Errege Magoen Kabalkada Elkartearen XXI. Urrezko Baba, Iruñeko Gota de Leche elkartearendako

Errege Magoen Kabalkada Elkartearen XXI. Urrezko Baba, Iruñeko Gota de Leche elkartearendako
Sariak pertsonek eta erakundeek egoera okerrenean dauden haurren eta nerabeen alde egiten duten lana aitortzen du
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia
Irudia

Fernando Lazkanok, ‘Iruñeko Gota de Leche’ fundazioaren izenean eta elkartearen Nafarroako sailaren lehendakari gisa jaso du gaur goizean Iruñeko Errege Magoen Kabalkada Elkartearen XXI. Urrezko Baba Enrique Maya Iruñeko alkatearen eskutik. Saria emateko ekitaldia Udaletxeko Harrera-aretoan egin da, eta aurretik sariaren epaimahaiaren akta irakurri da. Leticia Vergarak irakurri du, urtero urtarrilaren 5eko arratsaldean Errege Magoak hirian barna lasai ibiltzeko lan egiten duen elkartearen idazkariak.

Duela bi hamarkada baino gehiago ematen den sari horrek xede du elkarte eta pertsonek egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabeen alde egiten duten lana aintzatestea. Zehazki, Gota de Leche fundazioaren zereginak, 1902tik Espainian presentzia duen nazioarteko erakundearenak, osasun-alderdi garrantzitsua du. Izan ere, fundazioaren helburua da Haurren Eskubideen Hitzarmenean (1989) ezarritakoa aitortzea eta aplikatzea eta haurren ongizatea errazten duten ekintzak sustatzea, bereziki haurren osasunaren sustapenean eraginez, eta, batez ere, pobreziak eragindako eta oinarrizko premiak asegabe dituzten biztanleen artean, pediatriaren eta gizartearen ikuspegitik.

Epaimahaiaren aktan, 2022ko Urrezko Baba saria emateko arrazoien artean, besteak beste, jasota daude “sei urtez egin duen lana Iruñean bazterturik gelditzeko arriskuan dauden eta elikadura zaurgarritasuna duten familiekin”, eta nabarmentzen da “‘Gonbidatu haur bat gosaltzera’ programa eta eskolarik gabeko aldietan egunero otordu osasungarri bat bermatzeko haur behartsuei elikagaiak emateko kanpainak”, bai eta “haurren eta haien familien askotariko elikadura- eta arreta-beharrak asetzea, pixoihalen eta formulen bidez”.

Sariak emateko ekitaldia gaur goizean egin da Udaletxeko Harrera-aretoan eta, Fernando Lazkano eta Enrique Mayaz gain, bertan izan da Mamen Sádaba Iruñeko Errege Magoen Kabalkada Elkarteko lehendakaria ere. Ekitaldian izan dira Udalbatzako kideak, sari hori eman duen epaimahaiko kideak eta saritutako entitateko ordezkariak. Erregeen kabalkadarekin batera joan ohi diren Italiako banderadunek banderak botatzeko erakusketa txiki bat egin dute Udaletxe plazan ekitaldiaren aurretik eta ondoren.

Urrea eta brillanteak ikusgaitasun gutxi duen lan batendako
Gota de Leche instituzioa 1902an abiatu zen Espainian. Gota de Leche izena eman zitzaien inuderik izan ezin zuten eta amek titia eman ezin zuten familietan haurren desnutrizio-arazoak eta hilkortasun altua ekiditeko sortu ziren instituzioei. XIX. mendearen amaieran sortu ziren. “Esne tanten” jatorrizko ideia Frantzian sortu zen. Bertan hainbat medikuk, Pierre Budin, Gaston Variot eta Léon Dufour kasu, lehenengo Gota de Leche elkartea sortu zuten 1894 urte inguruan. Nafarroako saila 2017ko martxotik dago funtzionamenduan, eta azaroaren amaieran Iruñean 0 eta 12 urte bitarteko haurrak zituzten baliabiderik gabeko 280 familiari arreta ematen zien.

