Eremu urdinerako bizilagun- eta jarduera-txartelen tasak % 20 murriztea da ordenantza fiskal eta prezio publikoen aurreproiektuaren proposamen nagusia

Eremu urdinerako bizilagun- eta jarduera-txartelen tasak % 20 murriztea da ordenantza fiskal eta prezio publikoen aurreproiektuaren proposamen nagusia
Doakotasuna finkatu da haur-eskoletan, eta COVID neurriak ezabatu dira, hala nola terrazak bide publikoan instalatzeko tasak etetea
casa

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du ordenantza fiskal eta prezio publikoen 2023rako aurreproiektua. Proposamen nagusiak honako hauek dira: % 20 murriztea aparkatze arautuko eremuetarako bizilagun-txartelagatik eta merkataritza, industria, lanbide edo zerbitzuen jarduera-txartelengatik ordaintzen den zenbatekoa, haur-eskoletan doakotasuna mantentzea eta ostalaritzan COVID-19aren aurkako behin-behineko neurriak ezabatzea, hala nola bide publikoan terrazak instalatzeagatik ordaindu beharreko tasak etetea.

María Echávarri Zerbitzu Orokorretako zinegotzi ordezkariak gaur goizean eman ditu aurreproiektu horren inguruko xehetasunak; aurreproiektuak tarifak eta prezio publikoak mantentzearen aldeko apustua egiten du, egungo egoera ekonomikoa gorabehera, KPIa % 10etik gorakoa baita. Dokumentuak araututako diru-sarreren kudeaketa- eta bilketa-prozedurak garatzen, hobetzen eta osatzen ditu, eta eguneratu egiten da arau-aldaketak, izendapenen egokitzapena, murrizketak aplikatzeko kontzeptuen azalpena eta azken urteko diru-sarreren kudeaketaren ondoriozko beste zehaztapen batzuk jasotzeko. Aurrekontuak barne hartzen du hutsik dauden etxebizitzen zerga ahalik eta gehien murrizteko proposamena, eta tarifa eta prezioetan zuzkidura berriak sartzen ditu, hala nola softbol-zelaia.

Tokiko Gobernu Batzarrak aurrekontua onetsi ondoren, orain kontsulta eta informazio publikorako prozedurari hasiera emanen zaio, Udalaren www.pamplona.es webgunearen bidez, irailaren 16ra arte, herritarrek, elkarteek eta erakundeek haien iritzia eman eta oharrak eta iradokizunak egin ditzaten. Proposamenak administracionhacienda@pamplona.es posta elektronikora bidaltzen ahalko dira. 

43.020 bizilagun-txartel eta 1.115 jarduera-txartel
2021ean, 2022an erabiltzeko 1.115 jarduera-txartel eta 43.020 bizilagun-txartel egin ziren aparkatze mugatuko eremuan aparkatzeko. Horien tasak % 20 murrizteak –aurreproiektuan proposatutakoa– 472.000 euro inguru ez jasotzea ekarriko luke. Bizilagun-txartelaren prezioa 48,35 euro izatetik 38,68 euro izatera pasako litzateke, eta jarduera-txartelarena, berriz, azken urtean ordaindutako 250 eurotik, 200 eurora.

Pandemiak eragindako egungo osasun-egoeraren normaltasunaren ondorioz –ia murrizketarik gabe eta COVID-19aren aurreko mailak berreskuratzen dituen jarduera sozialarekin– Iruñeko Udalak proposatu du 2020an, 2021ean eta 2022an salbuespenez hainbat sektoretan ekonomia suspertzen laguntzeko, hala nola ostalaritzan, aplikatutako behin-behineko neurri fiskalak ezabatzea. Bide publikoan terrazak instalatzeagatik ordaindu beharreko tasak ezabatu dira, beraz, ostalaritza-establezimenduek berriz ordaindu beharko dute horiek instalatzeagatik. Hori dela eta, 550.000 eurotik gorako diru-sarrerak aurreikusten dira.  

Zerbitzu bereziak emateko tasen barruan, zerga-egitatea zehazten da, eta berariaz aipatzen dira Udaltzaingoaren zerbitzu bereziak eskatu eta partikularrek sustatutako filmaketak eta grabazioak. Lurzoruaren, lurgainaren edo zorupearen aprobetxamendurako tasetan, zerga-egitatean zehazten da okupatutako azalera zenbatzeko kontuan hartuko direla instalatutako elementuak eta kotatutako, mugatutako edo erreserbatutako eremuak. 0,50 metroko zabalera ezartzen da lurgaina kableen bidez okupatzeko neurri gisa.

Per capita errenta kalkulatzea
Espedienteak Udalaren haur-eskolen doakotasuna finkatu du 2023–2024ko ikasturterako; neurri hori 2021ean ezarri zen, eta 2022an ere aplikatzen jarraitu da; ondorioz, Iruñeko Udalak 890.000 euro jasotzeari utziko dio, gutxi gorabehera. Bestalde, hiri-kontribuzioaren karga-tasa eguneratzea proposatzen da, hiriaren katastro-balioa murrizten den proportzio berean, diru-bilketari eusteko, eta hutsik dauden etxebizitzen karga-tasa legezko minimora jaistea ere proposatzen da, hau da, % 0,25 lehenengo urtean, % 0,50 bigarrenean eta % 1 hirugarrenean eta hurrengoetan.

Aurreproiektuak aldaketak proposatzen ditu tarifak aplikatzeko hileko per capita errenta kalkulatzeko araudian, prezio publikoak erregulatzen dituzten zazpi arauri eragiten dietenak. Aldaketa horien arabera, gastuak errenta dagokion ekitaldian ordaindutakoak izanen dira. Ohiko etxebizitza gastuak gehienez 4.800 eurokoak izanen dira urtean, eta 400 eurokoak, hilean; kontratatutako langileen gastuak gehienez 8.400 eurokoak izanen dira urtean, eta eguneko zentroetako edo egoitzetako gastuak urtekoak izanen dira. ‘Gastu kengarrien’ barruan pentsio konpentsatzaileak sartzen dira, errenta aitorpena aurkeztu behar ez den kasuetan soilik; izan ere, aipatu pentsioek, PFEZren aitorpena egin behar denean, dagoeneko zerga-oinarriaren murriztapenak barne hartzen dituzte.

Kirol-instalazioak arautzen dituen araudiari dagokionez, familietan zein erakundeetan harrera-egoeran dauden etorkinendako berariazko murrizketa bat gehitu da. Era berean, argitu dira softbol-zelai berriaren erabilerari buruzko kontzeptuak, Udalaren futbol-zelaiekin (aldagelarik gabeko instalazioa) alderatzen direnak, baita tarifa berriak edo kiroldegien ondoan dauden frontoi estaliak erabiltzeagatiko kontzeptuak ere. 

Azkenik, tarifetan aurreikusitako orduak metatzeagatik kirol-denboraldi batean guztira erabilitako ordu kopuruaren arabera, % 40ko murrizketa egiten ahalko da, erabilera 50 ordutik gorakoa denean, eta ez 75 ordutik gorakoa, orain arte bezala. Deskontu hori igerilekurik ez duten kirol-entitateei baino ez zaie aplikatuko. 

¿Te ha sido útil esta página?