Epaimahaiak Euskal Pilotaren Interpretazio Zentrorako hautatutako bost proiektuek erabilera anitzeko eraikinen aldeko apustua egiten dute, bolumen bat edo gehiagorekin, baita zati bat lurpean dutela ere, gehienak pilotalekuen forma, dimentsio edo tradizioetan inspiratuta. Bost proiektuek ia energia-kontsumorik gabeko eraikinak proposatzen dituzte, energia berdeak erabiltzeko hainbat aukera kontuan hartuta, topaleku eta/edo jardueretarako gune gisa plaza zabal bat sortzea eta zentroa egonen den lekua, Zezen-plazaren atzealdeko Hemingway pasealekuak, Aralar kaleak eta Juan Moya Bernedo pasealekuak zedarritutako gunea hain zuzen ere, oinezkoendako bihurtzea.
Iruñeko Udalak Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa diseinatzeko ideia-lehiaketa baterako deialdia egin zuen joan den irailean. Ekimen hori ‘Iruña: Pilotaren Munduko Hiriburua’ proiektuaren ekintzen barruan dago, 2030 Hiri Agendaren esparruan. Aurkeztutako 37 proposamenen artetik bost onenak hautatu ditu epaimahai teknikoak, irizpide arkitektonikoetan, inguruan nola txertatzen den, ingurumen-kalitatean, jarduera-programan eta eraikuntza-kalitatean oinarrituta, eta abenduan eta urtarrilean herritarren ekarpenak jasotzeko partaidetza-prozesu bat eginen da.
Hauek dira hautatutako proposamenak: ‘Pareten Mintzoa’, O Arquitectura SLPrena; ‘Plaza eta horma’, Pereda Pérez Arquitectos SCP, Íñigo Beguiristain Repáraz eta Jokin Lecumberri Larrearena; ‘Hangar’, Moest Soc. Microcooperativa Profesional eta Tadeo Ruiz Tabernarena; ‘Entremuros’ OM Arq SLP sozietatearena, eta ‘Trinketeka’ Jesús Leache Resano eta Fernando Tabuenca Gonzálezena.
Iruñeko alkate Joseba Asiron Saezek, Hiri Bizigarri eta Jasangarriko alorreko zinegotzi ordezkari Borja Izaguirre Larrañagak eta Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako alorreko zinegotzi ordezkari Mikel Armendáriz Barnecheak hautatutako proposamenen xehetasunak aurkeztu dituzte. Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroak erakusketa-gunea eta ikerketarako, prestakuntzarako eta jarduerak garatzeko guneak izanen ditu, eta aukera emanen du pilotaren nazioarteko federazioaren egoitza eta Nafarroakoa ere bertan ezartzeko.
Hautatutako bost proposamenek 20.000 euroko sari ekonomikoa jasoko dute, eta, prozesu parte-hartzailearen ondoren, aukera izanen dute proiektua idazteko kontratua lortu eta, hala badagokio, obra-zuzendaritzaz arduratzeko. Bost proposamen horiekin batera, bost akzesit eman dira, 5.000 eurokoak, honako proiektu hauendako: Galar – Velaz – Gil SLPren ‘Biedro’; Koldo Fernández Gaztelu eta Ekain Jiménez Valenciaren ‘Laxoa7980’; Studio M41 SLUren ‘Locus’; Baile Menduiña SLPren ‘Lur Bizia’, eta Vaillo-Irigaray eta SLPren ‘Conektor’.
Pareten Mintzoa
‘Pareten Mintzoa’ proiektuak ‘bi pareta’ edo beso dituen eraikin bat proposatzen du, sinbolikoki pilota-jokoen hormak gogora ekarriz. L formako bi pareta edo fatxada horiek plaza publiko bat biltzen dute. Plaza hori frontoi bat da aldi berean, eta Labrit eta Jito Alai pilotalekuekin hartu-emanean dago, bisualki, eskultorikoki, eta kirolari eta hiriari dagokienez.
