Enrique Maya (Navarra Suma), Iruñeko alkatea

Enrique Maya (Navarra Suma), Iruñeko alkatea
Udal-hauteskundeetan hautetsiak izan ziren 27 zinegotziak gaur arratsaldean jabetu dira beren zinegotzi-aktez

Enrique Maya Miranda Iruñeko Udaleko alkate izendatu dute gaur arratsaldean. Navarra Suma maiatzaren 26ko udal-hauteskundeetan nagusitu zen alderdiaren eskutik iritsi da kargura, boto gehien bildu zituen zerrenda izan baitzen, 27 zinegotzietako 13rekin; izan ere, alkategaietako ezeinek ez du botoen gehiengoa lortu. Hori horrela, alkatetzara itzuliko da, lehendik ere –2011tik 2015erako agintaldian– izan zuen kargura, oposizioko zinegotzi gisa lau urte eman ondoren (2015etik 2019ra).

Enrique Mayak Navarra Sumako 13 zinegotzien botoak eskuratu ditu; Joseba Asironek, orain arteko alkate eta EH Bilduko zinegotziak, aldiz, Bilduko 7 zinegotzienak eta Geroa Baiko birenak. Maite Esporrin PSNko zerrendaburuak, berriz, alderdiko 5 zinegotzien botoak eskuratu ditu.

Demokrazia-garaiko Iruñeko hamaikagarren Udalbatza eratzeko Osoko Bilkuran, datorren lau urteetan iruindarren ordezkari izango diren lau talde politikoetako 27 zinegotziak karguaz jabetu dira. Hauek dira Navarra Suma taldeko 13 zinegotziak: Enrique Maya, María Echávarri, Ana Elizalde, Javier Labairu, María García Barberena, Carmen Alba, Fernando Sesma, María Caballero, Fernando Aranguren, Juan José Echeverría, Arturo Lecumberri, Cristina Martínez eta Fermín Alonso. EH Bilduren ordezkariak, legegintzaldi honetan, hauek izango dira:Joseba Asiron, Maider Beloki, Joxe Abaurrea, Marian Aldaia, Amaia Izco, Eva Aranguren eta Endika Alonso. PSNri dagokionez, zinegotzi-karguaz jabetu dira Maite Esporrín, Elma Saiz, Xabier Sagardoy, Juan Luis García eta Silvia Velasquez. Eta, azkenik, Geroa Bairen partetik, Itziar Gómez eta Patxi Leuza.

Udalbatza berria eratzeko ekitaldia 18:00etan hasi da, Harrera-aretotik Udalbatza-aretora egindako desfile formalarekin, Batasunaren Pribilegioaren garaiko (1423) tradizio bati jarraikiz, zeina joan den mendeko 80ko hamarkadan berreskuratu baitzen. Bilkura, non agintari eta gonbidatuak egon baitira, Adin Mahaiak zuzendu du; adin nagusieneko zinegotzi Silvia Velasquez Manriquek, zinegotzi gazteena den Xabier Sagardoy Ortegak eta Osoko Bilkurako idazkari Javier Horcadak osatu dute. 
Idazkariak kredentzialen adostasuna egiaztatu du, eta horren ostean, zinegotziek beren karguen zina edo promesa egin dute. Behin zinegotzi-aktaz jabeturik, Udalbatzako kideek alkate berria aukeratu dute, beren artean. Adin Mahaiko zinegotziek hautetsontzia eraman dute aretoko aulkitik aulkira, erloju-orratzen noranzkoan, zinegotzi bakoitzak botoa eman zezan. Zenbaketa egin ostean, Silvia Velasquezek Udalbatzari jakinarazi dio emaitza, Enrique Mayaren aldekoa.

Velasquesek alkate berriari eman dizkio udal-agintaritzako ikurrak: intsignia eta lepoko dominaduna jarri dizkio, eta hiriko aginte-makila eman dio. Behin tradizio hori beteta, Udalbatza-aretoan lekuak trukatu dituzte. Lehendakaritza-aulkitik, Enrique Mayak hitzaldia eman du, alkate gisa, eta ondoren, zinegotzi bakoitzari hiriko intsignia eman dio. Horrela eman zaio buru bilkurari, eta Udalbatza Udalbatza-aretotik atera da, berriro ere Harrera-aretora joateko, bertan baitzeuden, zain, gainerako gonbidatuak. 

Enrique Mayaren biografia
Enrique Maya Montevideon jaio zen (Uruguai), 1959ko apirilaren 7an, baina Iruñean bizi da 4 urte zituenetik. Arkitekturan lizentziaduna da; udal-arkitekto lanpostua lortu zuen Tafallako Udalean 1984an, eta 1989an antzeko zereginetan hasi zen Iruñeko Udaleko Etxebizitzak Birgaitzeko Udal Bulegoan. 1999an Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza Alorreko zuzendari kargua hartu zuen, eta 2003. urtetik aurrera kargu horrekin batera Hirigintza Gerentearen kargua ere hartu zuen.

2011an, Iruñeko Alkatetzarako Unión del Pueblo Navarro (UPN) taldeko zerrendaburu izendatu zuten, eta alkate-kargua lortu zuen, harena boto gehien bildu zituen zerrenda izan baitzen, 11 zinegotzirekin. 2015eko hauteskundeetan ezin izan zuen alkate-kargua berriro lortu, eta Iruñeko Udaleko udal-oposizioan nagusi aritu zen.

Sektore publikoan egindako ibilbideaz gain, Enrique Maya irakaskuntzaren esparruari lotuta egon da ikasketak amaitu zituenetik. 1984an Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako irakasle laguntzaile izendatu zuten, eta 1992tik, cum laude kalifikazioarekin doktoretza lortu ondoren, irakasle atxikia da.

¿Te ha sido útil esta página?