Txantreako hego-ekialdea dagoeneko berrurbanizatuta dago, eta bertako hornikuntza- eta saneamendu-sareak ere berrituta daude dagoeneko. Obren laugarren faseak 14 hilabete iraun ditu, 2024ko azarotik aurrera, eta Artaxoa, Etxarri Aranatz, Ezkaba eta San Kristobal kaleek mugatutako koadranteari eragin dio, bai eta Erlojuaren eta Euskararen plazei ere. Dagoeneko amaituta dago fase hori, eta soilik azken ukitu txiki batzuk falta dira, hala nola zuhaitzak eta zuhaixkak landatzea, eguraldi txarra dela eta orain arte ezin izan baitira egin. Hirigintza Gerentziak eta Batzordeak gaur goizean bisitatu dute eremua.
Honako hauek izan dira egindako lanak: Artaxoa, Kaseda, Cintruénigo, Etxalar, Etxarri Aranatz, Ezkaba eta San Kristobal kaleetako, Esprontzeda zeharkaleko, eta Erlojuaren eta Euskararen plazetako sareak eta zoladura guztiz berritzea; maila bereko oinezkoen pasabideak sortuz etxe-multzoetako bidegurutzeak berriz antolatzea; berdegune berriak sortzea; hiri-altzariak ordeztea eta argiteria berria instalatzea. Beste biribilgune bat sortu da San Kristobal, Magdalena eta Etxarri Aranatz kaleen elkargunean zirkulazioaren jarioa hobetzeko eta, gainera, Erlojuaren eta Euskararen plazak berrurbanizatu dira, bi gune horien diseinua nolabait homogeneizatzeko. Proiektua idazteko prozesuan, auzotarren iritziak eta iradokizunak kontuan hartu ziren, besteak beste, obren eraginpeko koadranteko zirkulazioari eta Euskararen plazaren diseinuari zegokienez.
7.459.819,40 euroko aurrekontua izan du Txantrean berrurbanizazio-lanak egin eta sareak berritzeko laugarren faseak. Iruñeko Udalak 5,85 milioi jarri ditu hainbat eremu berrurbanizatzeko; Iruñerriko Mankomunitateak, berriz, 1,65 milioi, hornidura- eta saneamendu-sareak berritzeko lanetarako. Proiektuak Nafarroako Gobernuaren finantzaketa jaso du, zehazki, 1,6 milioi euro; 2023-2025eko Tokiko Azpiegitura Planaren kontura finantzatu da egitasmoa, Udalak lanei egiten dien ekarpenari dagokionez. Lanak Construcciones Mariezcurrena SL eta Excavaciones Osés SL enpresek eratutako ABBEak egin ditu.
Oinezkoendako eta bizilagunendako lehentasunezko eremua
Berrurbanizatutako kaleak oinezkoendako lehentasunezko eremu bihurtu dira, auzokideek bertan aparkatzeko aukera baitute. Kale guztiek plataforma bakarra dute orain: zintarriek ez dute irtengunerik, eta, horri esker, guztiz irisgarriak dira. Era berean, bizilagunen eskaerei kasu eginez, ez da baimenduko ibilgailuen zirkulazioa kaleetako alde batetik bestera, Esprontzeda zeharkalea baliatuz zirkuitu begiztatuak sortu baitira. Neurri horren bidez, kale horiek igarotze-zirkulaziorako erabiltzea saihestu nahi da, orain arte San Kristobal kaletik Ezkaba kalera zuzen joateko besterik ez baitzuten erabiltzen. Lanak amaitu ondoren, gunea auzotarren joan-etorrietarako erabiltzea da xedea.
Artaxoa, Kaseda, Cintruénigo, Etxalar, Etxarri Aranatz kaleen eta Esprontzeda zeharkalearen sekzioak berdimentsionatu dira, 3,20 metroko zabalerako zirkulazio-erreia eta 2,20 metroko aparkatzeko eremua izateko. Esprontzeda zeharkalean, ilaran aparkatzeko plazak aldez aldatu dira, eta bidegurutzeak angelu zuzenean jarri dira, kontuan hartuta gehien bat auzotarrek zirkulatuko dutela bertatik.
Biribilgune berriari esker semaforodun bidegurutzea kendu da
Obren jarduketa-eremuaren ekialdean, San Kristobal, Etxarri Aranatz eta Magdalena kaleen elkarguneko biribilgune berria eta Erlojuaren eta Euskararen plazak daude, eta horiek ere eraldatu egin dira. Biribilgune berriari esker orain arte zegoen semaforodun bidegurutzea kendu dute. Hala, ibilgailuen zirkulazioa erraztu, puntu horretan sortzen ziren pilaketak murriztu eta oinezkoendako ibilbide iragazkorragoak sortzen dira.
