Erlijio-musikako zazpi kontzertuk osatuko dute Iruñeko Aste Santurako bidea, apirilaren 9tik 17ra, hiru elizatan eta Baluarten

Erlijio-musikako zazpi kontzertuk osatuko dute Iruñeko Aste Santurako bidea, apirilaren 9tik 17ra, hiru elizatan eta Baluarten
Nafarroako Abesbatzen Federazioa, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Orfeoiko Eskolania izango dira, besteak beste, musika-hitzordu horietan
Fitxategi

Erlijio-musikako zazpi kontzertuk osatuko dute Iruñeko Aste Santurako bidea. Apirilaren 9tik 17ra, hiriko alde zaharreko hiru elizatan eta Baluarte Nafarroako Batzar Jauregi eta Auditoriumean izango dira musika-emanaldiak, eta horien artean, hauekiko hitzorduak dira azpimarratzekoak: Nafarroako Abesbatzen Federazioa, Iruñeko Ganbera Abesbatza eta Iruñeko Orfeoiko eskolania. 

Erakunde horietako ordezkariak, hain zuzen, Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariarekin batera izan dira Erlijio Musikako Iruñeko Jaialdiaren aurtengo edizio honen aurkezpenean. Prentsaurrekoan parte hartu dute Juan Gaínza Iruñeko Orfeoiko Eskolaniako zuzendariak, Carlos Gorricho Nafarroako Abesbatzen Federazioko lehendakariak, Aurelio Sagaseta musikari, konpositore eta Katedraleko Musika Kaperako zuzendariak eta David Gálvez Pintado Iruñeko Ganbera Abesbatzako zuzendari artistiko eta musikalak.

Erlijio Musikako Jaialdia honako leku hauetan egingo da: Karmeldar Oinutsen elizan (apirilak 9), San Zernin elizan (apirilak 11 eta 16) eta San Lorentzo elizan (apirilak 17) eta, horrez gain, Baluarten, apirilaren 10ean, 12an eta 14an.  Elizetako kontzertuetan sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte, betiere aurrez gonbidapena hartuta kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik (2, lagun bakoitzeko). Baluarteko hiru kontzertuetarako sarrerak, aldiz, 10 euro balioko du, bakoitzeko, eta hiru kontzertuetarako abonamendua hartzeko aukera dago, 25 euroan. Sarrerak Baluarteko leihatilan eta webgunean eros daitezke.

Programaren hasiera, femeninoan
Programari molde femeninoan emango zaio hasiera. Lau emakumek Musikak eta mistikak bat. Bidaia espirituala, molde femeninoan izenburuko kontzertua emango dute, apirilaren 9an (asteartea), 20:00etatik aurrera, Karmeldar Oinutsen elizan: Leire Ruiz (antzezlea), Laia Frigolé (ahotsa), Ayla Losada Lorenzo (fidula eta txeloa) eta Arantza Lorenzo de Reizábal (organo garraiagarria eta kanpaiak).

Raúl Medinabeitiak ekoiztutako musika-proposamen honek musika eta emakume-pentsamenduen bidez islatzen diren bi garai aldenduetako –Erdi Aroa eta Aro Garaikidea– estetiken bateraguneak aztertzen ditu. Kontzertu honetan aditutako XII., XIII. eta XXI. mendeetako lanek barnekotasun eta espiritutasunez blaitutako musikaren ozentasunean bat egiten dute, baita hizpide hartzen dituzten gaietan ere. Gizakiaren barrenerako bidaia existentziala da, malenkonia, gabezia, maitasun, espiritutasun eta zalantzari loturiko bizi-esperientzietan barna igarotzen dena. Kontzertuaren lehen zatia Erdi Aroko espiritualtasunari dago eskainita, Hildegard von Bingen-en musikaz eta Las Huelgas monasterioko Kodexaz, Anberesko Hadewijch-en testuez lagunduta. Bigarren zatian, Arantza Lorenzo de Reizábal konpositorearen En el corazón frontera lana aurkeztuko da.

Hurrengo egunean, apirilaren 10ean, asteazkenarekin, Baluarten egingo diren kontzertuetako lehena izango da: Buenaventura Íñiguez Tellechearen Meza, zortzi ahots eta orkestra handirako, Nafarroako Abesbatzen Federazioko Abesbatza Sinfonikoaren, Errioxako Orkestra Sinfonikoaren eta zenbait bakarlariren eskutik. Nafarroako Abesbatzen Federazioaren helburuetako bat Nafarroako ondare musikala osatzen duen musika bultzatu eta Iruñeari eskaintzea da, horrela berreskuratzen baita, nolabait, Nafarroako kultur-ondare oparoa. Oraingoan Buenaventura Iñiguez Tellechea eta Aurelio Sagaseta Aríztegui egileen lanak joko dira.

Zikloari jarraipena emateko, apirilaren 11n, ostegunean, San Zernin elizan kontzertua emango du ospe handiko Isabel Villanueva (Iruña, 1988) biola-jotzaileak, zeinak Madrilgo Erkidegoko 2018ko Musika Klasikoko Kultur Saria eskuratu baitu, besteak beste. Bach, Gyorgy Kurtág eta Dobrinka Tabakovak biolarako egindako hainbat lanez osatuta dagoen kontzertua eskainiko du.

