Gaur, asteartearekin, Pilotaren Mahaia eratu da, Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak eta pilotazaleen ordezkariek osatutako parte-hartzeko organoa, Iruñea Pilotaren Munduko Hiriburu bihurtzea helburu duena. Joseba Asiron alkatea buru dela Mahai horretako kide dira Rebeca Esnaola eta Ana Ollo ere, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria eta Memoria eta Bizikidetza kontseilaria, hurrenez hurren.
Guztira hamaika kidek osatzen dute organo berri hori. Horrela, aipatutako hiru kide horiei honako hauek gehitu behar zaizkie: Udalaren aldetik, Borja Izaguirre Hiri Bizigarriko eta Jasangarriko eta Etxebizitzako zinegotzia; Maider Beloki Kulturako, Jaietako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzia; eta Koldo Martínez Sustapen Ekonomikoko, Berrikuntzako, Europar Proiekzioko, Garapenerako Lankidetzako eta Gazteriako zinegotzia. Pilota federazioak eta pilotazaleen mundua ere ordezkatuta daude, Javier Conde Nafarroako Euskal Pilota Federazioko presidentearen, Javier Trigo Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko lehendakariordearen, Xabier Martínez Álava eta Fernando Larumbe, Napike – Nafarroako Euskal Pilota Kultur Elkarteko lehendakari eta lehendakariordearen eta Maite Ruiz de Larramendi Ados Pilota emakumeen pilota profesinaleko lehen klubeko lehendakariaren bidez.
Iruñea Pilotaren Munduko Hiriburu bihurtzeko proiektua hiriko tradizio pilotazalean oinarritu da; izan ere, 1904an bertan sortu zen erremonteko modalitatea. Hala ere, proiektu honek Udalaren esparrua gainditzen du eta fokua Iruñean ez ezik, Nafarroan ere jarri nahi du, pilotaren sorlekua den aldetik. Hori horrela, ekimen honetan funtsezko zeregina du Nafarroako Gobernuak, hasieratik adierazi baitio babesa proiektuari.
Ekimenak pilota proiektatu nahi du –XII. menderako dagoeneko dokumentatuta zegoen pilotaren jatorria–, eta pilota babestu eta bultzatu nahi du pilota praktikatzea eta gozatzea sustatuko duten ekintzen bidez. Hala ere, Iruña Pilotaren Munduko Hiriburua kirol-ekimen bat baino gehiago da, eta turismo- eta kultur-proposamen ere izan nahi du, jasangarritasunean, errotzean eta berrikuntzan oinarrituta, tradiziotik abiatuta betiere, Iruñeko 2030 Hiri Agendaren Estrategian jasota baitaude printzipio horiek.
Proiektu nagusiak
Hiriburutza hori lortzeko Pilotaren Mahaia inplikatutako eragile guztien arteko adostasunak bilatzen ahaleginduko da, proiektu bideragarri bati bide emanen dion lankidetza baten bidez. Hasteko, Europako finantzaketa duten ekimenak jorratzen hasiko da, esaterako Euskal Pilotaren I. Nazioarteko Kongresua, begirada 2026. Urtean jarrita. Beste proiektu bat Munduko Pilota Etxea sortzeko ideia-lehiaketa bat bultzatzea da, kirol horri buruzko interpretazio-, prestakuntza- eta ikerketa-zentro eta museo gisa, hiria nazioarteko erreferente bihurtzea izanik xedea.
Gainera, Mahaiak beste alderdi batzuk ere landuko ditu, hala nola pilotarekin lotutako ondarea hobetzea, kontserbatzea eta berreskuratzea, hasi funts dokumental bat sortzetik eta gaiari buruzko doktorego-tesiak bultzatzeraino, artean pilotaleku publikoen nahiz pribatuen kontserbazioa zainduz, 80 baino gehiago Iruñean bakarrik. Azpiegitura horien artean funtsezko eginkizuna du Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekuak, lehiaketa garrantzitsuak egiteko balio duen Nafarroako frontoi luze bakarra delako. Berez, pilotaleku horren birgaitzeari ekiteko finantzaketa lortuta dago.
Zifrek (2.540 federazio-lizentzia baino gehiago, 1.110 oinarrizko lizentzia, 35 klub federatu eta 250 emakume pilotari Nafarroan) Udalak Pilotaren Munduko Hiriburu izatea lortzeko egin duen apustua erakusten dute.