Biribilguneak 10,75 metroko erradioa dauka, galtzada 5,75 metrokoa da, eta bidegurutze guztietan oinezkoendako maila bereko pasabideak daude. Biribilgunearen kanpoaldeko perimetroak lorategiz hornitu dira alderik zabalenetan, Erlojuaren plazarekin eta Euskararen plazarekin lotu eta jarraipena emateko. San Kristobal kaletik Mendigorria kalerako zatian, aintzat hartuta auzoko merkataritza-gune garrantzitsua dela, etxebizitzen aldeko espaloiak zabaldu dira, eta zuhaitz-lerrokadura dute orain.
Erlojuaren eta Euskararen plazak berritu dira
Erlojuaren plazan, CAN fundazioaren sukurtsal zaharra kendu dute: urte asko zeramatzan erabili gabe, eta segurtasun- eta osasungarritasun-arazoak sortzen zituen. Sortu den espazio horri esker, plazaren azalera handitu egin da. Halaber, berdegune berriak eta egonlekuak sortu dira, forma biribilaz, ondoan dagoen Euskararen plazako guneen imitazio gisa. Gainera, garbiketa automatikoko komun bat jarri da, edonork erabili dezan.
Hain zuzen ere, hasierako proposamenarekin alderatuta, Euskararen plazaren diseinua aldatu egin da. Hasiera batean plataforma bakarreko plaza bat izan behar zuen, desnibelik ez egoteko xedez, baina, azkenean, jatorrizko diseinuaren zati bat bere horretan utziz urbanizatu da eremua. Izan ere, 2024ko Txantreako Auzo-foroan, alorrean lan egiten duten hainbat elkartek desnibelak ez kentzeko eskatu zioten Udalari. Horiek horrela, plazaren irisgarritasuna hobetu da, baina erdi hondoratutako gainazalaren zati handi bati eutsi zaio. Bestalde, egindako lanei esker, berdeguneak eta zuhaitzak nabarmendu dira, baita hiri-altzariak berritu ere, aurretik zeuden zirkulu formako eserlekuak baliatuta.
Hamabost urte baino gehiago jarduketak egiten
Txantrea 50eko hamarkadan eraiki zen, baina mende erdiko denbora-tartean esku-hartze gutxi egin ziren, eta ez ziren berritu hornidura- eta saneamendu-sareak. Gaur goizean, Txantreako sareak berritu eta auzoa berrurbanizatzeko lanen laugarren fasea bisitatu dute. Duela hamabost urte baino gehiagotik, esku-hartzeak egiten hasi ziren, ondoz ondoko fasetan, San Kristobal eta Magdalena kaleen hego-ekialdean dauden kale guztietan.
2009an, auzoa berrurbanizatzeko proiektuaren lehen fasea egin zen, kale hauetan: Urrutia kalea, Obieta kalea, Aieka kalea, Aguilar kalea, Oibar kalea, Arguedas kalea eta Esprontzeda zeharkalea, Urrutia eta Arguedas kaleen artean; Enplegurako Toki Inbertsioaren Funtsaren kargura egin dira lanak. 2011ko lehen seihilekoan, esku-hartzea auzoko beste eremu batean egin zen, hain zuzen ere, Irunberri, Larrasoaña, Lakuntza, Miranda-Arga, Uharte-Arakil, Goizueta eta Milagro kaleetan; Gares plaza ere bigarren faseko lanen parte da. Jarduketa horien guztien osagarri moduan, gehienetan, lan hauek egin dira: ur-hornidurako, euri-uretarako eta saneamendurako sareak berritzea eta argiteria publikoa ordeztea.
2018ko maiatzean, berrurbanizazioa gauzatzeko proiektua idatzi zen, Milagro, San Kristobal, Doneztebe, Lesaka, Elo, Mendigorria, Ezkaba eta Etxarri Aranatz kaleetan lanak egin eta auzoan esku-hartze guztiak osatzen joateko. 2020an, Nafarroako Gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planaren babesean, gauzatu ezin izan ez zen proiektu horren separata idatzi zen; hala, auzoa berrurbanizatzeko lanen hirugarren fasearen barruan, soilik Etxarri Aranatz, Elo, Mendigorria eta San Kristobal kaleen arteko eremuan lanak egiteko, Doneztebe eta Lesaka barrualdeko kaleak barne. Espaloien eta galtzaden zoladura guztiz berritu zen, eta azpiegitura hidraulikoak eta argiteria publikoa berritu ziren.