu, hala nola Plaza On Iruñeko Boluntarioen Sarea, Gaztediaren Etxea eta Bitartekaritza Komunitarioko Bulegoa / Komunitate Polizia. Bidezarreko Auzotarren Elkarteak ere izanen du hitz egiteko tartea.
Eztabaidagune nagusiarekin batera, Txikien Foroa eginen dute auzoko 3 eta 12 urte bitarteko haurrendako, toki berean. 17:00etatik 19:00etara izanen da, eta helduendako eztabaidagunean aurkeztuko dituzte haurrenean ateratako ondorioak.
Aurrez aurre eztabaidagunean parte hartu ezin dutenek Participa Pamplona Youtubeko kanalean ikusten ahalko dute zuzenean. Entzumen arazoak edo desgaitasunak dituztenendako irisgarria izanen da saioa: zeinu-hizkuntzako interprete bat, estenotipia (azpidatziekin) eta begizta magnetikoa izanen dituzte.
ERRIPAGAÑA, BELOSO ETA BIDEZARREKO AUZO-EZTABAIDAGUNEA
Ekainak 19, osteguna:
Hiri Markaren (Pamplona=Bagara-Iruña=de verdad) eta udal-egitasmoen erakusketa. 17:00etatik aurrera. Elorri ikastetxean.
Haurrendako eztabaidagunea: 17:00 – 19:00. Elorri ikastetxean.
Auzo-eztabaidagune nagusia: 18:30 – 20:00. Elorri ikastetxean.