Isidro López Murias artistak, laurogei urterekin, bere printzipioei leial jarraitzen die, bere lan-ibilbidean gako izan diren hiru estiloetara jotzeko kadentzia bidez: hiru estilo piktoriko, gaur Kondestablearen Jauregian inauguratzen duen erakusketari izena ematen diotenak. ‘Errealismoa, kubismoa, espresionismoa’ erakusketak margolari honek sei hamarkadatan izan duen bilakaera artistikoari heldu nahi dio, eta horretarako olio-pinturako 127 koadro ditugu –batzuk taularen gainekoak eta beste batzuk mihisearen gainekoak–, zeinetan jaso baititu paisaiak, natura hilak eta, batez ere, gizakia. Artistak parte hartu du, gaur goizean, erakusketaren aurkezpenean, Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoen teknikariarekin batera.
‘Un pueblo en Castilla’, ‘Guitarrista pelirrojo’, ‘La invitación’, ‘El brindis’, ‘Casas de Cárcar’, ‘Tetera de metal’ eta ‘Campos y mieses’, horra hor abenduaren 8a bitarte Kondestablearen Jauregiko 1. eta 2. aretoetan ikusgai izanen diren koadroetako batzuk. Astelehenetik larunbatera ikus daitezke, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Bertan, bisitariak aukera izanen du hainbat urtez López Muriasen espiritu sortzaileak ekarri dituen forma eta koloreekin gozatzeko. Gazte-gaztetan sortu zitzaion interes artistikoa, sei urte baino ez zituenean, eta hasieran bezain bizirik gorde du hainbat hamarkada geroago.
“Nire akuiluak eta helburuak, pinturaren arteaz bezainbatean, marrazketaren teknika tradizionala ahalik eta hobekien ezagutzera mugatzen dira, hura baita irudikapen-zuzentasunaz gain interpretazio-gaitasuna ere sortzeko oinarrizko baliabidea” dio artistak. Hori dela-eta, fideltasuna gorde die beti erakusketari izena ematen dioten hiru estiloei, abstrakzioa eta bestelako joera artistikoetatik haratago. Harentzat, errealismoa, kubismoa eta espresionismoa biderik onenak dira transmititzeko, adierazteko eta ikuslearekin komunikatzeko. Baina, López Muriasen obrako komunikazioa, teknikaz gain, aukeratutako gaietan oinarritzen da. “Munduari lotutako gaiak, gizakiari, naturari, sentimenduei eta ametsei lotutakoak”, dio, artista eta bisitaria koadro baten, horren zertzeladen eta koloreen inguruan hurbiltzen dituztenak. Paisaiak, baina baita fenomeno klimatikoak ere, elikagaiak, eguneroko bizitzaren ohiko tresnak, gizonak eta emakumeak une ezberdinetan eta emozio ezberdinekin.
Alde batera utzita joera berriak eta adierazpen artistikoaren forma berriak, Isidro López Muriasek bere ibilbide artistikoan zehar hiru adierazpen artistiko horietan sakondu nahi izan du, perfekzioa bilatuta trazu guztietan, marrazki guztietan, argi eta itzalen joko guztietan. Hala ere, artistak ez du garbitasun tekniko hutsa bilatzen; izan ere, emozioa ere islatu eta transmititu nahi du bere koadroetako bakoitzean.
Erakusgai jarritako obra-kopuruari dagokionez handienetakoa den erakusketa honen bitartez, López Muriasek bere ibilbide artistiko osoaren ikuspegi panoramikoa eskaintzen du, San Fernandoko Arte Ederren Goi Mailako Eskolan egindako hastapenetatik gaur egunera arte.
Tetuanetik Palentziara
Zoriak eragin zuen Isidro López Murias Marokon jaiotzea, Tetuanen, bere aita bertan egon baitzen telegrafista lanean bost urtez. Aita palentziarra eta ama nafarra zituen, eta ondoren Gipuzkoan, Leonen, Asturiasen eta Palentzian ibili zen, 18 urterekin Madrilera joan zen arte, San Fernandoko Arte Ederren Goi Mailako Eskolarako sarrera-probak prestatzeko. 1959an erdietsi zuen, Arte Grafikoen Eskola Nazionalean Marrazketako lehenengo saria eskuratu zuen urte berean. Prestakuntza, sariak eta erakusketak bata bestearen atzetik iritsi ziren hurrengo urteetan. 1970ean Marrazketa Artistikoko katedratiko postua lortu zuen Valentziako Arte Aplikatuen Eskolan.
Denbora honetan zehar hamarka erakusketa egin ditu Espainia osoan zehar, besteak beste Valentzia, Toledo, Madril, Iruña, Bilbo, Burgos eta Palentzian.