Interpretazio- eta ikerketa-zentroa sestra azpiko solairuan kokatzeko erabakiak aukera ematen du frontoi hori lurzatian eragin txikia duen elementu lirain baten gisan sortzeko, eta lurzatiaren zorupean dauden gotorlekuak azaleratzeko, elementu arkeologiko gisa eta proiektuan duten garrantzia nabarmenduz. Sestra azpiko solairu hori, beraz, artxibo bihurtuko da, pilotaren historiaren eta Iruñeko historiaren artxibo bat, hiriko kulturari eta iraganari balioa emanen dion aztarnategi arkeologiko bat, finean.
Ikerketa- eta erakusketa-erabilerak sotoko solairuan leudeke, eta erakusketa-elementuak hartzeko aukera ematen duen arrapala batetik izanen luke sarbidea. Sestra gaineko solairuetan egonen lirateke, berriz, sarbideak, administrazioa eta Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioa, azken hori lehen solairuan, eta argiztapen eta bista handiak izanen lituzke. Nafarroako federazioak, berriz, Labriten jarraituko luke.
Proposamenaren arabera, aurrez aurre leudekeen bi sarbide izanen lituzke: bata Aralar kaletik, eta urbanizazioa ordeztu eta zuhaitz berriak landatuko lirateke hor, eta bestea eraikinaren berdegune eta frontoitik. Frontoiko espazio sinboliko hori da proiektuko espaziorik garrantzitsuenetako bat: interpretazio- eta ikerketa-zentroari banku korrituaren eta hormigoizko habe bikoitzen artean kokatutako argi-zuloen bidez argia emateko moduan diseinatu dute, eta argi horiek, kantxaren eremua zedarritzen duten lerroen kutsua hartuz azaleratzen dira berdean.
'Pareten Mintzoa' proposamena Patxi Burillo Nuin talde-zuzendariak egin du, Ignacio Ruiz de Erenchun eta Javier B. Sáez Gastearena arkitektoekin, Emilio M. Linzoain Pinillos arkitekto teknikoarekin eta Alessandro de Obesso Sánchez industria-ingeniariarekin batera.
Plaza eta horma
‘Plaza eta horma’ proiektuak eraikin moldakor bat sortzen du, eta kanpoko formetan ere frontoi berri bat sortzen du, plaza handi batean, zeina elkartzeko eta pilotan aritzeko erabiliko litzatekeen. Plaza horrek kirolaren jatorriko espontaneotasuna ekarri nahi du gogora, etxeek edo elizek frontis inprobisatuak eskaintzen zituztenekoa. Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroaren eraikinak Aralar kaleko eta Hemingway pasealekuko hiri-bilbearen lerrokadura errespetatzen du, eta izkina osatzeko zeihartasun sotila baliatzen du altxaera Juan Moya Bernedo kalerantz beheratuta.
Eraikinaren bolumetria barneko antolaketaren eta hierarkiaren adierazle da. Hormarte uniforme osoa Aralar kalearen lerrokadurari egokitzen zaio, eta federazioek eskatutako esparruak beheko solairuan kokatzen ditu, eta ikerketa-zentroa lehen solairuan. Gorputz horretatik T itxurako gehigarri ortogonal bat ateratzen da, pasabidearen helmugara hurbiltzen dena, sarrera, komunak eta komunikazio bertikalak ebazteko. T horren alde batek frontoia besarkatzen du, eta besteak Interpretazio Zentroa, zeinetara atartetik sartzen den zuzenean.
Federazioen solairuko sekzioa uniformea da, eta administrazio-erabileren ohiko beharretara egokitzen da. Ikerketa-zentroak eraikinaren gailurreko solairua hartzen du, eta, horri esker, haren sekzioa manipulatzeko aukera ematen du, altuera desberdineko espazioen sekuentzia dinamiko eta erakargarria sortzeko, beharren arabera. Horrek bide ematen du eraikina frontoien profil mailakatu bereizgarriarekin errematatzeko. Azkenik, erakusketa-aretoa altuera desberdinetako eta argiztapen-aukera desberdinetako espazio zabal gisa egituratzen da.
