Erdi Aroko burguen gatazkak eta hitzarmenak 27 agiritan: Iruñeko Udal Artxiboaren erakusketa bat izango da Kondestablen

Erdi Aroko burguen gatazkak eta hitzarmenak 27 agiritan: Iruñeko Udal Artxiboaren erakusketa bat izango da Kondestablen
Erakusketa Erdi Aroko ia 300 larruki oinarri hartuta iaz abiatutako artxibo-lan prozesuaren azken fasea da

Iruñeko Udalak herritarrendako ikusgai jarri du, Kondestablearen jauregian, Gatazkak eta adostasunak burguen Iruñean (XII - XV. m.) izenburupeko agiri-erakusketa, non Batasunaren Pribilegioaren aurretiko mendeetako giza kokaguneen historia jasoko baita, eta beraz, Erdi Aroko hiriaren sorreraren berri eman.

27 agiri dira, 8 beira-arasatan paratuak, eta 1129tik 1434ra arteko garaia hartzen dute barne. Hainbat hizkuntzatan idatzirik daude (latina, okzitaniera, nafar erromantzea eta gaztelania), larrukietan den-denak, eta zenbaitek zigiluak dituzte, argizari berde, gorri edo zurikoak zein berunezkoak, eta Gaztelako Errege-erreginen Kantzilertzaren adibide gisa, “pribilegio gurpilduna”, neurri handiko zigilu miniatuaz.

Agiri horietako gehienak ez dira sekula erakusgai paratu. Erakusketa hau Erdi Aroko ia 300 larruki oinarri hartuta iaz abiatu zen artxibo-lan prozesuaren azken zatia da. Hilabete hauetan, Iruñeko Udal Artxiboko teknikarien zuzendaritzapean eta hainbat arlotako adituekin elkarlanean (larrukien kontserbazioa, identifikazioa, deskribapena, digitalizazioa, hedapena, etab.), agiriak deskribatu dira, kontserbazio- eta instalazio-jarduketak egin zaizkie, eta orain digitalizazio-prozesuan daude.

Bildumaren garrantzia islatzeko agirien sorta bat jarri da erakusgai, horien artean 1287. urteko larruki bat, San Nikolaseko biztanleak eta San Zernin burgua batu zirenekoa, Nabarreriaren suntsipenaren ostean. Nafarroan lehen aldiz, agiri batean ezartzen da artxibo (“arca”, hots, kutxa) baten beharra, non hiriaren funtsezko agiriak gordeko baitira (larrukiak eta horiek baliozkotzeko zigiluak), eta, baita ere, bertarako sarbide-sistema baten beharra (kutxak “lau sarraila” izan beharko ditu, eta horietarako bi giltza San Nikolaseko zinpekoen esku egongo dira, eta bi San Zernin burguko zinpekoen ardurapean). Hori horrela, erakusketan aditzera ematen da oraingo artxiboaren zein bertako zereginen jatorriek bat egiten dutela Erdi Aroko Iruñearen lehen batasunaren jatorriarekin.

Erakusketa Kondestablearen jauregiko areto gotikoan egongo da zabalik, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.

Gatazkak eta adostasunak, errege-erreginak eta foruak
Iruñeko Udal Artxiboak kutxa gorderik dauka. Ez lau sarrailako 1287ko kutxa, baizik eta Karlos III.a Prestuak 1432an ezarri zuen hiru giltzatako kutxa, mende eta erdi ondoren Batasunaren Pribilegioa dela medio sortu zen hiriko agiriak gordetzeko egin zena. Bertan gordetako agiriei esker, orain posible da XII. mendeko hasiera-hasieratik izandako desadostasun eta adostasunen segida berregitea. Izan ere, garai horretan, Iruñeak jurisdikzio ezberdinetako zenbait udalerri hartzen zituen barne.

Burgu bakoitzaren bilakaera sostengu zituzten errege-erreginen etxearen eta Jakako Foruaren eta hedaduraren araberakoa izan zen, hori baitzen eskubide eta betebeharrak arautzeko sistema. Hori horrela, agirietan badira San Zerningo fundatzaile frankoek Alfontso I.a Borrokalariarekiko zuten harremanaren aztarnak, zeinari esker Nabarreriako biztanleen aldean lehentasuna baitzuten; egoera hori Antso VI. Jakitunarekin leheneratu zen, hark berrezarri baitzuen oreka juridikoa. Halaber, dokumentaturik dago Antso VI.aren seme zen Antso VII.ak berriz ere San Zerninen alde egindako apustua, zeinaren atzean baitaude Nabarriako gerra eta, geroago, San Nikolas burguari Champagneko leinuak emandako babes berezia. Hori guztia agirien bidez egiaztaturik dago, eta gertakari horiek dituzte hizpide, besteak beste, erakusketako larrukiek.

Baina, horiez gain, horretan guztietan hiriko mugez gaindiko eragileek ere parte hartu zuten: Alexandro IV. aita santuak foruen gatazketan bitartekari aritzeko epaile apostolikoak izendatu zituen, eta Gaztelako erregeek ere hainbatetan esku hartu zuten, Alfontso X.a Jakitunengandik hasi eta Joan II.engana, hamarrenak kentzeko eta hartara Nafarroako merkataritza Frandriara bideratzeko, Donostiako portutik.

¿Te ha sido útil esta página?