Enklaves zikloa Media Luna parkera helduko da abuztuan, eta lau kontzertu eskainiko ditu bertan

Enklaves zikloa Media Luna parkera helduko da abuztuan, eta lau kontzertu eskainiko ditu bertan
Hitzordua ostiraletan izanen da, 20:00etan, parkeko toki desberdinetan

3 HEAD

 

Musika hiriko toki nabarmenetara eramateko xedez Enklaves zikloak aurten Media Luna parkearen aldeko apustua egin du. Bertan, abuztuko ostiral bakoitzean hainbat musika-taldek bat eginen dute askotariko musika-proposamenekin, hala nola duba eta soula, popa, rocka eta indiea. Zikloa bihar hasiko da, abuztuaren 4an, 3Head taldearen eskutik. Haien ondoren, hurrengo ostiraletan, Lilo, Fyra eta Zinez taldeen txanda izanen da. 

Oraingoan, kontzertuak Media Luna parkeko hainbat tokitan eginen dira. Hala, musika entzuteko aukera izanen da suhiltzaileen parke zaharraren inguruan, Zezen-plazaren atzealdean; bai eta Media Lunako urmaelaren ondoan; Pablo Sarasateren eskulturaren ondoan eta San Bartolome gotorlekuaren kanpoaldean ere. Kasu guztietan hitzordua arratsaldeko zortzietan izanen da, eta sarrera librea izanen da leku guztiak bete arte.

3Head taldeak irekiko du zikloa dub epikoa, rap jamaikarra eta soul ahotsa uztartzen dituen musikarekin. Mundu mailan ezagunak diren musikari nafar eta britainiarrek osatuta, honako hauek dira taldekideak: Al Macaulay (bateria eta perkusioa), Iker ‘Beñaranks’ (ahotsa eta teklak), Mirian Uhalte (ahotsa eta teklak), German Ruiz-Alejos (baxua) eta David Burgui (gitarra). Talde horren kontzertua datorren ostiralean eginen da, 20:00etan, Media Lunako suhiltzaileen parke zaharrak utzitako orubean. 

Uztailaren 11n Lilo talde nafarraren txanda izanen da, eta parkera pop, rock eta indie estiloko musika eramanen du. Abestien letrak gehienbat euskaraz dira, eta askotariko gaiak jorratzen dituzte doinu intimista eta lasaiak erritmo dantzagarriagoekin uztartuz. Taldea María Mateok (ahotsa eta gitarra), Nekane Iberok (gitarra eta baxua), Pello Iturriak (bateria), Julen Hoyuelosek (gitarra) eta Oihane Gulina Velaskok (pianoa) osatzen dute. Abuztuaren 18an (ostirala), musika Media Luna parkera Fyraren eskutik iritsiko da, Homemade Hits estreinako albuma aurkeztuko baitu. Iñigo Vidaurre Iruñeko musikaria dago Fyraren atzean eta, besteak beste, neo soul, indie pop eta indie folk estiloak barne hartzen dituen ingelesezko musika independentea eskainiko du. 

Enklaves zikloaren aurtengo edizioa Zinez talde iruindarrak itxiko du, abuztuaren 25ean. Taldea Alaitz institutuan, bertan arte eszenikoetako batxilergoa ikasten zutenean, elkar ezagutu zuten sei ikaslek osatzen dute. Honako hauek dira: Ainara Gorostidi García (ahots nagusiak), June Txibite Salicio (gitarra elektrikoa eta ahots nagusiak), Aimar Jiménez Baquedano (teklatuak, sintetizatzaileak eta koruak), Haritz Arteaga Ros (baxua eta koruak), Ekaitz Larraia Rubio (gitarra elektrikoa) eta Asier Murugarren Sancho (bateria). Bere estiloan rocka nagusitzen da, baina estilo eta talde oso ezberdinen eragina nabari da beren abestietan.

Enklaves: hiru urteko ibilbidea
Enklaves zikloa 2021ean abiatu zen, Civivoxen musika-programazioaren barruan. Haren bidez tokiko, nazioko eta nazioarteko musika panoraman sortzen ari diren taldeak herritarrei hurbildu nahi zaizkie. Izan ere, toki desberdinetan egiteak formatu desberdinetako kontzertuak hiriko gune xarmagarrietan egitea ahalbidetzen du. 

Hori horrela, aurreko edizioetan Enklaves zikloa beste toki batzuetan egin da, hala nola Taconera parkean, Gaztelugibelen, Jito Alai pilotalekuan, Arrotxapeko San Pedro zubiaren inguruan, O-ko Andre Maria plazan, Mendilloriko aintziran, Zaldi Zuriaren zokoan, Trinitariosko parkean eta Yamaguchi parkean. 

ENKLAVES ZIKLOA
•    Tokia: Media Luna parkeko hainbat tokitan
•    Ordutegia: 20:00etan
•    Adin guztietarako
•    Sarrera librea
•    Programa:
o    Abuztuak 4, ostirala. ‘3Head’. Suhiltzaileen parke zaharraren ondoan.
o    Abuztuak 11, ostirala. ‘Lilo’. Pablo Sarasateren estatuaren ondoan.
o    Abuztuak 18, ostirala. ‘Fyra’. Erdiko urmaelaren ondoan.
o    Abuztuak 25, ostirala. ‘Zinez’. San Bartolome gotorlekuaren kanpoaldean.