Urrezko Baba sariak egoera zaurgarrian dauden adingabeen eta gazteen alde hainbat esparrutan diharduten pertsona eta erakundeen lana aitortu eta saritzen du. Saria intxaur baten tamaina duen baba baten irudia da, 18 kilateko urre trinkoz egina, eta 50 bat gramokoa. Babak hiru brillante ditu, hiru Errege Magoak irudikatzeko: Meltxor, Gaspar eta Baltasar.
Urrezko Baba sariaren edizio honetako epaimahaia zortzi pertsonak eratu dute, hainbat erakunde eta entitateren izenean. Honako hauek izan dira: Enrique Maya Iruñeko alkatea, Izaskun Azcona ‘la Caixa’ fundazioko ordezkaria Nafarroan, Joaquín Galve Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakaria, Javier Leoz Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzako ordezkari gisa eta Javier Goldáraz ANFASen izenean (aurreko edizioan saritutako erakundea).

Epaimahaiaren parte izan dira ere José Ramón García de Eulate Gizarte Errealitatearen eta Gizarte-politiken Plangintza eta Ebaluazioaren Behatokiaren zuzendari nagusia, Mamen Sádaba Iruñeko Errege Magoen Kabalkada Elkarteko zuzendaria eta Leticia Vergara epaimahaiaren idazkari lanetan.

Eskuzabaltasun-, elkartasun- eta lan-palmaresa
Gota de Leche fundazioa saria jasotzen duen hogeita batgarren erakundea da, 2002an Karitateko Alabek Providencia instituzioagatik dagoeneko Iruñean finkaturik dagoen sari horren ibilbidea abiatu zenetik. Palmares horretan sartu ziren Mensajeros por la Pazen Punto de Encuentro instituzioa, 2003an; ADANO (Minbizia duten haurrei laguntzeko Nafarroako elkartea), 2004an; Compartir Navarra GKE, 2005ean; Ciganda Ferrer fundazioa El Molino ikastetxeagatik, 2006an, eta Nafarroa osoko adopzio-hartzaileak, 2007an.

2008an, Cardenal Ilundain ikastetxe publikoak jaso zuen saria; 2009an, orduan Bideko Ama Birjina Ospitalea zeneko haurrendako ikasgelak, eta 2010ean, Atena Psicoballet fundazioak. Urrezko hurrengo bost Babak ere adingabeen alde diharduten bost erakundek jaso zituzten. 2011n, Nafarroako familia harreragileentzat izan zen; 2012an, Isterria ikastetxearentzat; 2013an, Centro Puente hezkuntza zentroarentzat, eta 2014an, Navarra Nuevo Futuro elkartearentzat. Epaimahaiak Itaka Eskolapioak Fundazioari eman zion 2015eko Urrezko Baba saria, eta 2016koa, Ilundain Haritz Berri fundazioari. 

Zerrenda osatzen dute, Xilema Fundazioak, 2017an; Kultura Arteko Hezkuntzarako Zerbitzua (SEI), 2018an; 2019an, 3/12 Hiru Hamabi garuneko kalteak dituzten haurren elkarteak jaso zuen; 2020an, ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko zentroak, eta 2021ean ANFAS Desgaitasun Intelektuala edo Garapenekoa duten Pertsonen aldeko Nafarroako elkarteak.

Urrezko Baba sariak

2002: Karitateko Alabak, La Providencia instituzioagatik

2003: Mensajeros por la Pazen Punto de Encuentro instituzioa

2004: ADANO elkartea

2005: Compartir Navarra GKE

2006: Ciganda Ferrer fundazioa, El Molino Ikastetxea erakundeagatik

2007: Nafarroa osoko adopzio-hartzaileak

2008: Cardenal Ilundain ikastetxe publikoa

2009: Bideko Ama Birjina Ospitaleko haurrendako ikasgela

2010: Atena Psicoballet fundazioa

2011: Nafarroako familia harreragileak

2012: Isterria Ikastetxea

2013: Centro Puente hezkuntza zentroa

2014: Navarra Nuevo Futuro elkartea

2015: Itaka Eskolapioak fundazioa

2016: Ilundain-Haritz Berri fundazioa

2017: Xilema fundazioa

2018: Kultura Arteko Hezkuntzarako Zerbitzua (SEI)

2019: Hiru Hamabi/ 3-12

2020: ‘Natividad Zubieta’ Haur eta Nerabeen Adimen Osasuneko zentroa

2021: ANFAS

2022: Gota de Leche Iruña

¿Te ha sido útil esta página?