Eraikinaren kanpoaldean saretak erabili dira frontoia eratzen ez duten fatxada guztien akabera gisa. Konponbide hori oso moldakorra da malgutasunari begira, eta esker onekoa pribatutasunaren eta eguzki-babesaren arazoa ebazteko. Inguruaren urbanizazioak jarraipena ematen die barruti harresituaren ondoan dauden berdeguneei, horietako zenbait konfiguratzeko proposamena egiten du, eta Atxilotze Zentroen Oroimenerako Zentroarekiko errespetua erakusten du. Lorategi bertikal bat proposatzen du zezen-plazaren atzeko horma duin bihurtzeko.
‘Plaza eta horma’ proposamena Íñigo Beguiristáin Repáraz talde-zuzendariak egin du, Pereda Pérez SCP arkitektoekin, Jokin Lecumberri Larrea arkitektoarekin, Juan Ignacio Iriarte Baigorri arkitekto teknikoarekin eta César Sesma Vitrián industria-ingeniariarekin batera.
Hangar
‘Hangar’ proposamenak ihes egiten die ‘L’ formari eta kanpoko bi paretei, eta edukiontzi handi baten gisan diseinatzen du, hainbat erabileratarako hangar gisa, Euskal Pilotaren Interpretazio Zentroa bertan jartzeko. 60 metroko bolumen bat da, estetika soila eta geometria eta lerro sinpleak dituena. Aralar kalearekin lerrokatuta dago, Zezen Plazaren atzeko fatxada zedarritu eta osatzen du eta espazio perimetrala aske uzten du, San Bartolome bastioi aldera plaza ireki bat sortuz eta Labrit eta Jito Alai pilotalekuekiko eta Bigarren Zabalgunearekiko lotura sendotuz.
Barrualdean, lehen solairuan, erdiko pieza bat, eraikinaren inguratzailetik aske eta hangarrean jarritako eskultura-elementu gisa pentsatua, bisitatzeko eta ibiltzeko espazio bihurtzen da. Pieza horretan egonen dira zentro berriko erakusketa-eduki gehienak. Bertara iristeko, arrapala irisgarriak erabiliko dira. Arrapala horiek pilotaleku interaktiboa bisitatzera gonbidatzen dute, pilotaleku baten modulazioari jarraituz ibilbide bat egiteko bidaia etnografiko bat proiektatuko duen pilotalekuaren tradizioan eta kulturan barrena.
Pilotaleku interaktibo hori, frontisaren atzean, Labrit eta Jito Alai guneetarantz ikuspegi pribilegiatuak dituen begiratoki batera irekiko da, eta bi barruti horien historia kontatuko da hor. Lehenengo solairuan, eskultura-piezaren azpian eta eraikinerako sarbideetatik hurbil, libre uzten du ikerketa-gelak –esaterako mediateka– hartuko dituen espazioa. Espazio horrek luzetarako forma du, kontzentraziora gonbidatzeko. Beheko solairu horretan egonen dira, halaber, administrazio-eremua, komunikazio-guneak eta komunak.
Eraikina, baita plazako esku-hartzea ere, eskuz aritzeko pilotalekuko distantzien arabera modulatzen dira, lamak 3,5 metrotik behin jarrita, eskortzo-ikuspegia ezkutatzeko eta zeharka begiratuz gero gardentasun handia erakusteko. Inguruaren urbanizazioa Hemingway pasealekuan barrena joanen litzatekeen pasealeku zuzen baten gisa proposatzen du. Bertan hormigoizko hamahiru estela jarriko dira, esku huskako pilotari txapeldun nafar bakoitzeko bana, zuhaitzez osatutako gerriko berde batean.
‘Hangar’ proposamena Borja Lorenzana Morenok egin du, taldeko zuzendari gisa, Miguel Pérez Estarriaga eta Tadeo Ciaurriz Taberna arkitektoekin eta Ignacio Martínez Benito arkitekto teknikoarekin batera.
