Erregeen lehen hiru estatuak Taconera parkean ezarri dira behin betiko

Erregeen lehen hiru estatuak Taconera parkean ezarri dira behin betiko
Estatuak lekualdatzeko erabili ziren egitura metalikoak berrerabiliko dira Sarasate pasealekuko beste hiru estatuak mugitzeko
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Erregeen lehen hiru estatuak abenduan kendu zituzten Sarasate pasealekutik, eta orain behin betiko ezartzen hasi dira Taconera parkean. Lanak goizean goiz hasi eta gaurko egunean zehar bukatuko dira. Hala, beste hiru estatuak kendu behar dira, Sarasate pasealekuan baitaude oraindik. 

Abenduaren 4an kendu ziren lehen hiru estatuak. Egun horretan hala estatuak nola oinarriak lekualdatu ziren. Oinarri horiek Taconeran jarri dira egun hauetan. Horregatik, oinarriak jarri bitartean, estatuak parke horretako udal-biltegian egon dira gordeta. Lekualdatzean estatuen segurtasuna eta hautsi gabe eramatea bermatzeko xedez, kaiola metalikoak jarri zitzaizkien inguruan, garabiak goratu zitzan errazte aldera. Estatuak kaiola horien barruan gorde dira Taconera parkean behin betiko ezarri aurretik. 

Egin beharreko urrats berria hauxe da: banan-banan kenduko dira estatuak inguratzen dituzten egitura metalikoak, gainerako hirurak lekualdatzean erabili ahal izateko.  Hori horrela, Sarasateko azken estatuetan egitura metaliko horiek jarri eta estatuak urtarrilaren 19an (ostirala) kentzea da helburua. Lanen lehen fasean bezala, kenduko diren estatuak udal-biltegira eramanen dira, Taconera parkean oinarriak jarri bitartean. 

Zatika egiten ari dira lanak, eskulturen konplexutasuna eta ezaugarriak direla eta, betiere aintzat hartuta eraikuntza-materiala, antzinatasuna eta bakoitzaren pisua. Izan ere, bakoitzak 6.000 eta 7.000 kilo bitarteko pisua du, oinarria barne. Harrizko estatuak Madrilgo Errege Jauregirako sortu ziren, Doménico Olivieri eskultore barrokoaren lantegian. 

Taconera parkean ezarri aurretik, estatuak garbitu eta ikuskatu dira. Kokapen berria parkeko lorategi-eremuan dago, ekialdeko begiratokiaren ingurumarietan. Han zuloak egin dira oinarriak zimendatu eta jartzeko, eta horri esker, estatuak bertan paratzen ahalko dira. Sabbia Conservación y Restauración SL enpresa ari da lanak egiten: eskulturak lekualdatu eta zaharberritzeko kontratuaren adjudikazioduna da, eta 155.577 euroko aurrekontua du lanak egiteko. 

¿Te ha sido útil esta página?