
Aurrera doaz Erreginaren aldapan bi noranzkoko bidegorri bat egiteko lanak: Hirigintza Gerentziak kalea berrurbanizatzeko oinarrizko proiektu bat onartu berri du. Lan horiek Erreginaren aldapa osoari eraginen diote, Juan XXIII.aren plazatik hasi eta Gipuzkoa etorbidearekin bat egiten duen tokiraino, bai eta kartzela zaharreko orubea mugatzen duten bi bideen zati bati ere: San Roke kaleari eta Larraina multzoari.
Bizikletendako azpiegitura bi noranzkoko bidegorri bat izanen da: 3 metroko zabalera izanen du, eta gainera, Taconera kalean eta Kosterapeko pasealekuan dagoen bizikletendako azpiegiturarekin lotuko dute. Proposatutako bidea egungo galtzadaren maila berean eginen dute nagusiki, harekiko paralelo ia bide osoan. Oinarrizko proiektuak aintzat hartzen ditu oinezkoen irisgarritasuna hobetzea, eta klima-aldaketa arindu eta hari egokitzea.
Erreginaren kalea eta Larraina multzoa berrurbanizatzeko lanen oinarrizko proiektuak 2.191.994,12 euroko aurrekontua izanen du guztira, BEZa barne. Proiektuaren idazketa 65.000 euroan (BEZik gabe) adjudikatu zen: horietatik, 37.916,65 euro proiektua idazteko dira, eta lanak egitea erabakiko balitz, 27.083,35 euro lanak zuzentzeko izanen lirateke.
Esku-hartzea, zatika
Juan XXIII.aren plazaren eta San Roke kalearen arteko tartean, bi noranzkoko bidegorria Antoniutti parkeko espaloiaren ondoan egonen da; beraz, Gipuzkoako etorbidera doan zirkulaziorako bideak zabalera aldakorreko errei bakar bat izanen du . Beste aldean, oinezkoendako pasabideak aurreratu eginen dira, eta San Roke kalearen parean, kirol kluberako sarrera eta irteera noranzko bakarrean izanen da.
San Roke kalean, bidegurutzea aldatu eginen da, eskuineko galtzada eta espaloia hobeto lerrokatzeko: gaur egungo iskinak kendu eginen dituzte, eta hor dauden zuhaitzak, azpiegituran sartu. Oinezkoendako pasabidea kalearen hasieran egonen da eta goratua izanen da. San Rokeren eta Larraina multzoaren arteko gaur egungo ibilgailuendako galtzadan bidegorri bat eta oinezkoendako espaloi bat sortuko dituzte Larrainako kirol-instalazioen inguruan. Proposatu den irtenbideak mantendu eginen ditu zuhaitzak eta egun dagoen areka berdea.
Kartzela zaharrak hartzen zuen tokian, Justizia Jauregia eta udal haur-eskola bat handitzea aurreikusten da, bai eta noranzko bakoitzean bi errei izanen dituen bide bat eraikitzea eta perpendikularki aparkatzeko leku bat eta espaloi bat sortzea ere. Erreginaren aldapak eta Larrainako etxebizitzen multzoa dagoen irteerarik gabeko zokoak bat egiten duten bidegurutzea espaloien maila berean jarriko dute, eta horrela errazagoa izango da alde batetik bestera igarotzea. Ibilgailuendako pasabidea aldatu eginen denez, Larraina kluberako sarrera eta irteera ere aldatu eginen dira, eta bidegurutze horretan egonen da hain justu.
Hurrengo tartean, Larraina multzotik Iratxeko Monasterioaren kalerainokoan, bidegorri bat eta ibilgailuendako bi errei jartzea aurreikusten du proposamenak, eta ezkerreko aldean ez litzateke ezer eginen, duela gutxi berrurbanizatu baitute inguru hori. Eskuineko aldean, Larraina kluberako sarreratik hasita, Taconera parkea zeharkatu eta masustondoen bidearen ondoko oinezkoendako pasabidera iritsiko den bide bat egitea aurreikusten da. Proposatutako esku-hartzearen arabera, gaur egun ezkerrera biratzeko dagoen erdiko erreia kenduko dute, eta semaforoen erregulazioa aldatu.
Iratxeko Monasteriotik Gipuzkoako etorbideko biribilgunerainoko tartean, errei bana kenduko dute noranzko bakoitzean, eta aurrerantzean bakarra izanen da, igoeraren azken zatian izan ezik: hor beste errei bat jarriko dute eskuinera biratzeko. Gorantz goazela ezkerreko aldean egonen da bidegorria, gaur egun dagoen arekaren ondoan, Taconera parkeko ezponda hartu gabe, eta beste aldean espaloi bat egitea aurreikusten da, dagoen ezpondaren mugan.
Azkenik, Gipuzkoako etorbideko biribilgunean, galtzada estutzea aurreikusten dute, eta kanpoko aldean bidegorri bat jartzea, horrela bat eginen baitute egun dagoen bidegorriak eta biribilgunearen iparraldean dagoen bizikletendako ibilbideak. Gainera, biribilgunearen hegoaldeko espaloi zatia eraitsi eta horri lotutako oinezkoendako pasabideak kenduko dituzte, eta Taconerako hegalean dagoen espaloian eta beheko harresian ere esku hartuko dute.