Erorien Monumentuak hirigintzan izandako eragina, sorgin-ehiza eta euskal pilotaren historia Iruñean; horra hor ekainean eginen diren euskarazko hiru ibilaldi gidatuetan jorratuko diren gaiak

Erorien Monumentuak hirigintzan izandako eragina, sorgin-ehiza eta euskal pilotaren historia Iruñean; horra hor ekainean eginen diren euskarazko hiru ibilaldi gidatuetan jorratuko diren gaiak
Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak elkarlanean antolatu dituzte doako bisita horiek. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikoan



Erorien Monumentuaren eraikuntza eta haren eragina Iruñeko hirigintzan, Iruñean izandako sorgin-ehiza eta euskal pilotak Iruñean izandako historia; horra hor Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak ekaineko lehenbiziko hiru asteazkenetarako antolatu dituzten euskarazko hiru ibilaldi gidatuetan jorratuko diren gaiak. Bi entitateak elkarlanean aritzen dira urtean zehar euskarazko kultur jardueren programa bat abian jartze aldera; besteak beste, hitzaldiak, musika, errezitalak eta ikus-entzunezkoak antolatzen dituzte. Ibilaldi gidatuak doan dira, baina aurrez izena eman behar da euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikoan. Leku-kopurua mugatua izanen da: talde bakoitzean 25 pertsona izanen dira, eta ibilaldi bakoitzean bi txanda eginen dira; lehen ibilaldia 16:00etan izanen da, eta bigarrena, 18:00etan.

Ekainaren 3ko bisitan (asteazkena), Erorien Monumentuaren eraikuntza eta horrek Iruñeko hirigintza-garapenean izandako eragina jorratuko dira. Erorien Monumentua (gaur egun, Askatasun plazako Arma aretoa izena du) mugarri nagusia da Bigarren Zabalgunean. 40ko hamarkadan diseinatu zuten, altxamendu nazionalaren sinbologia inposatzeko asmoz. Eraikinaren bertikaltasunak eta kupulak haustura hierarkiko bortitza sortzen dute hiri-trazaduran, eta, horrez gain, eraikinak bizitegi-zonaren, Alde Zaharraren eta hegoaldeko eremuaren arteko loturak antolatzen ditu. Ibilaldiak 16:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Askatasun plazatik, Karlos III.aren etorbidearen amaieran, urmaelaren ondoan.

Ekainaren 10ean (asteazkena), Leire San Martín Marcos arte-historialariaren eskutik Sorgin-ehizaren garaiko Iruña izeneko bisita gidatua eginen da. Sorginkeria dela-eta Jazarritako Emakumeen Memoriaren aldeko Nazioarteko Kanpainan (memoriadelasbrujas.net) parte hartu du Leirek, Iruñeko nodoan (Sutara! izenekoan), eta La caza de brujas en Pamplona. Sala del tormento, Procesión Infamante y hoguera (Sorgin-ehiza Iruñean. Tormentuaren gela, prozesio zitala eta sua) liburuaren egilea da. Ibilaldian, Leire saiatuko da beste esanahi bat ematen gure egunerokoan bizileku ditugun eta XVI. eta XVII. mendeetan gure hirian sorginkeriaz akusatutako emakume haiek jasan zuten oinazearen lekuko izan ziren espazio horiei, eta aldi berean, sorginaren konstruktu intelektuala desmitifikatzen joanen da. Ibilaldiak 16:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Iruñeko Udaletxe plazatik.

Iruñean barnako ibilaldi gidatuen programari amaiera emateko, ekainaren 17an, asteazkenarekin, euskal pilotari buruzko bisita eginen da. Ibilaldian, euskal pilotak Iruñean izan duen historia jorratuko da, eta XIX. eta XX. mendeetan pilotan jokatzen zen tokiak bisitatuko dira: Kale Berria (Iruñeko Zabalgune egin berriaren hasieran), Sarasate pasealekuaren inguruak eta antzinako judutegia. Pilotan jokatzeaz gain, toki horietan bene-benetan gurea dugun beste modalitate batean ere aritzen ziren, erremontean, hain zuzen. Ibilaldiak 16:00etan eta 18:00etan abiatuko dira Parlamentuaren sarreratik, Sarasate pasealekutik.


IBILALDI GIDATUAK EUSKARAZ

•    Ekainak 3, asteazkena. 16:00 eta 18:00. Askatasun plaza
o    Erorien Monumentuaren eraikuntzak Iruñeko hirigintzan izandako eragina. Gidaria: Javier Mangado
o    Izen-ematea, doan, euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita.

•    Ekainak 10, asteazkena. 16:00 eta 18:00. Udaletxe plaza
o    Sorgin-ehizaren garaiko Iruña. Gidaria: Leire San Martín
o    Izen-ematea, doan, euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita.

•    Ekainak 17, asteazkena. 16:00 eta 18:00. Parlamentuaren sarreran
o    Euskal pilotak Iruñean izandako historia. Gidaria: Javier Mangado 
o    Izen-ematea, doan, euskera@ateneonavarro.es helbide elektronikora idatzita.

 

 

¿Te ha sido útil esta página?