
Bueltan da Dantza Zoroan jaialdi ibiltaria: apirilaren 12an (larunbata) eginen da, Iruñeko Ziudadelan. Jaialdiak ohikoak ez diren espazioetan eginen diren hiru proposamen eszeniko eskainiko ditu Ziudadelan, tokiko eta nazioarteko konpainien eskutik; 20:00etarako antolatu dituzte koreografiak, eta sarrera librea izanen dute. Dantza garaikideko jaialdia Iruñeko Udalak sustatzen du, eta 2016ko udan sortu zen Iruñeko Alde Zaharrean; Rafael Arenas eta Carmen Larraz dira jaialdiaren zuzendariak, eta urtez urte aldatuz joan da: egun formatu ibiltaria darabil, eta abangoardiako musika elektronikoa eskaintzen du.
Jaialdiak dantzara eta mugimenduari lotutako arteetara hurbildu nahi ditu herritarrak, eta horretarako, Koreako, Zipreko eta Méridako hiru konpainiarendako hiru gune prestatu dituzte,15 eta 20 minutu arteko hiru koreografia dantza ditzaten. Udan bezala, tokiko parkour-talde bat arituko da jaialdiaren hasieran, jaialdia egin bitartean eta amaieran: Armada etorbidetik Ziudadelarako sarreran hasiko dira parkourra egiten.
Ohikoa den bezala, DDM parkour-taldea arduratuko da jardunaldia irekitzeaz eta ixteaz. Ziudadelan barna gidatuko gaituzte eginen den ekitaldi bakoitzera. Taldea honako hauek osatzen dute: Alba Duarte, Idoia Rodriguez, Rafael Arenas, Carlos Lezaun, Urtxi Ortega, Alejandro Abad, Lucas Torres, Ander San Martín, Marcos Quel, Enrique Cabreras, Isaak Duarte, Álvaro Taravillo eta Rubén Giménez.
Korea, Zipre eta Mérida jatorri gisa
Lehenengo koreografia Speechless (Hitzik gabe) da: Heung Won Lee dantzariak sortu zuen 2023an. Dantzariak Koreako Arte Unibertsitate Nazionalean ikasi zuen. Halaber, Koreako Dantza Garaikideko Konpainia Nazionalean lan egin zuen, eta gero Poloniara joan zen lanera; 2019tik Lituaniako Aura Dantza Antzerkiko kide da eta bertan nazioarteko koreografo ugarirekin batera lan egiten du. Speechless (Hitzik gabe) lana dantzariaren familiaren zorigaiztozko historian inspiratzen da, eta erresilientzia sustatzea du helburu. Speechless (Hitzik gabe) pieza Tokioko Sai jaialdian dantzatu zen 2024an, Ankarako Solo Dance jaialdian 2024an, eta bakarkako dantza-lehiaketako 3. saria jaso zuen Gdańsken.
Bigarren koreografia Bente Bulens dantzari zipretarraren Beyond After da; Bulens dantzaria, esploratzailea eta antzezlea da, Zipreko Arte Eszenikoen Eskolan lizentziaduna. Beyond After soloak ICC Linkage lehiaketan lehen saria irabazi zuen, eta Belgikako Danspunten babesa jaso zuen 2023-2024an. Bentek mugimenduaren absurdoa, dentsitatea, errepikapena, eta surrealismoa aztertzen ditu eta mugimenduaren nolakotasun jakin batzuekin lotutako akidura aztertzen du.
Azkenik, Extremadurako Germen Dance Project konpainiak Dânsâi koreografia dantzatuko du: konpainiaren artistetako batek Calira egindako bisitan aurkitu zuen Ficus Elastikoarekin (Dansai Ichijiku) –Kolonbiako biodibertsitatearen parte den zuhaitz espezie ugarietako batekin– izandako topaketan eta artistaren mugimenduaren ikerketan eta pertzepzioan inspiratutako pieza da. Lan honek itsasoko espezie ornogabeen biomekanika eta ergonomia jorratzen ditu, eta horiek giza gorputzera nola eraman ahal diren eta haren muskulu-ehunetara nola egokitzen ahal diren aztertzen du. Germen Dance Project dantza-konpainia Adrián Herrera eta Alba Gog meridarrek sortu eta zuzentzen dute, eta Méridan (Extremadura) du sormen-egoitza.