Gaur goizean (osteguna) hasi dira Sarasate pasealekuko Nafarroako erregeen estatuak lekualdatzen. Eskultura-multzoa osatzen duten sei eskulturetatik hiru mugituko dira bi egun hauetan. Oraingoz ez dira Taconera parkera lekualdatuko, egun batzuez udal-biltegi batean gordeko baitira. Hala estatuak nola oinarriak lekualdatu behar dira, eta hori dela eta, datorren astean estatuen euskarri diren oinazpiak paratzen hasi eta guztiz ezarri arte ezin izanen dira Taconerara eraman.
Gaur goizean, 09:00etatik aitzina, garabi baten laguntzaz estatuak babesten dituzten kaiolak banan-banan altxatzeko azken lanak egin dira, eta horri esker, estatuak eta oinarriak bereizten ahal dira. Astelehenaz geroztik aritu dira kaiola gisako egitura metalikoak ezartzen: lagungarriak izanen dira eskulturak lekualdatzeko, eta haien segurtasuna eta kontserbazioa bermatuko dute. Kalkuluen arabera, 6.000 eta 7.000 kilo bitarteko pisua dute eskulturek eta oinarriek. Eskulturak eta oinarriak antzeko moduan babestu dira: alde irisgarriak dituzten kaiola perimetral batzuk jarri zaizkie, eta horien gainean hagaxka hariztatuak eta doitzen ahal diren pletinak ipiniko dira estatua eta oinarri bakoitzaren itxura irregularrera egokitzeko.
Aurreikuspenen arabera, datorren astean hasiko dira oinarriak kokapen berrian jartzen, hau da, ekialdeko begiratokiaren inguruko lorategi-eremuan. Gune horretan, induskatutako zuloak prest daude dagoeneko, bertan zimendatuko baitira estatuen oinarriak. Lehen hiru estatuak jarri eta gero, prozedura bera erabiliko da beste hiru estatuekin. Iruñeko Udalaren aurreikuspenen arabera, Eguberrien hasierarako ez da estatua bakar bat ere egonen Sarasate pasealekuan. Hala, gunea hustu eginen da, pasealekua berrurbanizatzeko lanei hasiera eman ahal izateko.
Sabbia Conservación y Restauración SL enpresa ari da lanak egiten: erregeen estatuak Sarasate pasealekutik Taconera parkera lekualdatu eta zaharberritzeko kontratuaren adjudikazioduna da, eta 155.577 euroko aurrekontua du lanak egiteko. Halaber, aldez aurretik, estatua bakoitzari azaleko garbiketa egin zaio, urte askoz aire zabalean egotearen ondoriozko zikinkeria kentzeko. Horretarako, eskuzko teknikak eta produktu biozidak baliatu dira.