Entremuros
"Entremuros" da proposamen guztietan gehien urruntzen dena pilotaleku baten formetan oinarritutako zentro batetik. Eraikinak hiru pieza izanen lituzke. Pieza horien artean bada espazio dinamiko eta erakargarri bat, bi mailatakoa, sarrerako atari eta topagune izanen litzatekeena. Badira garrantzi handiagoko bi pieza, zeinetan erakusketa-aretoak eta ikerketa-eremuak izanen bailirateke. Pieza horiek gertu izanen lituzkete hiri-terrazaren muga, eta lotura izanen lukete paisaiarekin eta inguruko gotorlekuekin.
Pieza bat, gotorleku formakoa, mugertzan lukeen pasealekura begira egonen litzateke, eta bateratuta egonen litzateke harresiekin, bisualki eta formalki. Ikerketa-mediateka bat izanen luke beheko solairuan, eta erakusketetarako gune bat lehen solairuan. Bada beste bolumen bat, hirugarrena, zedarrituagoa eta hirikoagoa. Bolumen horrek lotura izanen luke hiriarekin, eta hor kokatuko lirateke administrazio-programa eta Nafarroako eta nazioarteko pilota federazioen egoitzak. Sarrera erdialdean legoke, erosoa izan dadin eraikinera sartzea Bigarren Zabalgunetik eta Alde Zaharretik.
Eraikina halako moduz dago diseinaturik non aukera ematen baitu, beharrezkoa izanen balitz, elkarri trabarik gabe funtziona dezaten eremu administratiboak eta erakusketetarako eta dibulgaziorako eremuak; hori guztia sarrerako kontrol bakar batez. Orubean aztarna arkeologikoak azal litezkeenez, soto kontrolatu bat egitea proposatzen da. Horregatik, areto zehatz bat prestatzeko aukera aurreikusten da, aurki litezkeen aztarna arkeologikoak bisitatzeko eta ezagutzeko.
Gunea berrurbanizatzeari dagokionez, proposatzen da zezen plazaren perimetroa oinezkoendako bihurtzea, eta zoladurak eta hiri-instalazioak berritzea. Horren helburua da eremua duintzea; izan ere, eremu hori oinezkoendako pasealeku bat da berez, baina, atzeko kale edo irteerarik gabeko zoko bihurtu denez, ezin izan du funtzio hori bete denbora luzean. Proposatzen da zezen plazaren atzeko aldeko hormak landareztatzea, edo harresi berde bat landatzea kalearen lehen zatian, eraikin berriarekin bat egin dezan.
“Entremuros” proposamena Óscar Mongay Jiménez talde-zuzendariak prestatu du, honako hauen laguntzaz: María Teresa Mariezcurrena arkitektoa, Magdalena Bengoechea Felipe arkitekto teknikoa eta Gorka Larrión Sagasti industria-ingeniari teknikoa.
Trinketeka
“Trinketeka” proiektuak pabilioi bat egitea proposatzen du Aralar kalearen lerrokadurarekin bat. Pabilioi hori hormigoizko horma batez iltzatuko litzateke lurrera. Horma horrek eraikin-multzoa inguratuko luke, eta kanpoko aldean harriz estalita egonen litzateke. Harrizko oinarri horretan altxatuko litzateke eremu nagusiaren egitura, egurrezko zutabeak eta habeak izanen lituzkeena. Eraikina lurrean sartuta egonen litzateke, horrela, barnealdea oso eremu handia bada ere, kanpotik ez litzateke oso handi ikusiko.
Bolumen nagusiak bi isuriko estalkia izanen luke, garai bateko pilotaleku estalien eta trinketen antzera. Bada bigarren mailako bolumen bat ere: hor administrazio-zerbitzuak egonen lirateke. Bolumen hori bestearekiko perpendikular legoke, iparraldean; eraikinaren harrizko oinean sartuta egonen litzateke, eta plaza bat izanen luke sarreran. Topagune lanak eginen lituzke eremu horrek, eta hor egiten ahalko lirateke, atari zabalean, zenbait jarduera osagarri. Zuhaitz berri eta berezi bat landatuko litzateke, patioaren ezaugarri bereizgarri litzatekeena.