Hilaren 12an, Baluarten berriro ere, Iruñeko Ganbera Abesbatzak eta Iruña Hiria Orkestrak W. A. Mozarten lanak joko dituzte, David Gálvezen zuzendaritzapean. Kontzertua 20:00etan hasiko da Marta Huarte (sopranoa), Adriana Mayer (mezzosopranoa), David Echeverría (tenorra) eta Iosu Yeregui (baxua) izango dira bakarlariak.

Baluarten ere, igandean, apirilak 14, 19:30ean, Sublimearen zentzua kontzertua emango digute Sinfonietta Académicak eta Iruñeko Orfeoiko eskolaniak, Caroline Collier zuzendari. Sinfonietta Académicak L.V. Beethoven eta Pablo Sarasate ardatz izango dituen askotariko programa espirituala aurkeztuko du Erlijio Musikako Jaialdian. Francisco Ibáñez Iribarria eta Xabier Sarasola euskal konpositoreen erlijio-lanen sorta bat jotzeko, Iruñeko Orfeoiko eskolaniako 50 ahots izango ditu lagun. Juan Gaínzak zuzenduko du eskolania.

Eta azken txanpara iritsita, asteartean, hilak 16, Gothic Voices taldearen emanaldia izango da San Zernin elizan, 20:00etan. Gothic Voices antzinako musikako talde britainiarra da, Erdi Aroko errepertorioan espezializatua. 1980. urtean sortu zuen Christopher Page-k. Ingalaterrako eta Frantzia iparraldeko XIV. mendeko musika du ardatz batez ere haren errepertorioak. Polifonia profanoa a capella, instrumentu-akonpainamendurik gabe, interpretatzea da taldearen bereizgarria. Mary, Star of the Sea izenburupean, programak XV. mendean John Dunstaple-k (ca.1390-1453) idatzitako konposizioak eta Joanne  Metcalf (*1958) konpositore amerikarrak eta Andrew Smith ingelesak (*1970) XX. mendean idatzitakoak txandakatzen ditu. Catherine King (mezzo-sopranoa), Steven Harrold (tenorra), Julian Podger (tenorra) eta Stephen Charlesworth (baritonoa) izango dira taula gainean.

Eugenia Echarren Kantu Eskolako Koruak, Coral Olitense Abesbatzak eta Aizaga Ganbera Abesbatzak, orkestrak lagunduta, amaiera emango diote aurtengo Erlijio Musikako Jaialdiari, asteazkenean, apirilak 17, 20:00etan, San Lorentzo elizan. Làjos Bardos konpositore hungariarraren Eli Eli eta Fernand Sors egile katalanaren O Crux entzun ahalko dituzte entzuleek, eta, horrez gain, W. A. Mozarten Misa Brevis Do maiorrean Kv. 220, eta Londresko J. Rutter konpositorearen Gloria. Kontzertuaren izenburua Mors et Gloria da, eta Javier Echarri izango da zuzendaria.

 

ERLIJIO MUSIKAKO JAIALDIA. KONTZERTUAK

 

Sarrerak: elizetan, sarrera librea da, gonbidapenak hartuta –2, pertsona bakoitzeko–, ordubete lehenagotik, atean. Baluarteko kontzertuetarako sarreren prezioa 10 euro da, eta hiru kontzertuetarako abonamenduarena, 25 euro.

Apirilak 9, asteartea. 20:00. Karmeldar Oinutsen eliza
o    Musikak eta mistikak bat. Bidaia espirituala, molde femeninoan
Leire Ruiz (antzezlea), Laia Frigolé (ahotsa), Ayla Losada Lorenzo (fidula eta txeloa) eta Arantza Lorenzo de Reizábal (organo garraiagarria eta kanpaiak)

Apirilak 10, asteazkena. 20:00. Baluarte
o    Meza, zortzi ahots eta orkestra handirako. Buenaventura Íñiguez Tellechea
Nafarroako Abesbatzen Federazioko Abesbatza Sinfonikoa, Errioxako Orkestra Sinfonikoa eta bakarlariak
        Orkestrako zuzendaria: Jesús María Echeverría. Abesbatzako zuzendaria: Máximo Oloriz

Apirilak 11, osteguna. 20:00. San Zernin eliza
o    Biolaren ahotsa
Isabel Villanueva 

Apirilak 12, ostirala. 20:00. Baluarte
o    Et incarnatus est
Iruñeko Ganbera Abesbatza, Iruña Hiria Orkestra, Marta Huarte (sopranoa) Adriana Mayer (mezzosopranoa), David Echeverría (tenorra) eta Iosu Yeregui (baxua)
        Zuzendaria: David Gálvez Pintado 

Apirilak 14, igandea. 19:30. Baluarte
o    Sublimearen zentzua
Sinfonietta Académica eta Iruñeko Orfeoiko eskolania
        Zuzendaria: Caroline Collier

Apirilak 16, asteartea. 20:00. San Zernin eliza
o    Mary, Star of the Sea
        Gothic Voices

Apirilak 17, asteazkena. 20:00. San Lorentzo eliza
o    Mors et Gloria
Eugenia Echarren Kantu Eskolako Korua, Coral Olitense Abesbatza eta Aizaga Ganbera Abesbatza, orkestraz lagunduta.
        Zuzendaria: Javier Echarri

¿Te ha sido útil esta página?