Datorren irailaren 8an Batasunaren Pribilegioaren 596. urteurrena ospatuko da. 1423an Karlos III.ak hirian ziren hiru burguak –Navarreria, San Zernin eta San Nikolas– batzeko agiria sinatu zuen 1423an, eta orain Iruñeak sinadura horren urteurrena ospatzen du. Efemeride hori datorren asteburutik aurrera gogoratuko da kontzertuen, musika-jaialdien, doako bisita gidatuen, Erdi Aroko merkatuaren eta hilaren 8an berean arratsaldez eginen diren zenbait ekitaldiren bitartez. Iruñeko Udalak liburuxka bat argitaratu du prestatutako programazio guztiarekin.
Irailaren 8an, igandearekin, 17:00etan, Erraldoi eta Buruhandien konpartsaren irteera dago aurreikusita, autobus-geltoki zaharretik. Hiriaren erdialderantz hurbiltzeko ibilbidean honako kale eta plaza hauetatik pasako dira: Bakearen plaza, Yanguas y Miranda, García Ximénez, Tutera k., Vínculo plaza, Sarasate pasealekua, Comedias, Pozo Blanco eta Zapatería kaleak eta Udaletxe plaza. Udaletxe plazan Udalbatzak hiriaren izenean egindako desfilearekin bat eginen dute.
Desfilea hiriko hiru burguetan barna ibiliko da. Udaletxe plazatik abiatuta, honako hau izanen da ibilbidea: San Saturnino k., Kale Nagusia, Eslava, San Frantzisko plaza, Kontseiluko plaza, Zapatería, Calceteros, Mercaderes eta Curia kaleak, eta Katedrala. Udalbatzarekin batera Duguna Folklore Taldeko dantzariak, udalaren gaitero eta txistulariak eta La Pamplonesa udalaren musika-banda egonen dira. 18:30ak aldera, Errespontsua eta eskaintza eginen zaizkio Karlos III.ari, Andre Maria Erreginaren katedralean. Ekitaldia amaitutakoan, Udalbatza Udaletxe plazara itzuliko da Curia eta Mercaderes kaleetan barna. Erraldoi eta Buruhandien konpartsa honako hauetatik bueltatuko da autobus-geltokira: Zapatería, Pozo Blanco, Comedias, Sarasate pasealekua, Alondegi, Tutera eta Oliveto Kondearen kaleak eta Bakearen plaza.
Irailaren 6an, ostiralarekin, Iruñeko Zapia banatuko da Udaletxeko harrera-aretoan. Ekitaldia 11:00etan izanen da, eta Alberto Undiano Mallenco nazioarteko arbitro-ohi nafarrak jasoko du aintzatespen sinboliko hori. Hiriaren armarria brodaturik duen zapiarekin batera Burguen Batasunaren alegoriaren eskultura bat banatuko zaio. Iruñeko Zapia ohorezko sari bat da, xede duena Iruñearen ezaugarriak zabaltzen eta finkatzen modu aktibo eta agerikoan aritu diren pertsona fisikoak zein juridikoak eta entitateak saritzea.
1685eko argitalpen bat, berrikuntza bat bisita gidatuetan ikusgai
Irailaren 3an, asteartearekin, hasiko dira Batasunaren Pribilegioaren ospakizunaren aurreko egunetan ohikoak eta tradizionalak diren doako bisitak Udaletxera. Udalaren historia eta aretoez gain, Udal Artxiboko agiri- eta bibliografia-funtseko zenbait agiri eta ale ezagutaraziko dira besteak beste Batasunaren Pribilegioaren agiri jatorrizkoa, Karlos III.a Prestuak 1423an emandakoa, eta 1533ko maiatzaren 16ko eskuz idatzitako kopia bat. Aurtengo berrikuntza izanen da 1685eko edizio bat, duela gutxi Ekaitz Santazilia bildumazale partikularrak eskuratua eta Udalari aldi baterako laga diona, erakusketa honetarako. Bitxikeria bibliografiko bat da, eta hori existitzen zenik zalantzan jartzen zuen aita Antonio Pérez Goyenak Bibliografía Navarra (744 erref.; 519. or.) entseguan. Agiriaren fitxa katalografikoa honako hau da: “Privilegio de la Unión de la Muy Noble y Leal Ciudad de Pamplona, Cabeça del Reyno de Navarra. Impresso por mandado del Real Consejo deste Reyno de Navarra.- Iruñean, Martín Gregorio de Zabalak emana, 1685. 124 or; 8”.
Bisitetarako izena 010 – 948 420 100 telefonoan edo udalaren webgunean (www.pamplona.es) eman daiteke. Gaztelaniaz zein euskaraz egin daitezke bisitak, irailaren 3tik 7ra bitarte, goizez eta arratsaldez, zenbait ordutegitan; ordu bete inguruko iraupena dute. 12 urtetik beherakoek ez dute lekurik hartzen, eta, beraz, ez dute izenik eman behar; edonola ere, heldu batek lagunduta etorri beharko dute. 12 urtetik gorakoek NANa eman beharko dute. Bisitara etorri behar duen norbaitek mugikortasun-arazoak baditu, aurrez ohartaraztea eskatzen da, inguruabar hori aintzat hartu ahal izateko.
