Ostegun honetan, urtarrilak 2, ireki da epea Iruñeko Udalak herritarren partaidetzari buruz antolatu dituen prestakuntza-ikastaroetan behin-behinekoz izena emateko. Doaneko ikastaro hauek garapen pertsonalari eta taldeen zein erakundeen garapenari buruzkoak dira, eta urteko lehen hiruhilekoan eginen dira, urtarriletik martxora. Ikastaroak elkarteei, kolektiboei eta herritar aktiboei zuzenduta daude.
Adimen emozionaleko ikastaroak, arakatze kolektiboa edota elkarteetarako prestakuntza dira aurten programatutako berritasun nagusiak. Bi modutan egin daitezke behin-behineko izen-emateak: aurrez aurre, Zentro Elkarlaneko gunean, Kondestablearen Jauregian, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, edo http://participa.pamplona.es webgunean. Ikastaro bakoitzean behin-behinekoz izena emateko epea amaituta, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie onartuak izan diren ala ez. Orduantxe berretsi beharko dute izen-ematea. Argibide gehiago jasotzeko, interesdunek 948 420 266 telefonora dei dezakete.
Garapen pertsonala eta taldeen zein erakundeen garapena
Ikastaroen eskaintza bi bloketan banatzen da, garapen pertsonala edo taldeen zein erakundeen garapena jomuga hartzen duten. Lehenbiziko multzoan bost prestakuntza-saio aurreikusi dira, 5 eta 16 ordu bitarteko iraupenaz. Interesa dutenak zenbat gaitan trebatu daitezke, honako ikastaroetan: Adimen emozionaletik abiatuta harremanak eraikitzea, Autoezagutza, Konektatu zure balioekin, Amorrua: harrituko zaituen oparia, Mugak jartzen ikasi eta Coachinga hezitzaileentzat (euskaraz emanen da).
Zentro Elkarlaneko Guneak, bestalde, kolektiboen eta erakundeen jarduna kudeatu eta garatzeko prestakuntza ere eskaintzen du. Hartara, zortzi ikastaro programatu dituzte hiruhileko honetarako, gai ezberdinetakoak eta 3 eta 48 ordu bitarteko iraupena dutenak. Hona ikastaro-proposamena: Antzerki foroa: antzerkia gizartean esku hartzeko tresna gisa, Elkarrekin pentsatzen ikasten: taldean arakatzeko teknikak eta prozesura bideratutako foroa, Gatazkaren suaren inguruan eserita–Begirada bat prozesuen lanketatik, Garapen jasangarrirako helburuak eta irabazi-asmorik gabeko entitateak, Datuen babesa elkarteetarako–Betebehar nagusiak eta horiek betetzeko bideak, Elkarteen kudeaketa: zuzendaritza-batzordean karguak dituztenen zereginak eta ardurak, Jolasa gizartea eraldatzeko tresna gisa eta Kontabilitatea elkarteetarako.
Prestakuntza nahieran
Ikastaro eta lantegi hauetaz gain, Udalak prestakuntza-zerbitzu bat dauka, elkarteen beharrak asetzeko, besteak beste partaidetza, asoziazionismo eta herritartasun aktiboko gaietan. Kolektiboek beraiek esaten diote Udalari zein arlotan dituzten prestakuntza-gabeziak, haiek jorratzeko, eta Udalak, ahal duen neurrian, beharrei hobekien heltzeko prestakuntza-ekintzak antolatzen ditu.
Une hauetan, komunikazioari buruzko berariazko prestakuntza jorratzen ari dira, xede harturik kanpo zein barne komunikazioa garatzeko estrategiak ikastea eta sentsibilizazio-kanpainen munduan sakontzea, hartzaileengana eraginkortasun handiagoz heltze aldera. Parte hartu nahi duten elkarteek eta kolektiboek oraindik dute izena emateko aukera. Nahikoa dute mezu elektroniko bat igortzea formacion.participacion@pamplona.es helbidera.
Herritarren partaidetzako gainerako prestakuntza-eskaintzan bezala, libre eta doan da nahierako prestakuntza-ikastaro horietara bertaratzea. Nolanahi ere, berez eskatu duen kolektiboaren beharrak asetzera egoten da zuzenduta.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Epea ireki da Iruñeko Udalak herritarren partaidetzarako antolatu dituen doaneko hamalau prestakuntza-ikastaroetan behin-behinekoz izena emateko