Arrieta kalea aldera, teilatupeko kristalezko pareta, hegoaldera begira dagoena, begiratoki erraldoi bat izanen litzateke, argiztatua; hortik, barnealdea ikus daiteke, eta atentzioa emanen lieke Zabalgunetik inguru horretara iristen direnei. Sarbidea ekialdean izanen luke, Labriteko zaldainaren aurrean eta Harresien Interpretazio Zentroaren egoitza den San Bartolome gotorlekuaren parean; horrela, bada, kulturgune hori indartuko litzateke. Aralar kalearen tarte bat oinezkoendako bihurtzea proposatu da: zehazki, zezen plazaren eta Pilotaren Interpretazio Zentroaren artekoa. Proposatzen da, era berean, eremua plaza bihurtzea, eta Hemingway-ren estatua hara eramatea.
Eraikinak baditu sotoa, beheko solairua eta solairuartea. Ikerketa-zentroa eta mediateka solairuartean leudeke. Solairuarte horretara iristeko, eskailera eskultoriko eta zirkular bat legoke, baita igogailu bat ere. Solairu librea hainbat modutara egituratu liteke. Beheko solairuan egonen lirateke harrera-lekua, erakusketetarako eremua edo denda, eta Nafarroako eta nazioarteko pilota federazioetarako gunea. Sotoan artxiboak eta instalazio batzuk egonen lirateke, eta horra joateko eskailera bat egonen litzateke, euste-hormaren ondoan. Proiektuan proposatu da Nafarroako Pilota Federazioak Labrit pilotalekuan libre utziko dituen guneak prestakuntza-zentro gisa erabil litezkeela.
“Trinketeka” proposamena Jesús Leache Resano talde-zuzendariak prestatu du, Fernando Tabuenca González arkitektoaren laguntzaz. Horiez gain, honako hauek ere aritu dira elkarlanean proposamena garatzeko orduan: Ismael Sainz Goñi arkitektoa, José Javier Urdaci Uceda arkitekto teknikoa eta Pablo Mendivil Pérez de Ciriza industria-ingeniaria, MyA Ingeniería Proyectos sozietatea ordezkatuz.
Parte hartzeko prozesua abenduan eta urtarrilean
Epaimahaiak hautatutako bost diseinuak ezagututa, abenduaren erdialdean jardunaldi bat izanen da herritarrei bost proposamenak aurkezteko, jendeak ekarpenak eta iradokizunak egin ditzan. Irabazle suertatu diren proposamenen erakusketa eginen da, eta parte hartzeko lantegi batzuk eginen dira proposamen horiek banan-banan aztertzeko; halaxe egin baitzen ideia-lehiaketen harira egindako beste prozesu parte-hartzaile batzuetan, Sanduzelai eraldatzekoan, esaterako.
Parte hartzeko prozesu horrekin batera, proposamenak Pilotaren Mahai Teknikoari aurkeztuko zaizkio, hura baita elkarlanerako organismo egonkorra, eta harekin lanean aritu baikara proiektuaren hasieratik. Azkenik, prozesuan sartu nahi dira kirolaren, kultura-kudeaketaren, arkitekturaren eta turismoaren arloko ezagutzak dituzten eragileak, proiektuak haien ikuspegiekin aberasteko. Horrela, hautatutako bost proposamenak idatzi dituzten taldeek aukera izanen dute, ekarpen horiekin guztiekin, diseinuak aberasteko eta egokitzeko.
Behar diren egokitzapenak egin ondoren, epaimahai tekniko batek balioetsiko ditu berriz ere proposamen horiek. Une horretatik aurrera, proiektu irabazlea idatzi duen taldeak hiru hilabete izanen ditu behin betiko proiektua idazteko. Ondoren, obrak lizitatzeko eta esleitzeko prozesua hasiko da, eta epeak betetzen baldin badira, 2025aren amaieran edo 2026aren hasieran hasi ahal izanen dira.