
Iruñeko Udalak epea ireki du nahi duten pertsona edo talde guztiek ekarpenak eta iradokizunak bidal ditzaten Udalaren Haurren Mahaia aldatzeko prozesuaren barruan. Datorren irailaren 11ra arte irekita egonen da aurretiazko kontsulta-aldi hori, xede duena kontseilu berriaren sorrerak eragiten ahal dien herritarren eta ordezkaritza-erakundeen iritzia jasotzea.
Diseinu horretan parte hartzeko, mezu elektroniko bat bidali behar da infanto_juvenil@pamplona.es helbidera, proposatzen den gaia edo iradokizuna eta ekarpena aurkezten duen pertsonaren edo erakundearen identifikazio-datuak adierazita. Haurren Mahaia 2010ean sortu zen, eta Iruñeko Udalaren partaidetza-organoa da, haurren babesaren, parte-hartzearen, sustapenaren eta arretaren arloan beharrezkotzat jotzen diren gai guztietarako.
Mahaiaren helburu nagusien artean daude “Iruñeko haurren eta haien elkarteen informazioa, balorazioa eta proposamenak sustatzea, udal-politikak abiatutako jarduketei buruz” eta “sustatzea Nazio Batuen Batzar Orokorrak 1989ko azaroaren 20an Haurren Eskubideei buruz hartu zuen Hitzarmenean jasota dauden haurren eskubideen erabilera”.
Gainera, 2018. urtean, Haurren eta Nerabeen I. Plana onetsi ondoren, UNICEFek Haurtzaroaren Hiri Adiskide izendatu zuen Iruña lehen aldiz. Izendapen hori 2024ko martxoaren 12an berritu zen, eta indarrean izanen da 2027ko abenduaren 31ra arte. Aintzatespen horrek Haurtzaroaren Hiri Adiskideen sarean egotea dakar berekin, eta honako ikuspegi hau partekatzea: haur eta nerabe orok aukera izan behar du bere herrian eta komunitatean osotara garatzeko. Ildo horretan, funtsezkoa da toki-administrazioen eta -eragileen konpromisoa, zuzenean eragiten dieten politika publikoen gaiak landu ahal izateko partaidetza-mekanismoak eta -espazioak sortzeko.
Araudi aplikagarria
Azken urteotan, nabarmen garatu dira haurren eta parte hartzearen arloko arauak. 2022. urtean, 12/2022 Foru Legea onetsi zen, maiatzaren 11koa, Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak, eskubideak eta berdintasuna sustatzekoa. Lege horren 17. artikuluan, eskubide hauek aitortzen zaizkie adingabeei: gizartean parte hartzeko eta elkartegintzarako eskubidea, entzunak eta adituak izateko eskubidea, eta adierazpen askatasunerako eskubidea. Zehazki jasotzen du ezen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zabaldu eta kontuan hartuko duela “partaidetzarako tokiko kontseiluek edo egitura egonkorrek, haurrek eta nerabeek osatutakoek, adierazitako irizpidea, udal-esparruan kontsulta eta partaidetzarako eginkizunak badituzte”.
2019an, Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko martxoaren 22ko 12/2019 Foru Legeak haurrek eta nerabeek parte-hartzerako duten eskubideari heltzen dio 55. artikuluan, eta 56.4 artikuluan, berriz, adierazten da ezen "toki-administrazioek jarduketak garatuko dituztela haurren eta nerabeen parte-hartzea beren lurralde- eta eskumen-esparruan sartzeko; horretarako, toki-kontseiluak edo parte-hartze egitura egonkorrak sortu eta abian jarriko dituzte, haurrek eta nerabeek osatuak, haiengan zuzenean edo zeharka eragina duten toki-mailako gai guztietan kontsulta- eta partaidetza-eginkizunak izanen dituztenak, eta haien funtzionamendua aldeztuko dute".
Gainera, Haur eta Nerabeen I. eta II. udal planetan (2018-2022 eta 2023-2027, hurrenez hurren) ezarri zen haurrek eta gazteek parte hartzeko erakunde egonkor bat sortzea eta sustatzea. Azkenik, Iruñeko Udalaren Partaidetzarako Erregelamenduak, 2019ko azaroaren 14an onetsiak, Iruñeko herritarrek udal-bizitzan eta -kudeaketan parte hartzeko dituzten organoak arautzen ditu.
Arestian azaldutakoagatik, egokitzat jotzen da lehendik dagoen Haurren Mahaia berrikustea, osaerari, bitartekoei eta parte hartzeko prozedurei dagokienez araudi berrira egokitzeko, eta modu horretan haurren eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko. Horiek horrela, herritarrei oro har, eta haurrekin eta nerabeekin lan egiten duten elkarteei gonbidapena egiten zaie iradokizunak egin eta ideiak eman ditzaten.