Ernest Hemingwayren ‘Fiesta’ eleberriaren mendeurrena eta sanferminetako kartel historikoak dira Kondestablearen jauregiko erakusketen protagonistak

Ernest Hemingwayren ‘Fiesta’ eleberriaren mendeurrena eta sanferminetako kartel historikoak dira Kondestablearen jauregiko erakusketen protagonistak
Abuztuaren 23ra arte bisitatzen ahalko dira erakusketak, udan eta sanferminetan zentroa ireki ohi den ordutegian
Irudia
Irudia
Irudia

Kondestablearen jauregian, ekainaren 19tik abuztuaren 23ra, sanferminekin lotutako hiru erakusketa egonen dira ikusgai.  Ernest Hemingway eta hark idatzitako Fiesta eleberria izanen dira protagonista, aurten liburu horren mendeurrena betetzen baita; halaber, ikusgai jarriko dira jaien irudi izan ziren kartel historikoak, baita jaien irudia izan ez ziren baina duten balio sinbolikoagatik edo ezaugarri bereziengatik erakusketarako berreskuratu diren kartelak ere.

Erakusketa-proposamen hori gaurko prentsaurrekoan aurkeztu dute, eta bertan Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria izan da. Beste hauek ere prentsaurrekoan parte hartu dute: Luis Garbayo Erviti Nafar Ateneoko ordezkaria eta Fiesta: 100 urte erakusketaren komisarioa eta Javier Balda Berástegui Beste Sanferminak erakusketaren komisarioa. Carlos Fernández del Castillo ere bertan izan da: erakusketaren parte den Fiesta eleberriaren argitalpenetako baten ilustrazioen egilea da.

Fiesta eleberriaren urteurrena eta irabazi ez zuten kartelak
Kondestablearen jauregiko ezkaratzean Fiesta: 100 urte egonen da ikusgai, Nafar Ateneoarekin eta Nafarroako Liburutegiarekin lankidetzan, eta haren bidez omenaldia egin nahi zaio sanferminak nazioartekotzen lagundu zuen eleberriari, hura argitaratu zeneko mendeurrenean. Erakusketak hainbat argitalpenez osaturiko bilduma biltzen du, hizkuntza ezberdinetan, eta haren osagarri gisa, Carlos Fernández del Castillo ilustratzaile eta marrazketa-irakasle famatuaren ilustrazioak barne hartzen dira: eleberriaren argitalpen jakin batean ageri dira, Reino de Cordelia argitaletxeak 2023an egindako argitalpenean alegia.

1. aretoan, 1898. eta 2002. urteen arteko kartel “ez-protagonistak” izanen dira protagonista, eta, beraz, sanferminetako historiako mende bat baino gehiago barne hartuko da. Beste Sanferminak erakusketan Iruñeko Udal Artxiboak kolaboratzen du, eta ahanzturatik berreskuratzen ditu accesitak eta hautatuak izan ez ziren kartelak: lehen aldiz jendaurrean ikusgai jarriko dira, ondare publikoaren balioa handitu eta hura berreskuratu eta ikertzeko prozesu baten barruan. Bildumak, halaber, xede du nabarmentzea urteetan zehar hainbeste artista ezagun eta anonimok garai bakoitzeko estilo eta tekniken bidez jaien iruditeria komuna osatzen egindako lana eta erakutsitako grina.

Sanferminetako kartelek eta Hemingwayk hirugarren erakusgune batean egiten dute bat, 2. aretoan hain zuzen: Nafar Ateneoarekin lankidetzan, Hemingwayk ikusiak erakusketak idazle estatubatuarrak sanferminak bisitatu zituen urteetako kartel irabazleak biltzen ditu.

Erakusketak ekainaren 19tik abuztuaren 23ra bitarte bisitatzen ahalko dira, Kondestable Civivoxak udan izan ohi duen ordutegian: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Larunbatetan 09:00etatik 14:00etara bisitatzen ahalko dira. Eta sanferminetan, berriz, uztailaren 8tik aurrera, 11:00etatik 14:00etara.
 

KONDESTABLEAREN JAUREGIKO ERAKUSKETAK

  • Ekainak 19 – Abuztuak 23

    • Fiesta: 100 urte

    • Beste Sanferminak

    • Hemingwayk ikusiak

  • Udako ordutegia (sanferminetan izan ezik)

    • Astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara

    • Itxita: igandeetan eta jaiegunetan

  • Sanferminetako ordutegia

    • Uztailaren 8 tik aurrera, 11:00etatik 14:00etara

¿Te ha sido útil esta página?