Erdi Aroko merkatua irailaren 6tik 8ra
Beste urte batez Batasunaren Pribilegioaren karietara antolatutako Hiru Burguen Erdi Aroko azoka izanen da hiriko erdialdeko kaleetan. Irailaren 6tik 8ra 120 postu banatuko dira Mercaderes kalean, Kale Berrian eta Udaletxe, Kontseiluko eta San Frantzisko plazetan. Saltokietan elikagai produktu askotariko eta ezberdinak eskainiko dituzte (gazta, txokolatea, hestebeteak, pastak eta gozogintzako produktuak, eztia…), bai eta bestelako produktuak ere (larru-, beira- eta zilar-lanak, haurrendako jostailuak, oinetakoak, dekorazio-produktuak…).
Merkatua osatzeko, bestelakoak ere izanen dira: musika-animazioko kalejirak, ibilbide antzeztuak, elementu etnografikoen erakusketak eta antzinako ogibideen erakustaldiak (arotzak, zapatariak, zeramikariak, zilargileak, buztinlariak, kopiatzaileak, perfumegileak eta magoak). Txikiek ere aukera izanen dute zenbait lantegietan parte hartzeko, besteak beste, buztinlari-lanetan. Gainera, Erdi Aroan girotutako lantegiak izanen dira: lore lehorrak, forjaketa, beira-puztea, buztingintza eta musika-tresnak. Eskaintzaren osagarri, San Frantzisko plazan Erdi Aroko taberna bat paratuko da.
Hiru Burguen Erdi Aroko merkatua ostiral arratsaldean zabalduko da, 17:00teatik 21:00etara, eta larunbat eta igandean, goiz eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Astelehenetik aurrera Alde Zaharreko kaleak apaintzen hasiko da, bertan hartuko baitute merkatua zutoihal eta estandarteekin.
PROGRAMAZIOA BATASUNAREN PRIBILEGIOAREN KARIAZ
Abuztuak 31, larunbata. 20:00. Gazteluko plaza
- NAFARROAKO ORKESTRA SINFONIKOA
Irailak 4, asteazkena. 20:00. San Zernin eliza.
- PIANORAKO KONTZERTUA, ITXASO ARISTIZABALEN ESKUTIK. VALENTÍN LARREA YTURBEREN OMENEZ
Irailak 5, osteguna. 20:00. Andre Maria katedrala.
- KATEDRALEKO MUSIKA KAPERAREN KONTZERTUA
Irailak 6, larunbata. 11:00. Udaletxeko harrera-aretoa
- IRUÑEKO ZAPIA EMATEKO EKITALDIA
Irailak 7, larunbata
- PAULINO OTAMENDI GANBERA ORKESTRAREN ETA AMAIA HUARTE SOPRANOAREN KONTZERTUA. BORGOINAKO ESKOLA. 19:30. Kondestablearen jauregia
- PIM PAM VILLE MUSIKA-JAIALDIA. 12:45 – 14:00 eta 17:00 – 23:15. Burgoen plaza
Irailak 8, igandea. BATASUNAREN PRIBILEGIOAREN EGUNA
- 17:00. ERRALDOI ETA BURUHANDIEN KONPARTSA, ibilbide honetan barna: Autobus Geltokia, Bakearen plaza, Yanguas y Miranda k., Gartzia Ximenez k., Tutera k., Vínculo plaza, Sarasate pasealekua, Comedias k., Pozo Blanco kalea, Zapatería k. eta Udaletxe plaza.
- 17:45. UDALBATZAREN DESFILEA HIRIAREN IZENEAN, honako talde hauek lagunduta: Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Duguna Folklore Taldeko dantzariak, Udalaren gaitero eta txistulariak eta La Pamplonesa Udalaren musika-banda. Ibilbidea: Udaletxea, San Saturnino kalea, Kale Nagusia, Hilarión Eslava, San Frantzisko plaza, Kontseiluko plaza, Zapatería kalea, Calceteros, Mercaderes eta Curia, Katedraleraino.
- 18:30. ERRESPONTUSKA ETA ESKAINTZA, KARLOS III.ari, Andre Maria Erreginaren katedralean.
- Amaitutakoan, Udalbatza Curia eta Mercaderes kaleetatik itzuliko da Udaletxe plazara.
- Erraldoien eta Buruhandien Konpartsaren itzulera, ibilbide honetatik: Zapatería k., Pozo Blanco, Comedias, Sarasate pasealekua, Alondegi k., Tutera k., Oliveto Kondearen k., Bakearen plaza eta Autobus-geltokia.
- 20:00. LA PAMPLONESA UDAL BANDAREN KONTZERTUA. Gazteluko plaza
Hiru burguen erdi aroko azoka
- Mercaderes kalea, Udaletxe plaza, Kale Berria, Kontseiluko plaza, San Frantzisko plaza, Eslava kalea eta Kale Nagusia.
- Irailak 6, ostirala, 17:00etatik 21:00etara. Inaugurazioa, hiru burguen batasuna gogorarazten duen pregoiaren irakurketaz. Irailak 7, larunbata, eta 8, igandea, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
- Ehun saltoki baino gehiagotan, elikagai- eta artisautza-produktuak (txokolateak eta gozokiak, gaztak, hestekiak, likoreak, eztia eta belar-urak; larruzko, egurrezko, beirazko eta zilarrezko artikuluak). Azokan musika-emanaldiak, ibilbide antzeztuak, haurrendako jolasak eta antzinako lanbideen erakustaldiak zein erakusketak izanen dira osagai.