Gaur hasiko dira doako bisita gidatuak Erorien Monumentura. Hamaika egunez eginen dira bisitak eta eskainitako 550 tokiak ordu gutxi batzuetan agortu ziren. Iruñeko Udaleko Hirigintza Batzordeak eta Gerentziak herritarrek eginen duten bisita-eredu bera egin dute: eraikinaren barneko aldea eta eremu nabarmenenak ikusi dituzte, bai eta espazioari buruzko bideo-dokumental bat ere.
Iruñeko Udalak antolatu ditu bisita horiek, inguru hori eraldatzeko prozesuaren barruan. Eraldaketaren isla nagusia eraikina oroimenezko museo bilakatzeko nazioarteko arkitektura lehiaketa da. 21 proposamen aurkeztu dira lehiaketara eta orain, epaimahai batek 5 aukeratuko ditu, gehienez ere: jendaurrean paratuko dira herritarrek ekarpenak eta iradokizunak egin ahal izateko. Horrekin guztiarekin, negoziazio-prozedura baten oinarriak eginen dira hautatutako proposamenen artean idatziko den proiektuaadjudikatze aldera. Proiektuak eraikinaz gain ingurua ere eraldatuko du, iragazgaitzagoa eginez eta, Zabalgunearen eta Lezkairuren arteko joan-etorriak erraztuz.
Hautaketa egin aurretik, Udalak Erorien Monumentuaren ateak ireki dizkie herritarrei, eremua ezagut dezaten. Bisitak bihar arratsaldean (asteazkena) hasi eta maiatzaren 10era arte eginen dira; egunero bi bisita, eta bakoitzean 25 parte hartzaile gehienez, maiatzaren 1ean salbu. Eraikinaren beheko solairua bisitatzeaz gain, kupula eta estalkian dagoen begiratokia ere ikusiko dituzte. Begiratokitik Karlos III.aren etorbidearen bista panoramikoa dago, Gazteluko plazarekin elkartzen den arte.
Erorien Monumentua gordetzen duen eraikina herritarrendako berriz irekiko dute proiektuen nazioarteko lehiaketako lan finalistak erakusteko.
Eraikina José Yárnozek eta Victor Eusak diseinatu zuten, eta 1952an eraiki zuten Gerra Zibilean Nafarroan frankisten alde borrokatu eta hil zirenei omenaldia egiteko. 1961ean eraikineko kriptan Mola eta Sanjurjo general frankisten gorpuak lurperatu zituzten eta 2016an atera, Iruñeko Udalak 2018an abiatu eta eremuari esangura berria emateko prozesuaren aurretik. Orain, ekimenari berriz ekin zaio nazioarteko arkitektura-lehiaketari esker, eta hautatutako proiektuak laster emanen dira ezagutzera.