Errekor historikoa garraio publikoan: uztailaren 6an 274.382 bidaiari ibili ziren villavesetan, Txupinazoa larunbatean izan zen azken aldian baino % 7,4 gehiago

Errekor historikoa garraio publikoan: uztailaren 6an 274.382 bidaiari ibili ziren villavesetan, Txupinazoa larunbatean izan zen azken aldian baino % 7,4 gehiago
Asteburuan jende asko egon arren, jasotako salaketen kopurua % 17,3 jaitsi zen; 2023an 479 izan ziren, eta aurten, 396
Irudia
Irudia
Irudia

Asteburuan Iruñerriko garraio publikoak marka guztiak hautsi zituen, batez ere larunbatean (uztailak 6). 274.382 erabiltzaile izan ziren; kopururik handiena 2012tik, eta Txupinazoa larunbatean izan zen azken aldian, 2019an, baino % 7,4 gehiago. Igandean (uztailak 7) 255.589 bidaia egin ziren garraio publikoan, 2019ko egun berean baino % 13,13 gehiago. Horixe goraipatu da astelehen honetan Babes Zibileko Batzordearen bileran. Hain zuzen, organo horretan biltzen dira festen garapena ahalbidetzen duten estamentu eta erakunde guztien ordezkariak. Batzordea egunero biltzen da, uztailaren 13ra arte, Udaltzaingoak Iratxeko Monasterioaren kaleko 2an dituen lokaletan, ukitutako kolektibo guztiek (segurtasuna, babes zibila, osasun-arreta eta abar) festen nondik norakoaren balorazioa egin dezaten. Gaur goizean batzordearen lehendakaria Endika Alonso Irisarri izan da, Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako zinegotzi ordezkaria.

Garraioaren eta zabor-bilketaren kopuruek bermatzen dute pertsona andana etorri direla; hala ere, lehen asteburu honetan 396 salaketa aurkeztu dira segurtasun-kidego guztietan; iaz, berriz, 479 salaketa aurkeztu ziren festen lehen bi egunetan (osteguna eta ostirala). Hau da, iaz baino % 17,4 salaketa gutxiago. Berriz ere, gehien errepikatzen den delitua ebasketa da, 76 salaketa jarri baitira, guztizkoaren % 19,2.

Horrez gain, Iruñeko Udalak Errekoleten plazan dagoen osasun-arretarako puntua estreinatu du. Uztailaren 7an 46 arreta egin ziren bertan; 5 presakoak, 40 arin eta bat identifikaziorik gabea; era berean, handik 10 ospitaleratze egin ziren Nafarroako Unibertsitate Ospitalera. Vázquez de Mella, ‘Koktelera’ izenekoak, 60 arreta egin zituen, horien erdiak ospitaleratzeak.

Sexu-delituei dagokienez, ustez uztailaren 7ko goizaldean etxe partikular batean gertatutako sexu-eraso bati lotutako salaketa bat ikertzen ari da Udaltzaingoa. Era berean, Udaltzaingoan eta Foruzaingoan guztira bost salaketa jaso dira ukituengatik. Azken horiez bezainbatean, sei atxiloketa egin dira.

Gazteluko plazan dagoen sexu-erasoei buruzko argibide guneak –sentsibilizazio-baliabide eta erreferentzia eta entzute aktiboko gunea– 6.397 pertsona hartu ditu uztailaren 5ean ireki zenetik. Gune horretan, batez ere, informazioa eman eta materiala banatzen da. Egunei dagokienez, uztailaren 5ean 806 bisita egon ziren; uztailaren 6an, 3.041, eta uztailaren 7an, 2.550. Horrez gain, mostradorean 4 gertakari arinen berri jaso da. Festetan, gunea zabalik egonen da 11:30etik 15:00etara, eta 18:00etatik gauerdira, uztailaren 6tik 14ra.  Arreta gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez ematen da, ahalik eta pertsona gehienetara heltzeko asmoz.

¿Te ha sido útil esta página?